Eusfera antolatzeko bilera irekia egingo dute martxoaren 11n

Ataria 2026ko martxoaren 4a

Eusferaren aurkezpenean ateratako argazkia. GORKA RUBIO / FOKU

Eusferaren helburua da haurren egunerokoan euskararen presentzia handitzea. Taupa mugimenduak antolatu du, eta egitasmoa Tolosaldean antolatzeko bilera egingo dute Galtzaundiren egoitzan.

Etorkizunean haurrek euskaraz jarrai dezaten txikitatik euskarazko ingurune batean haztea funtsezkoa dela uste du Taupa mugimenduak. «Inguru horretan eragiteko ahalmen gehien dutenak gurasoak izanik, Euskal Herri osoan eragiteko asmoz gurasoei zein haurrei zuzendutako ekimen berri bat jarriko dugu martxan udaberrian: Eusfera», esan dute. Egitasmo hori Tolosaldean antolatzeko bilera irekia egingo dute; Galtzaundi Euskaltzaleen Elkartearen egoitzan izango da martxoaren 11n, 18:00etan. Bilera eskualdeko ikastetxeetako eta guraso elkarteetako ordezkariez gain, herritar ororentzat irekia da.

Eusfera ekimena Euskal Herri osoan egingo dute maiatzaren 7tik 17ra. 0 eta 12 urte bitarteko haurren ingurunea euskaldunagoa izatea nahi duten familientzako ekimena da. Norabide horretan aurrerapausoak eman nahi dituzten familiei baliabideak, tresnak eta euskarazko espazio berriak eskainiko dizkiete, eta horretan hasi nahi duten familiei, berriz, abiapuntu eroso bat. Beraz, haurren gurasoak (edo guraso rola betetzen duten helduak), dira ekimenaren jomuga, euskara jakin ala ez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!