Gaztetasuna eta eskarmentua aurrez aurre

Ataria 2026ko martxoaren 3a

Xabier Zaldua eta Ibai Soroa Tolosako zezen plazan gaur egindako aurkezpenean.

Ibai Soroak eta Xabier Zalduak aizkora apustua jokatuko dute larunbatean Tolosako zezen plazan.

Ibai Soroa arribetarrak 32 urte ditu, 1,83 metro luze da, 90 kiloko pisua du eta aurreneko apustua jokatuko du. Xabier Zaldua zumarragarrak 48 urte ditu, 1,83 metro luze da, 84 kiloko pisua du eta bere hamabigarren apustua izango da. Hain justu, Zalduak bere lehenengo apustua 2010ean jokatu zuen, 32 urterekin. Abenduaren 21ean adostu zuten aizkora apustua, eta larunbat honetan neurtuko dituzte indarrak 18:00etan hasita Tolosako zezen plazan. Egin beharreko lana: hamar egur 54 ontzakoak edo kanaerdikoak eta lau egur 72 ontzakoak edo oinbikoak. Kanaerdikoak Zalduak ekarriko ditu eta Soroak oinbikoak. Egurren prestaketa larunbat goizean egingo dute, Gipuzkoako herri kirolen epaile taldea aurrean dagoela. Epaile horiek egongo dira ere apustuan bertan.

Alde bakoitzak 4.000 euro jokatuko ditu. Sarrerak aurretik salgai daude Tolosako Kantabriko tabernan, Arribeko Dendan, Urretxuko Krak tabernan eta Azpeitiko Mendizabal tabernan. Bestalde, Tolosako Udalari eskerrak eman dizkiote emandako erraztasunengatik.

«Gaizki ezingo dugu esan, kontrarioa ondoan izanda», esan du Soroak apustuari begira dituen sentsazioez galdetzean, eta ondoren gaineratu: «Ongi sentitzen naiz, entrenamenduak oso onak atera dira. Gogotsu eta indarrarekin nago». Zalduak, bere aldetik, sentsazioak «oso onak» direla esan du: «Entrenamendu denak txukun joan dira. Orain hilabete katarrotxo bat pasatu genuen, eta buelta ondo eman diogu. Orain puntu-puntuan iritsiko gara»

Txapelketa baten antzera prestatu dela esan du Soroak. «Azken finean kirol pobrea da eta bakarrik ibili izan naiz, eta orain kuadrillatxo bat elkartu gara eta beraiei eskertuta nago. Lan pila bat egin dute egurra jartzen eta kentzen, eta hori nabarmenduko nuke. Prestakuntza agian mimo handiagoarekin egin dut. Lanik ez dut egin eta entrenamenduetan eta kirolean zentratu naiz». Antzeko hitzak esan ditu Zalduak: «Azkenean entrenamenduak txapelketari edo apustuari begira antzekoak dira, aldatzen dena lan espezifikoak dira. Bai kudeatu ditut hobeto atsedenak. Nire adinarekin atseden horiek garrantzi handia dute. Lehen egur jartzea eta lan horiek neuk egiten nituela, eta orain kuadrilla batek eta semeak asko lagundu naute, eta hori aldea da. Deskantsu hori sumatu egiten da».

Apustuaren nondik norakoaren gakoa egunak berak markatzen duela esan du Zalduak: «Ez dut dudarik Ibai ondo prestatuko zela, eta ni ere oso ondo prestatu naiz. Entrenamendu oso onak egin ditugu. Apustua egun bateko kontua izaten da, eta goizean lehenengo hanka nola jartzen duzun, eta gero nola iristen zaren plazara eta urduritasun horiek nola kudeatzen dituzun, hori izango du gakoa. Bestela, aizkolarien artean ez dago alde handirik». Oso antzeko ezaugarriak dituzten kirolariak direla gaineratu du Soroak. «Azken urtean antzekotasun handian ibili garela uste dut. Bera lehen mailan dago, eta nik aurten egin dut saltoa lehen mailara. Niri lan luzeetan ez zait ikusi; Nafarroako lehen mailakoan bai, baina hau luzexeagoa da. Nik uste lan berdintsu bat egiteko gai garela eta pelea polit bat izango dela».

Bi aizkolarien arteko adin aldeari ez dio garrantzirik eman Zalduak: «Adinean badago aldea, baina prestakuntza nola kudeatzen den dago ezberdintasuna. Adin batek eskatzen du atseden gehiago, eta besteak gutxiago. Nik, nahiz eta adinean aurrera joan, aizkoran sekula baino gehiago egiten dut. Nire ibilbideko gehiena orain egiten ari naiz. Ibai goraka dator eta uste dut oraindik gorago joango dela, baina ea joan baino lehen harrapatzen dudan». Soroak aurkariaren inguruan hitz egin du: «Datuak hor daude. Aurreko urtea hor dago eta ikusi da zer lan egin dituen. Entrenatu den bezala entrenatuta, denbora on bat egiteko gai izango da. Niri ez zait ikusi, uste dut koska bat goraka egin dudala, eta espero dut egunean bertan irabazteko ahalmena izatea».

Egurrak aukeratzerakoan Zalduak ez du zalantzarik izan: «Guk garbi genuen zer egur nahi genituen, eta ez gara mareatu asko egurrarekin. Ezaugarri antzeko mutilak gara, eta batzuetan burua nahasten dugu estrategiekin, bestea nahastu nahi izaten dugu eta gu nahasten gara gehiago. Hor ez gara asko mareatu». Soroak, berriz, aukeraketan zalantzak izan ditu: «Azken egunera arte ideia batzuk nituen buruan, eta taldeak beste batera bideratzen ninduen, eta azkenean tarteko zerbait bilatu dugu, eta uste dut asmatu dugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!