Hiri-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzeko zerbitzu-kontratuaren espedientearen irizpena onartu du udalbatzak. Udalbatzak aho batez onartu ditu kontratuaren ezaugarriak eta pleguak otsaileko osoko bilkuran. Hori dela eta, udalak Hiribusaren kontratu berriaren lizitazioa abiatu du. Kontratu berriak bost urteko iraupena eta ia 2,2 milioi euroko balioa izango du; urteko gastua 403.135 eurokoa izango da. Prozedura ireki bidez egingo da lizitazioa, eta proposamenak aurkezteko epea 40 egunekoa izango da, apirilaren 8ra artekoa, alegia.
Eusko Alderdi Jeltzaleari «ulerkorra» iruditu zaio balorazio-irizpideen artean gidariaren lan-txandaren optimizazioaren balorazioa sartzea, baina Ainhoa Dominguez zinegotziak esan du udalak aintzat hartu behar duela zerbitzuaren ebazpena. «Gerta liteke enpresak hasieran gauza bat aurkeztu, eta legeak beteta, langilearen egoera aldatzea eta txandak berrantolatzea. Hori gertatuz gero, irizpide horrek zentzua aldatu dezake, eta ez dugu nahi prozesua luzatzea eta gaur egungo zailtasunekin jarraitzea». Dominguezek gaineratu du gaur egun indarrean dagoen kontratuak «arazoak» eman dituela, eta zenbait egoeretan ez zaiola «nahikoa exijitu» enpresari. «Kontrola izango da kontratu berriaren benetako gakoa; ezinbestekoa izango da zerbitzuaren jarraipen estua egitea».
Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak gogora ekarri du udal teknikariek ohartarazi dutela lizitazioan profilaren balorazioari eta gidariaren lan-baldintzei erreferentzia egitea «arriskutsua» izan daitekeela. «Lizitazioak Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan amaitu dezake, eta, ondorioz, zenbait hilabetez atzeratu daiteke. Ulertzen dut langileentzat baldintza onenak bermatzeko borondatea, baina, aldi berean, guri ez dagokigun esparru batean sartzen ari gara».
Kristina Pelaez EH Bilduko zinegotziak erantzun die jakitun dela teknikarien zalantzez. Jarraipen zorrotza egitearen inguruan adierazi du «solaskide egoki bat edukitzeak» lagunduko duela. «Zerbitzuak arazoren bat duenean, erabakitzeko ahalmena izango du». Lan-txanden optimizazioari buruz, berriz, esan du zerbitzuari dagokien lan-txandei egiten diela erreferentzia, eta ez enpresak dauzkan langileenei. «Gainera, ez da erabakigarria izango lizitaziora aurkezten diren enpresak kanpoan uzteko; puntuatu besterik ez da egingo».
BPXporten kontratuaren likidazioa
Horrez gain, udalbatzak gehiengoz onartu ditu kirol-instalazioen kudeaketarako aurreko kontratuari dagozkion BPXport enpresaren 2022, 2023 eta 2024 urteetako diru-sarreren eta gastuen azterketa jasotzen duten txostenen irizpidea, urte horietako kanon aldakorra likidatzea eta kontratuaren likidazioari hasiera ematea.
Kontratua suntsiarazteko aldebiko adostasun-dokumentuan jasotzen zenez, BPXportek, amaitu aurretik, 175.000 euroko aurreikuspena zuten inbertsioak gauzatu behar zituen; horrez gain, 70.000 euroko birjarpen-inbertsioak egiaztatu, 2022tik 2024rako kontuak argitu eta onura aldakorra likidatu beharra zuen. Hala ere, ez zituen aurkeztu hori egiteko beharrezko kontuak, eta, ondorioz, udalak kanpo-auditoretza bat kontratatu zuen horiek aztertzeko.
Azterketaren arabera, onura aldakorra likidatzeko, BPXportek 24.469 euro ordaindu behar dizkio udalari; izan ere, 62.000 eurotik gorako onurak izandako urteetan, hortik gorako kantitatea kalitate-irizpideen arabera banatu beharra zegoen enpresaren eta udalaren artean. 9.644 euro 2022ari dagozkio; eta gainerako 14.825 euroak 2024ari; 2023an, greba tarteko, galerak izan zituen enpresak. Horrez gain, 2.554 euro gehiago ordaindu behar dizkio onartu gabeko inbertsioengatik, eta aurre egin behar die ere kontuak ez aurkezteagatik udalak kontratatutako auditoretza-gastuei: 6.500 euro.
Ondorioz, guztira, 33.523 euro ordaindu behar dizkio. Ordaindu ondoren itzuliko zaio bermea enpresari, eta ordainduko ez balu, bermetik kenduko zaio dagokion kopurua. Enpresak hamar lanegun ditu dokumentuak edo alegazioak aurkezteko, eta epe hori igarotakoan likidatuko da kontratua, behin betiko.
Oposizioko alderdiek aurka bozkatu dute. Biotza Agirre EAJko zinegotziak haien arrazoiak azaldu ditu: «Enpresak bere baliabideekin egindako inbertsioak aintzat hartzeko informazioa falta da. Aurreikusitako inbertsio batzuetan, estimatutakoa baino askoz kopuru txikiagoko fakturak ontzat eman ditu udalak». Esaterako, gogora ekarri du 20.000 euroan aurreikusitako inbertsio bat 2.000 euroan egin zela. «Ulertu dezakegu helburua kontratua etetea izan dela, baina ez gatoz bat moduarekin. Enpresa argi eta garbi onuradun atera da, eta udala eta herria kaltetuak izan dira», gaineratu du.
Villanueva ere ez dator bat moduekin, eta esan du «zenbait irizpide argi» falta izan zaizkiola. «Uneren batean, inbertsio batzuk kontzeptuka onartu dira, fakturen zenbatekoari erreparatu gabe, eta enpresari nahikoa justifikazio eskatu gabe». Pelaezek arrazoia eman dio oposizioari, baina gogorarazi du bazirela «kopuru oso altuko» gastu orokor batzuk, 80.000 eurotik gorakoak eta kanpo-auditoretzak zeroan uztea lortu zuela.
Desjabetze-prozesuak
Halaber, bi urbanizazio-lan egiteko beste urrats bat eman du udalbatzak. Izan ere, lan horietarako nahitaezkoa da zenbait lursail desjabetzea, eta bi proiektuetako ondasunen zerrenda onartu dute, aho batez. Horrela, abian jarri dute lursailen desjabetze-prozesua.
Batetik, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, San Inazio auzoko Otarreaga kaleko bidegurutzea berritu nahi du udalak. Proiektua egiteko, inguruko zenbait lursail desjabetu behar ditu, Zubizarreta aparkalekuan. Presazko prozedura bidez egingo dute desjabetzea, lursail horiek HAPOko bide-sare orokorraren parte direlako. Proiektuaren helburua izango da San Inazio kaleko espaloia handitzea, indarrean dagoen araudian ezarritako irisgarritasun-eskakizunak betetzeko behar den zabalera izan dezan. Horrez gain, koexistentzia-ibilbide bat sortu nahi dute, Tolosako eta Ibarrako bidegorriak lotuko dituena.
Bestetik, udalak martxan du San Blas auzoko urbanizazioa hobetzeko proiektua. Kasu honetan, ordea, ohiko prozeduraz desjabetuko ditu lursailak. Zehazki, ermitatik hilerrira doan bidearen lehen zatian oinezkoentzako bide bat eraiki nahi du udalak, ibilgailuen trafikotik bereizita, oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Aparkalekuen beharrari erantzuteko irtenbide egokiago bat ematea eta ingurumen-inpaktua eta mantentze-lanak murrizteko gaur egungo linea elektrikoak lurperatzea ere aurreikusten dute.
Bi kasuetan, ondasunen edo eskubideen zerrenda eta jabeen edo haien ordezkarien izenak argitaratuko dira udaleko iragarki taulan eta GAOn, eta jendaurrean egongo dira hamabost egunez. Alegaziorik ez bada, behin betiko onartutzat jo eta desjabetze-espedienteak abiatuko dituzte.


