Tolosako Udalak urteko azoka berezien egutegia eguneratu du. Bi aldaketa nabarmen daude. Batetik, Bertako Haragien Azoka astebete aurreratu dute, eta maiatzaren 7tik 10era izango da. Hori dela eta, Lore eta Landareen Azoka maiatzeko bigarren larunbatetik azkenekora mugitu dute. Ondorioz, maiatzaren 30ean izango da. Udaberriko beste azoka, ardo zuriarena, ekainaren 6an izango da aurten, eta itsaski azoka ere egingo dute egun berean. Aste Santuaren aurreko asteburuan ospatzen zen, baina azken urteetan ekaineko lehen larunbatean egiten dute.
Udazkenean beste bost azoka berezi egongo dira: Irailean Garagardo Festa, urrian Mikologika eta Tolosa Goxua, eta azaroan Esneki eta Babarrunaren Festa. Neguan sartzearekin batera, abenduaren 19an, Gabonetako Azoka egingo dute.
Honakoa da aurtengo azoka berezien egutegia:
- Bertako Haragien Azoka: Maiatzak 7-10.
- Lore eta Landareen Azoka: Maiatzak 30.
- VIII. Ardo Txuri Txokoa eta Itsaski Azoka: Ekainak 6.
- XXVI. Garagardo Festa: Irailak 17-20.
- XIII. Mikologika: Urriak 14-17.
- XXXI. Tolosa Goxua: Urriak 31.
- V. Esneki: Azaroak 6-7.
- XXXI. Tolosako Babarrunaren Festa: Azaroak 21.
- XXVII. Gabonetako Azoka: Abenduak 19.
Larunbatean, barazki tailerra
Urtero moduan, larunbaterako azokan barazkiekin eta bestelako elementu organikoekin txotxongiloak sortzeko familiei zuzendutako tailerra antolatu du Topic museoak. Zerkausian izango da, 11:30ean hasita, eta ordubete iraungo du. Familiei zuzendutako saioa izango da, eta gehienez 30 lagunentzako lekua egongo da. Izena emateko, hezkuntza@cittolosa.com helbidera mezua bidali edo 943 650 414 telefonora deitu behar da.