Tolosako EAJk Tolosako Hiltegiko Mankomunitatea eta hiltegia lehen sektorerako proiektu garrantzitsu gisa defendatzea eskatu du osoko bilkuran. Xarles Iturbe zinegotziak esan du hiltegia itxi zenetik ez dela informazio gehiago eman; «enpresak hiltegiko langileekin zituen zorrak mankomunitateko herriek bere gain hartzeko konpromisoa, ez besterik, eta hori ere ez da behar bezala argitu. Oraindik ez dago bere egoera delikatuari irteera bat emango dion bide-orri argirik, eta ez dauka konpontzeko itxurarik».
EH Bildu «poztu» egin da EAJk hiltegia «beharrezko baliabide estrategikotzat» hartu duelako. Hala ere, Aitor Agirresarobe udal gobernuko zinegotziak Iturberi erantzun dio hiltegia itxita egotearen arrazoi nagusia mankomunitateko idazkari kontu-hartzaile lanpostuaren gabezia dela. «Hori izendatzea Foru Aldundiaren ardura da, eta enpresak behin eta berriz egin dio eskaera». Bestetik, argi dauka Eusko Jaurlaritzak ez duela eskualdeko hiltegi deszentralizatu bat babestuko, «eta gutxiago eredu publikoaren aldekoa».
Agirresarobek nabarmendu du «presio handia» egon dela eskualdeko hiltegiak ixteko. «Eredu industrial handietan sartzen ez diren tokiko hiltegiak ixtea, horiek pribatizatzea eta sektorea banaketa-kate handien esku uztea estrategia politiko baten ondorioa da». Siadecoren azterketa baten arabera, 2020an Tolosako hiltegian Tolosaldeko abereen
% 30 bakarrik hiltzen zen. «Hiltegia estrategikoa dela uste baduzue, zuen alderdikideekin hitz egin, eta azaldu zer garrantzi duen», gaineratu du.
EH Bilduko zinegotziak ondorioztatu du hiltegia berriro ez irekitzearen ardura nagusia EAJrena dela, «Jaurlaritzak eta Aldundiak erakutsi duten jarreragatik», eta gaineratu du «urteetako borondatezko utzikeriak» eraman duela hiltegia gaur egungo egoerara. «Ez da serioa urteetan udal gobernuan egon, proiektua hil dadin ahalbidetu, eta orain babestea».
Iturbek ez du onartu EAJ «errudun» gisa deskribatzea. «Abian zegoen zerbitzu publiko bat jaso zenuten, gobernuan zaudetela itxi da, eta mankomunitateko herri gehienetan zuen alderdiak gobernatzen du», esan du. «Urtebete pasa duzue mankomunitateari begira, eta Tolosako Udala ez da beste udal bat mankomunitatean; herri nagusia da eta hiltegia herrian dago. Ez zaigu beste eraikin publiko huts bat komeni, eta beste proiektu bat behar dugu bertan, bestela badakigu zer gertatuko den». Andu Martinez de Rituerto alkateak erantzun dio mankomunitatean badirela «EAJk gobernatutako pisuzko bi herri».
Bestetik, «dagokion lidergoaren zatia bere gain hartzea» eskatu dio Iturbek udal gobernuari, eta gaia «monografikoki» aztertzeko, Lan Batzorde Berezi bat deitzea ere eskatu du. Agirresarobek esan du udal gobernua «prest» dagoela konponbide bat topatzeko, baita lan batzordea antolatzeko ere. «Mankomunitateko gehiengo zabalak bertako abeltzainen eta harakinen beharretara egokitutako hiltegi baten alde egiten du. Hortaz, komenigarria litzateke zuen aldetik iritzi bateratu bat ematea erakunde desberdinetan. Gure ustez estrategikoa da, eta indarra jarri behar dugu horretan. Lanean ari gara, baina ardura ez da udalarena bakarrik».
Zorra, 2004tik
Hiltegia bukatutzat ematea «galera tamalgarria» litzatekeela uste dute jeltzaleek. Hori dela eta, proiektuaren alde lan egitea eta instalazioak nahiz osasun-lizentziak egokitzea eskatu du Iturbek. Horretarako, udalari exijitu dio enpresari eskatu diezazkiola indarrean dagoen kontratuaren egoera ezagutzeko txosten tekniko, ekonomiko eta juridikoak, eta erreklamatu diezazkiola hiltegiaren eraikina alokatzeagatik dituen zorrak. Eskualdeko hiltegi proiektu berri bat egitea eta hura garatzeko gaur egungo instalazioak eskaintzea ere proposatu du. Alkateak esan dio 2004an hasi zela enpresaren zorra, eta ordutik ez duela kanona ordaindu.
Iturbek gaineratu du enpresak zorrak ordaintzen ez baditu, epaitegira jo eta prozesu bat martxan jarri beharko dela. «Ez da egia idazkaririk ez dela izendatzen; haiek ez dute ezer sinatu nahi, eta horrek oztopatzen du mankomunitatearen bidetik egin daitekeena. Aldiz, udalak zorrak kitatzea eskatu diezaioke enpresari. Egiten ez badu, bere likidazioa ekarriko luke, eta horrek ateak irekiko lizkioke proiektu berri bati. Kontratua eten egin behar da».
Alkateak esan du «elkarlanerako prest» daudela, eta mankomunitateko herri guztiek lagundu beharko dutela. Hala ere, nabarmendu du hiltegiak «gabezia ugari» dituela. «Une honetan oso zaila da hiltegi zerbitzua bertan legeztatzea, eta behin itxita, are gehiago. Konponbide zaila du, eta ahalegin guztiak egin dira zerbitzua ez eteteko, bagenekielako behin etenda ia ezinezkoa izango zela berriro martxan jartzea. Idazkari bat izan balu, aurrera egingo luke».
Pintadak kentzeko «ahalegin handiagoa»
Bestalde, Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak hiru eskaera egin dizkio udal gobernuari kalean egiten diren pintadei buruz: horiek espazio publikotik kentzeko ahalegin handiagoa egitea, arautuko dituen ordenantza berri bat lantzea, eta, ondorioz, araudia betetzen ez dutenak ekonomikoki zigortzea, eta pintadak egiten dituztenak identifikatzen ahalegintzea, beharrezko baliabideak jarrita, hala nola, udaltzainak eta kamerak.
Zinegotzi sozialistak pintaden zenbait irudi erakutsi dizkie udalbatzako kideei, adibide modura, eta honakoa adierazi du: «Pintadak arazo bihurtu dira. Herriaren irudia degradatzeaz gain, zuzenean kaltetzen dute merkataritza- eta ostalaritza-jarduera. Ez dut zalantzarik udal gobernuak herria garbi mantentzeko borondate ona duela. Eraginkortasuna beste kontu bat da, eta uste dut ez dela ari asmatzen».
Patxi Amantegi zinegotzi jeltzaleak bat egin du eskaerarekin. «Pedagogia egin behar da, baina baita esfortzu ekonomikoa eskatzen duten lanak ere. Ez da asko behar, horma bat garbitu eta gero, pertsona bera leku berera gauza bera egitera joango dela jakiteko».
Ander Figuerido udal gobernuko zinegotziak erantzun die udalaren borondatea «izugarria dela», eta herria inoiz baino zikinago dagoela esatea «sentsazioa besterik ez» dela. Onartu du pintada asko daudela eraikin publikoetan, baina nabarmendu du kale-garbitzaileek asko kendu dituztela; zenbait tokitan, gainera, «behin eta berriz, ia astero».
Figueridok gehitu du udalak «jarraipen eta lan izugarria» egiten duela. «Arazoa ez da garbitzen den ala ez eztabaidatzea. Oso zikinak gara, eta hor egin behar da lanketa. Gaur egungo ordenantzak ere jasotzen du isunak jartzea, baina momentuan harrapatu behar da egilea. Udaltzainek ezin dute leku guztietara iritsi. Herria kamerez bete behar dugu?».

