Aldaba Zahar elkarteak jaso du Landaolako Urteetako Ibilbideari Saria

Ataria 2026ko martxoaren 6a

Aldaba Zahar Elkarteko ordezkaria saria jasotzen. Iturria: Landaola

Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen Landaola elkarteak IX. Landaola Sariak banatu ditu. Tolosako Aldabazar auzoko ustiategiari eman diote saria «nekazaritza eredu aurrerakoiaren eta konprometituaren adibidea delako».

Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egiteko asmoz sortutako Landaola Sariak banatu dituzte gaur. Landaola irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta Gipuzkoako sei landa garapen elkartek osatzen dute: Tolosaldeko Tolomendik, Behemendik, Deba-Garaiak, Debemenek, Goimenek eta Urkomek.

Aurtengo sarietako bat eskualdeko Aldaba Zahar ustiategia izan da. Zehazki, Urteetako Ibilbideari Saria eman diote. Ustiategia urte luzez Xabier Almandozek gidatu du, eta Landaolak esan du ez dela ekoizpen hutsera mugatu; izan ere, ustiategi txiki baten bideragarritasuna, tokiko elikadura katearen sendotzea eta gizartean nekazariaren lanari berriro ere balioa ematea uztartu ditu. «Horregatik, nekazaritza eredu aurrerakoiaren eta konprometituaren adibide argia izan da Tolosaldean».

Esan dute intentsifikazio-eredua nagusi zen garaian hasi zutela proiektua, eta eskala txikiko, gertuko eta lurraldearekiko lotutako planteamendua jarri zutela erdigunean. «Tokiko merkatuari eta harreman zuzenari lehentasuna ematea zen helburua, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko lotura zuzenak sendotuz. Ustiategiak, gainera, nekazaritza ekintza ekonomikoa ez ezik, ekintza soziala eta politikoa ere badela erakutsi du, ibilbidean zehar landa ingurunearen biziraupena, elikadura-burujabetza eta lurraren zaintza aldarrikatu baititu. Ikuspegi horiek eragin zuzena izan zuten inguruko ekoizleengan eta Tolosako kontsumo ereduaren inguruko eztabaidetan. Hori dela eta, gaur egun normalizatuagoak diren planteamendu askoren aitzindari isila izan da».

Proiektua kanpotik etorritako gazteen ekimen kolektiboaren emaitza dela ere nabarmendu du Landaolak. Hiritik landara egindako jauzi kontziente baten bidez, nekazaritza-eredu familiar tradizionalarekin hautsi eta nekazaritza eta ekologia balio zentral gisa zituen proiektua martxan jarri zuten, komuna moduan antolatuta eta sektorearekiko konpromiso argiarekin. Horregatik, Biolur elkarteko kide aktiboak izan dira, Manttangorri proiektuaren sustatzaileak eta, urte luzez, Tolomendi landa garapen elkarteko batzordearen parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!