Tolosako trenbide-sarean babes akustikoak jartzen hasi da Adif

Ataria 2026ko otsailaren 26a

Bi langile Geltoki kaleko eremuan lanean.

Zuloaga auzotik Araba etorbidera arteko zatia babestuko dute; azarora arte arituko dira lanean, eta une batzuetan gauez egin beharko dituzte lanak, tren zerbitzuari ez eragiteko.

Adif enpresak babes akustikoak jartzen hasi da Tolosako herriguneko trenbide-sarean. Lanek helburu dute trenek sortutako kutsadura akustikoaren eragina gutxitzea. Zarataren aurkako ekintza-plana garatzen ari da Adif Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta plan horren barruan daude Tolosako lanak.

Tolosan, Zuloaga auzotik hasita, Araba etorbidearen amaierara arte jarriko dituzte babesak. Horietako batzuk opakuak izango dira, eta besteak gardenak, Alliri pasealekukoak adibidez, eremu ilunik ez sortzeko. Era berean, proiektuaren hurrengo faseetara begira, Olarrain auzoan ere babesak jartzea eskatu dio udalak Adifi, bertako bizilagunen eskariari erantzuteko.

Ekainera arte, Geltoki kalean, Araba etorbidean eta geltokiaren inguruan jarriko dituzte babesak; maiatzetik aurrera, berriz, anbulatorioaren inguruan, San Joan kalean, Tolosa-Erdia geltokiaren (apeaderoa) inguruan eta Zuloaga auzoan. Azken horien kasuan, zenbait lan gauez egin beharko dituzte, trenen zerbitzua eten beharrik ez izateko; trenbidea estuagoa denez, biak aldi berean ez dira bateragarriak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!