Larunbatean banatu zituzten Goya sariak. Euskal ekoizpeneko 47 profesional eta film zeuden izendatuta, eta azkenean, zortzi sari eskuratu zituen euskal zinemagintzak. «Euskal zinemaren loraldia» hitzekin nabarmendu du askok aurtengo edizioan gertatutakoa.
Datorren astelehenean, Mendi Tour jaialdiaren 16. edizioa hasiko da Tolosan, eta berau izan daiteke loraldi horretan adar berri bat. Hala adierazi du Aitor Elduaien BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko ordezkariakIzan ere, Leidor aretoan mendiko zinemari buruzko hamar ikus-entzunezko emango dituzte, eta horietatik bost euskal zinemagileek egindakoak dira. nabarmendu du «sekulako marka» dela, «nazioartean ematen diren filmak direlako».
Martxoaren 9tik 11ra izango da aurtengo jaialdia; hamaseigarren aldiz egingo dute Tolosan, Mendi Tour zirkuituaren geltoki aitzindarian. Elduaienek gogoratu du 2011n egin zutela lehen edizioa, urte hartako bakarra. «Esperimentu bat izan zen». Dagoeneko «hitzordu berezienetako bat» bilakatu da Tolosakoa, eta gaur egun, urte osoan zehar, Euskal Herriko nahiz nazioarteko hiri eta herrietako beste 50 egoitzetan ere ematen dituzte filmak.
Hiru saioak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerak eta bonuak dagoeneko salgai daude Leidorantzokia.janto.es eta Mendifilmfestival.com webguneetan. Egun bakarrerako sarrerak 5 euro balio du; jaialdirako bonuak, berriz, 13,5 euro. Elduaienek aitortu du hiru saioak «gomendagarriak» direla.
Tolosatik mundura
Aurten ere, aurreko urteko abenduan egiten den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian nabarmendu ziren ikus-entzunezko lanak emango dituzte Leidorren, besteak beste, Kirola eta Abentura, Mendia eta Eskalada kategorietako film onenak, euskarazko film onena eta film labur onena. Oreka Tolosa slackline taldeak ondutako Tximista film laburra ere proiektatuko dute.
Iaz, Peligro. No Asomarse dokumentala erakutsi zuen talde tolosarrak. «Batera eta bestera asko mugitu den lana da, eta oraindik ere badabil. AEB-tako zirkuitu bat osatu berri du, eta arrakasta handia izaten ari da nazioartean», adierazi du Elduaienek. Aurten, berriz, film labur bat eramango dute Leidorrera; Jon Mendizabal donostiarrak ondu du.
Joan den urtean Gorbeian egindako abentura kontatzen duen lana da Tximista. Arrabako zelaiak gurutzatzen dituen 1.300 metroko soka jarri dute zenbait espezialistek; iberiar penintsulako highline luzeena da. Astebeteko lan gogorrean, zenbait kidek lortu du zeharkaldia osatzea. Hala ere, arrakastaren gorenean, tximista batek lerroa jo, bi zatitan banatu eta bat-batean abentura ezerezean geratu da. Eguraldiaren bitxikeria izan da, ala mendia zaintzen ari diren indar mitologikoen erantzun bat?
Tximista, ordea, ez da jaialdian hizpide izango duten Tolosari lotutako lan bakarra izango. Elduaienek esan du Sua argitaletxeak eta Mendi Filmek elkarlanean egindako Edurne Pasabanen komikiak «aipamen berezia» izango duela. «Komiki ederra da, batik bat Edurneren ibilbidea kontatzen duena. Mendi Film jaialdian aurkeztu genuen, eta dagoeneko best seller bilakatu da».
Bertako paradisuak
Arestian aipatutako bost euskal zinemagileen lanetako bat izango da Tximista. Nabarmentzeko beste bat Jon Herranz zuzendari getxoztarraren Harri, Orri, Arkatz filma da. «Eli Azurmendik, Juancar Sanzek eta Rafa Elorzak abiatutako Expocroquis proiektuaren ginga da. Tolosako Aranburu Jauregian egon zen erakusketa, eta liburu eder bat ere argitaratu zuten. Batik bat, eskalada krokisen munduari buruz testigantza eta hausnarketa aberatsak biltzen ditu», azaldu du Elduaienek.
Bestetik, Julen Elorza arrasatearrak zuzendu duen Cantos y Flores ekoizpen estatubatuarra emango dute. Bi mendi korrikalarik Boliviako mendietan egindako FKT erronken kontakizuna da. Goya Sarietarako izendatu berri duten Nagore Eceiza donostiarraren Izarren zaunka eta Alfonso Garcia Txontxo getxoztarraren Un dia al año dira euskal zinemagileen beste bi lanak, biak ere eskaladari buruzkoak.
Oro har, askotariko gaiak lantzen dituzten lanak ikusteko aukera izango dute zinemazale eta mendizaleek Tolosan: alpinismoa, esplorazioa, izotz eskalada, eskia, trail running-a, highline-a, abentura eta ilustrazioaren artea. Elduaienek aurreratu du publikoak «bidaia ikusgarriak» egingo dituela, hala nola, Karakorumgo K2 mendira, Mongoliako Altai mendietara, Boliviako Illimani, Sajama eta Potosi mendietara, Mont Blanc eta Yosemite gailur ezagunetara nahiz bertako zenbait paradisutara, besteak beste, Txindokira, Gorbeiara eta Atxartera.
Babesle eta herritarrak, bidelagun
Beste urte batez, Tolosako Udalak babestuko du jaialdia, kirol eta kultura sailen bidez, eta orain arteko edizio guztietan bezala, Tolosa Gasa «bidaide fidela» izango da babesletzan. Mendi Tour zirkuituaren bidelagun eta laguntzaile dira ere EITB taldea, Zineuskadi eta Ternua.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearen iritziz «ohore handia» da jaialdiaren edizio berri bat ospatzea. «Aukera paregabea da mendiari eta naturari buruzko lanekin, bihotzeraino iristen diren istorioekin gozatzeko; eta, gainera, irudi ikusgarrien bitartez kontatuta», esan du alkateak. Hori dela eta, mendiko zinemaren atmosfera berezira animatu ditu herritarrak: «Leidor betetzea espero dut».
EGITARAUA
- Martxoak 9, astelehena
- Cantos y Flores. 2025eko Mendi Film jaialdiko Kirola eta Abentura kategoriako film onena. Zuzendaria: Julen Elorza. Herrialdea: AEB. Iraupena: 27 minutu. Hizkuntza: Ingelesez eta gaztelaniaz, euskarazko azpidatziekin.
- Anaia hil eta zazpi urtera, harekin burutu asmo zuen amets bati eutsiko dio Karina Carsoliok: Boliviako Huayna Potosi, Illimani eta Sajama mendi ikonikoak igo eta jaistea ahalik eta lasterren, FKTak (ezagutzen den denborarik azkarrena) ezartzen saiatuz. Hillary Gerardi mendi korrikalari zaildua izango du bidaide. Kirol erronkaz batera, Karinak miña kanporatuko du, zauriak ixteko abagunea aurkituko du, eta espiritualki bere buruarekin eta Naturarekin bat egingo du.
- Ephemeral. 2025eko Mendi Film jaialdiko Sail Ofizialeko lana. Zuzendaria: Josiah Jones. Herrialdea: AEB. Iraupena: 32 minutu. Hizkuntza: Ingelesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.
- Izotz-eskaladako denboraldia urtetik urtera laburtzen ari dela jabetuta, izotzean eta mixtoan eskalatzen aditua den Jeff Mercierrek, Islandiako paisaia glazial itzeletara jotzea erabakiko du. Etengabe aldatzen ari den ingurunean eta kontu handiz ibili beharreko eremuan murgilduz, Jeffek bere mugak bezala, izotz eskaladarenak ere urratu nahi ditu.
- Into Altai. 2025eko Mendi Film jaialdiko Sail Ofizialeko lana. Zuzendaria: Yannick Boissenot. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 37 minutu. Ingelesez, frantsesez eta mongolieraz, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.
- Mongoliako Altaiko Tavan Bogd mendigunera jo dute Camille Armand, Pierre Hourticq eta Victor Daviet eskiatzaileek. Mendiak eta urrutiko lurralde ezezagunak esploratzea maite dute. Tavan Bogd edo ‘Bost Mendi Sakratuak’, sinbolismoz eta kondairaz betetako mendigunea da. Bi astez, yurta bat kanpaleku nagusi dutela, eskietan eta snowboardeko tauletan lurralde hura esploratzeko aukera izango dute. Baina, egiaz, zer da mendi hautan bilatzen dutena?
- Cantos y Flores. 2025eko Mendi Film jaialdiko Kirola eta Abentura kategoriako film onena. Zuzendaria: Julen Elorza. Herrialdea: AEB. Iraupena: 27 minutu. Hizkuntza: Ingelesez eta gaztelaniaz, euskarazko azpidatziekin.
- Martxoak 10, asteartea
- Izarren Zaunka. 2025eko Mendi Film jaialdiko euskarazko film onena. Zuzendaria: Nagore Eceiza. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 18 minutu. Hizkuntza: Euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin.
- Bi lagun Larraitzen daude, Mikel Saez de Urabainek Txindoki mendian liberatu berri duen bide bat eskalatzeko asmoz. Mikelek berak, bide berria izendatzeko inspirazioa aurkitu nahi du tokiko bake eta lasaitasunean. Iker Urangak, berriz, bere min kronikoetatik eta antsietatetik askatzea lortu nahi du.
- K2 Mon Amour. 2025eko Mendi Film jaialdiko Mendia kategoriko film onena. Zuzendaria: Mathieu Rivoire. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 40 minutu. Hizkuntza: Ingelesez eta frantsesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.
- 2024ko udan, Liv Sansoz eta Zeb Roche K2 tontorrera igo ziren, 8.611 metrora, oxigeno artifizialik erabili gabe, eta amets zoro batekin: parapentean elkarrekin hegan egitea gailurretik salto eginda. Istorio hau K2 mendiaren edertasun basati eta gordinaren oda bat da, gailurrera igotzeko saiakeratik haratago.
- Old Man Lightning. 2025eko Mendi Film jaialdiko Eskalada kategoriako film onena. Zuzendaria: Dawn Kish. Herrialdea: AEB. Iraupena: 60 minutu. Hizkuntza: Ingelesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.
- John ‘Verm’ Sherman boulderreko legendak, behinola izan zuen magia berreskuratu nahi du. Munduko bloke ospetsuena eskalatzea otuko zaio horretarako, zer hobe? Yosemiteko Midnight Lightning ikonikoa. Duela 25 urte eskalatu zuen, bai, baina ordutik hona blokea gogorragoa bihurtu da, eta Verm, berriz, bigundu egin da garagardo kupel galanta onduta eta hegazti argazkilaritzarekiko pasioari emanda. Sasoian jartzeko prestakuntza zorrotz batek lagunduta, prest dago “gauerdiko tximistari” aurre egiteko.
- Izarren Zaunka. 2025eko Mendi Film jaialdiko euskarazko film onena. Zuzendaria: Nagore Eceiza. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 18 minutu. Hizkuntza: Euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin.
- Martxoak 11, asteazkena
- Tximista. Oreka Tolosa taldearen erronkari buruzko lana. Zuzendaria: Jon Mendizabal. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 13 minutu. Hizkuntza: Gaztelaniaz eta euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin.
- Hainbat highline espezialista elkartu dira Iberiar penintsulako highline luzeena instalatu eta zeharkatzeko. Astebeteko lan eta dedikazio gogorrean, hainbat parte-hartzailek zeharkaldia osatzea lortuko dute. Hala ere, arrakastaren gorenean, tximista batek lerroa jo, bi zatitan banatu eta bat-batean abentura ezerezean geratu zen. Eguraldiaren bitxikeria izan zen ala mendia zaintzen ari ziren indar mitologikoen erantzun bat?
- Un dia al año. 2025eko Mendi Film jaialdiko Sail Ofizialeko lana. Zuzendaria: Alfonso Garcia. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 16 minutu. Hizkuntza: Gaztelaniaz, euskarazko azpidatziekin.
- 1970az geroztik, Atxarteko bailaran eskalatzaile belaunaldi berri bat bildu ohi zen mendiarekiko grinak erakarrita. Nazioarte mailako igoera aitzindariak egitera ere ausartu ziren haietako zenbait. Haietako batek errepide istripu larri bat jasan zuen, eta medikuek esan zioten ez zuela inoiz berriro eskalatuko. Osatze prozesu miragarria izan zuen, ordea, eta tradizio berezi bat asmatu zuen berpizte moduko hura ospatzeko: Atxarteko Inauteria. Geroztik, eta urteak joan urteak etorri, egun hori ezinbesteko hitzordua da eskalatzaileen komunitatearentzat.
- Harri, Orri, Arkatz. 2025eko Mendi Film jaialdiko Zabalandi Saileko lana. Zuzendaria: Jon Herranz. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 55 minutu. Hizkuntza: Bost hizkuntzatan, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.
- Hainbat eskalatzaile eta artisten begiradaren bidez, eskaladako krokisetan ematen den erabilgarritasunaren eta sormenaren arteko pultsioa agertzen du dokumentalak. Mapa bertikal horiek, ezinezko lerroez gain, ametsak eta abenturak ere irudikatzen dituzte. Dokumentu bakar eta berezi hauen garapena ezagutuko dugu, hastapenetako aztarna-krokisetatik abiatu eta gaur egungo marrazki landuetaraino, eta jomuga berriak deskubritzeko esplorazioan izan duen eragina aztertuko dugu.
- Le moulin des artistes. 2025eko Mendi Film jaialdiko film labur onena. Zuzendaria: Pierre Cadot. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 25 minutu. Hizkuntza: Ingelesez eta frantsesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.
-
Peterrek eta Anatik Le Moulin des Artistes zuzentzen dute Chamonix haraneko XVI. mendeko errota batean: eski-tailerra, arte-gunea eta ideologia antzekoa duten espiritu askeko lagunen topagunea. Le Moulin des Artistes-ek bizitza sormenari eskaintzen zaionean gerta litekeena erakusten digu, izan Peterrek eskuz egindako egurrezko eskiekin, izan Anatiren pinturekin nahiz musikarekin. Sormen espresioak helburu berriak bideratzen lagun dezake, komunitate iraunkor bat eraikitzeko balio dezake, eta hondamendiak gainditzeko kemena ere eman dezake.
-
- Tximista. Oreka Tolosa taldearen erronkari buruzko lana. Zuzendaria: Jon Mendizabal. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 13 minutu. Hizkuntza: Gaztelaniaz eta euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin.
*Hiru saioak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerak (eguneko, 5 euro) eta bonuak (13,5 euro) salgai daude Leidorantzokia.janto.es-en eta Mendifilmfestival.com-en.