Udaberriko Eszena programazioa gehiago handitu du Tolosako Udalak, eta beste lau ikuskizun gehitu dira, kasu guztietan, gazteleraz eta Leidor aretoan izango dira. Apirilaren 19an, igandea, Mauiren Irla izeneko Vaiana filmean oinarritutako musikal familiarra ikusteko aukera izango da, 12:30etan. Vaianaren uhartea salbatzeko ozeanoan bidaiatzen ari den neska ausart baten istorioa kontatzen du. Abentura horretan, Mauik laguntzen dio, eta lotura berezi bat osatzen dute. Elkarrekin, adiskidetasunari, ausardiari eta naturari buruz irakasten dieten erronkei aurre egin behar diete. Ikuskizunak musika zirraragarria eta dantza koloretsuak uztartzen ditu.
Maiatzaren 17an, igandea, K-Pop gerlariei omenaldia egingo diete, 12:30etan. Las Guerreras K-Pop filmean oinarritutako ikuskizuna da, musika, dantza, fantasia, proiekzioak eta, formatu handiko bideomapping-a uztartzen dituena.
Ekainaren 6an, larunbata, Salva Reina aktorearen Prohibido echarle cacahuetes al mono izeneko bakarrizketa izango da, 20:00etan. 2025ean aktore onenaren Goya saria irabazi zuen Reinaren stand-up comedy umorezko ikuskizun arrakastatsua da. Show-a muturrera emandako eguneroko egoeretan, inprobisazioan eta umore hurbilean oinarritzen da.
Azkenik, ekainaren 7an, igandean, Errauskiñeren ikuskizuna izango da, 12:30etan. Istorio ezagunean oinarritutako 70 minutuko iraupena duen ikuskizuna da, familientzako aproposa. Musika originala, dantza, magia, eta 3D efektu bisualak uztartzen ditu.
Maiatzaren 15erako aurreikusita zegoen Paloma San Basilioren Dulcinea ikuskizuna bertan behera utzi du ekoiztetxeak, artistaren arazo bat tarteko.