Tolosar baten gorpua aurkitu dute Frantzian

Ataria 2026ko martxoaren 4a

Saint-Denis herriko kale bat. Iturria: Wikipedia
Tolosar baten gorpua zatikatuta aurkitu dute Paristik gertu dagoen Saint-Denis herrian.

Tolosar baten gorpua aurkitu du Frantziako poliziak Paristik gertu dagoen Saint-Denis herrian. Frantziako poliziak esan duenez, gorpua zatikatuta zegoen, eta Fiskaltzak ikerketa bat ireki du gertakaria argitzeko. Le Parisien komunikabidearen arabera, hilketa aitortu du biktima bizi zen etxearen jabeak; aurretik eztabaida bat izan zutela esan du, eta konorterik gabe utzi zuela. 

Komunikabide berak argitaratu du polizia atzo goizaldean joan zela etxe batera desagertze baten salaketa ikertzeko asmoz; eta han aurkitu zutela gorpua zatikatuta. Biktimaren senitartekoek salatu zuten desagerpena; larrialdi zerbitzuetara deitu zuten esanez egun batzuk zirela ez zutela senitartekoaren berri. Tolosatik Parisera ere joan ziren senitartekoak, baina ez zuten topatu.

Komunikabideak zehaztu du polizia iturrien arabera, desagertutako gizonaren etxera joan zela polizia haren bila, eta han topatu zituztela gorpuzkiak, sukaldeko labana bat eta inausketa guraize batzuk.

Tolosako Udalak bere atsekabea adierazi du, eta familiari eta lagunei maitasuna eta babesa adierazi die. Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek adostu dute adierazpen instituzionala. Udala familiarekin harremanetan jarri da laguntza bideratzeko, eta zabaldu diren «mezu eta datu desegokien aurrean» familiak merezi duen errespetua eskatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!