Binefarko titiriteroen instalazio interaktiboa Topic-en

Ataria 2026ko martxoaren 6a

Binefarko titiriteroek ikuskizun baterako erabilitako egitura ikusi ahalko da. Bisita gidatuak antolatu dituzte martxoan eta apirilean.

Binefarko titiriteroen konpainiaren Anton Retaco ikuskizunerako erabiltzen duten egitura museoko anbiguan egongo da apirilaren 12ra arte. Bisita gidatuak antolatuko dituzte familia osoarentzat. Bisitariek txotxongiloak ukitu eta manipulatu ahal izango dituzte, eta aldi berean, proiektatutako ikuskizuna ikusi. Bisita gidatuak martxoaren 6an eta 27an eta apirilaren 10ean izango dira, 17:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Izena emateko 943 65 04 14 telefono zenbakira deitu edo pedagogia@cittolosa.com helbidera idatzi behar da.

Binefarko titiriteroen konpainiarekin harreman estua du Topic-ek. Azken Titirijai jaialdian, konpainiaren Antón Retaco ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen. Antzezlana Maria Luisa Gefaell idazlearen izen bereko haur-liburuan oinarritzen da, eta artista ibiltarien unibertsoa aurkezten du, Anton haur nanoaren begirada xalo eta poetikotik. Proposamen honek herri-antzerkigintzaren balioa aldarrikatzen du, askatasunaren, bidaiaren eta jolasaren bidez. Aldi berean, eskularru-txotxongiloaren tradizioa eta haren indar adierazkorra nabarmentzen ditu, mekanismo sinple baina eraginkorren bidez. Bada, egunotan Topic-en, ikuskizunaren egitura, obrako txotxongiloak zintzilik mantentzen dituen oihalik gabeko erretaula ikusi ahalko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!