Gaixo zeuden 25 zuhaitz ordezkatu dituzte Amarotz auzoan

Ataria 2026ko martxoaren 2a

Iturria: Tolosako Udala.

Hilerrira bidean zeuden aranondo gorriak kendu eta 'Cercis chinensis Avondale’ espezieko zuhaixkak landatu dituzte lorezaintza zerbitzuko kideek eta Herrikide ikastetxeko LH-ko 5. mailako ikasleek.

Martxoaren 21ean izango da Zuhaitz Eguna. Horren aitzakian, Tolosako Udaleko Ingurumen Sailak eta Tolosako Ingurumen Zentroak sustatuta eta herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleen laguntzarekin, zuhaitzak landatzen dituzte urtero. Aurten, Amarotz auzoan gaixo zeuden 25 zuhaitz ordezkatu dituzte. Herrikide ikastetxeko ikasleei egokitu zaie landaketa, eta Tolosako lorezaintza zerbitzuko kideek lagundu diete.

Udalak adierazi duenez, hilerrira bidean zeuden aranondo gorriak (Prunus cerasifera Pissardii) «gaixorik» zeuden, onddoen erasoagatik, eta «beharrezkoa» zen aldatzea. Zuhaitz horien ordez, Cercis chinensis Avondale zuhaixkak landatu dituzte. Judasen arbola edo maitasunaren zuhaitz gisa ere definitzen da espezie hau, bihotz formako hostoak baititu. Udaberrian loreak hostoen aurretik etortzen dira, fuksia kolore deigarrikoak. Lau metroko altuera eta hiru metroko zabalera izatera iritsi daitezke, eta eraikinetatik gertu landatzeko moduko espeziea da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!