Martxan da Iurramendi kalea berritu eta bidegorria egiteko lanen lizitazioa

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko martxoaren 6a

2025ean hutsik geratu zen proposamenak jasotzeko lehiaketa, eta berriro argitaratu dute deialdia. Besteak beste, SAM zubitik Iurreamendi egoitzako bidegurutzeraino bidegorria egingo dute, eta eremu horretan, Iurramendi kaleak norabide bakarra izango du.

Iurramendi kalea berritzeko lanen lizitazioa argitaratu du Tolosako Udalak. Duela bi urte eta erdi hasi zen proiektua lantzen, eta iaz argitaratu zuen obra egiteko kontratuaren lizitazioa, baina ez zen enpresarik aurkeztu, eta esleitu gabe geratu zen. Deialdian aldaketa batzuk egin eta gero, bigarren aldiz argitaratu da, eta 420.000 euro inguruko inbertsioa egingo du udalak.

Iurramendiko bizilagunen elkartearen eskaria izan da proiektu hau, helburu nagusi batekin: ibaiaren aldeko pasealekuan izaten diren segurtasun arazoak gutxitzea. Bizikleten joan-etorria handia da eguneko tarte askotan, batik bat ikastetxeko sarrera eta irteera orduetan. Ibaiertzetik doan pasealekua partekatu egin behar izaten dute oinezkoek eta txirrindulariek, eta arazoak sortzen dira sarritan. 

Hain zuzen, etxeetako sarrerak eta oinezkoak babesteko helburuarekin, loreontziak jarri zituen udalak 2024an alboetako batean. Hala ere, bizikleten fluxua aztertu eta gero, beste soluzio bat ematea hobetsi du, egoera hobetu bada ere, oraindik ere arriskuak sortzen direlako.

Badu bigarren helburu bat: Tolosako bidegorri sarearen bi adarrak –San Frantziskotik eta Araba etorbidetik doana, eta Paper kaletik Santa Klarara doana– batzea. Modu horretara, bizikletaren erabilera hobetu eta oinezkoen segurtasuna handitu nahi du udalak. 

Lan hau egitearekin batera, urbanizazio lanak ere egingo dituzte, Iurramendiko aldapako etxeen alboko espaloia hondatu samar dagoelako. Era berean, ibaiertzeko pasealekua berritzeko proiektua lantzen ari da Hirigintza Saila.

Norabide bakarra

Iurramendi kaleko aldapan ez ezik, SAM zubira arteko zatian ere aurreikusten dira jarduketak. Lan horiek egin ahal izateko, aldapako zirkulazio-erreietako bat kendu egingo da, goranzkoa. Ibilgailuen fluxua aztertu da proiektua egiterako orduan, eta ondorioztatu da handiagoa dela beherantz doazen ibilgailuen kopurua. Martin Jose Iraola kaleko aldapara doan bideak bermatuko du gorantz egiteko aukera. 

Erreia kenduta, aparkalekuak bertara mugituko dira, eta gaur egun autoak aparkatzen diren espazioan sortuko da bidegorria. Espazioa oso mugatua denez, ordea, bidegorriak goranzko norabidea bakarrik izango du. Jaisteko, bizikletek galtzada partekatuko dute gainerako ibilgailuekin. Paper kaleko biribilgunera iritsita, berriz, bidegorriko bi adarretara sarbidea egingo da.

Biribilgunetik SAM zubiaren arteko zatian bi norabideetan aurreikusten dira lanak. Norabide bakarreko bidegorri zatiak egingo dituzte alde bakoitzean, trafikoaren zentzu berean. Horretarako, errepidea estutu eta bertan dauden aparkalekuak berrantolatuko dituzte.

Martxoaren 23an amaituko da lizitaziora proposamenak aurkezteko epea, eta proposamenen azterketa teknikoaren ondoren, kontratua esleituko dute. Ondoren, enpresa esleipenduna bost hilabetez arituko da lanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!