Parkinsona dutenentzat errehabilitazio berezitua egingo dute Asuncion Klinikan

Ataria 2026ko martxoaren 6a

Asuncion Klinikako eta Aspargiko ordezkariak.

Aurrerantzean parkinsona duten herritarrek Tolosan eta Ordizian jaso ahalko dute zerbitzua, Donostiara joan beharrik gabe.

Asuncion Klinikak eta Aspargik Gipuzkoako Parkinson Pazienteen Elkarteak lankidetza-akordioa sinatu dute, «Tolosaldea eta Goierriko parkinsona duten pertsonen arreta eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin». Hain justu, hitzarmenari esker, Aspargiko bazkideek tratamendu espezifikoa jaso ahal izango dute Tolosan eta Ordizian, Donostiara joan beharrik gabe.

Hitzarmenak Aspargiko bazkideentzat fisioterapia espezializatuko zerbitzuak eskaintzea aurreikusten du Asuncion Klinikak Tolosan eta Ordizian dituen zentroetan, errehabilitazioa egin ahal izan dezaten. Horrela, orain arte tratamendua jasotzeko Donostiara joan behar zuten pazienteek aukera izango dute arreta hurbilagoa eta eskuragarriagoa jasotzeko.

Arreta-kalitate handiena bermatzeko, Aspargiko profesionalek prestakuntza espezifikoa eman diete Asuncion Klinikako fisioterapeutei, parkinsona duten pertsonen behar zehatzetara egokitutako errehabilitazioa eskaini ahal izateko. Patologia akutuei zuzendutako beste tratamendu batzuen aldean, ikuspegi honek jarraipen jarraitua du oinarri, gaixotasunaren ondorio degeneratiboak atzeratu eta arintzera, autonomia mantentzera eta bizi-kalitaterik onena sustatzera bideratua.

Arreta-arloaz gain, akordioak Asuncion Klinikako medikuen artean barne-dibulgazioa egitea ere aurreikusten du, Aspargiren zerbitzuez baliatu daitezkeen pazienteei eta erabiltzaileei informazioa helarazteko. Horrela, osasun-arloko eta elkarte-arloko eragileen arteko koordinazioa indartzen da.

Asuncion Klinikako presidente Jesus Gómez Montoyaren hitzetan, «akordio honek indartu egiten du patologia kronikoen arretarekin dugun konpromisoa eta lurraldeko erreferentziazko erakundeekin sarean lan egiteko dugun borondatea. Parkinsona duten pertsonentzako errehabilitazio espezializatua Tolosaldera eta Goierrira hurbiltzeak oztopoak kentzea eta behar duten laguntza beren inguruan bertan jasotzea erraztea dakar».

Bestalde, Aspargiko presidenteak azpimarratu duenez, «parkinsona duten pertsonentzat errehabilitazioaren jarraikortasuna funtsezkoa da. Inguruan zerbitzu espezializatuak izateak, joan-etorri luzeak saihestuta, irisgarritasuna hobetzeaz gain, tratamenduarekiko atxikimendua ere indartzen du, eta, azken finean, pazienteen bizi-kalitatea».

Akordio honekin, Asuncion Klinikak eta Aspargik pertsonak erdigunean jartzen dituen lankidetza-eredua sendotu dute, Gipuzkoako baliabideen sarea indartu eta arreta integral, espezializatu eta hurbilaren aldeko apustua eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!