Haserrea eta ezintasuna. Hori sentitu zuen Arriatzu baserriko Ane Zeberio nekazari hernaniarrak joan den larunbatean Tolosako Azokako jarduna amaitu eta berehala. Instagram sare sozialean egindako argitalpenean azaldu zuenaren arabera, diru-kutxa lapurtu zioten furgonetatik. Sei hilabeteko epean bigarren aldiz egin diote lapurreta. «Bi kasuetan furgoneta bortxatu dute; gaur, leihoa hautsi dute», salatu zuen.
Zeberioren arabera, 14:00ak aldera gertatu zen lapurreta, postua jasotzen ari zen bitartean. Une horretan, Plaza Zaharrean zuen furgoneta, Casino elkartearen aurrean, eta bera Zerkausira joan-etorrian zebilen. Furgonetara sartzean ohartu zen gertatutakoaz, eta «oso urduri» jarri zen; ez zuen lekukorik topatu. Ondoren, sare sozialetan salatu zuen gertatutakoa, pistaren bat aurkitzeko esperantzarekin.
Zeberiok nabarmendu du «beldurtuta» dagoela. «Zein da soluzioa? Dirua gainean izatea, garbi dagoenean bi kasuetan lapurtu didan pertsonak ondo zekiela zertan ari zen? Badakit ez orduan eta ez orain, ez dudala ezer berreskuratuko, nahiz eta dagokion salaketa jarri».
Larunbatean gertatutakoak bi ondorio nagusi utzi ditu. Batetik, irabazien zati handi baten galera, bezero gehienek eskudirutan ordaintzen dutelako. Bestetik, sektorean konfiantza eta segurtasuna bermatzen ez duen egoera. Zeberiok hiru urte daramatza Tolosan bere produktuak saltzen, gurasoen lekukoa hartu eta gero. «Nire ofizioa da, nire diru-sarreren iturria. Norena da ardura? Ez dut berriro gertatzerik nahi, oso larria delako», adierazi du.
Zeberiorena ez da kasu isolatu bat. Azken bi urteetan gutxienez hiru lapurreta gehiago zenbatu dira Tolosako Azokan. «Ezin dugu gehiago itxaron, eta beharrezkoa da berehalako neurri bat hartzea, konponbide bat topatzeko. Segurtasun falta handia sumatzen dugu», esan du. Zaintza handiagoa eskatzen dute, batez ere postua jasotzeko unean. «Polizien presentzia handiagoa nahi dugu; arazo asko ekidingo lirateke». Hernaniarrak egoeraren inguruan hausnartzea ere eskatu du: «Ez naiz lehena, ezta azkena ere».
Horrela utzi zuten furgonetako leihoa. Argazkia: ANE ZEBERIO.
