Tolosako Udalak deituta, aurtengo inauteriek emandakoari buruzko bilera egin dute udaletxean. Udal ordezkariez gain, 20 lagun azaldu dira, guztiak ere, inauterietan parte hartzen duten herritar eta eragileak, eta denen artean jaietan gertatutakoak gogoratu, ondo egindakoak nabarmendu eta hobetu beharrekoak identifikatu dituzte. Udalak aitortu du, oro har, eguraldiak baldintzatutako inauteriak izan direla, eta zenbait ekitaldi moldatu, bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan direla. Hala ere, nabarmendu du egindako ekitaldi ia denek izan dutela arrakasta eta horietan jendetza batu dela.
Zaldunita eta zezen-plaza
Jendetza batu den egunetako bat Zaldunita izan da. Aitzol Gartzia festetako zinegotziak esan du «azken urteetako joera» dela. «Lehen jendetza sakabanatuago izaten zen Zaldunitan eta Astelenitan, baina azken urteetan ez». Aurten, gainera, eguraldiak ere baldintzatu du hori gertatzea. Hori bai, «bi faseko eguna» izan dela nabarmendu du Gartziak: 18:00ak bitarte, eta ordu horretatik aurrera. «Bi egun ziruditen». Udalak aurreratu du gaiari buruz hausnartuko duela, eta ez du baztertzen aurrera begira aldaketaren bat edo este egitea. Herritar batek, esaterako, Zaldunita eguneko kontzertua astelehenera atzeratzea proposatu zuen.
Zaldunita eguneko jendetzak eragozpenak eragin zituen zezen-plaza inguruan, batez ere, sarbideetan. Jende-olde handiak izan ziren, eta zenbait ikusle sarrerarik gabe sartu zen eremura; beste batzuek faltsifikatutako sarrerak eraman zituzten. Edukierarekin ere gorabeherak izan ziren. Zaldunita egunean bertan, une batean, ateak itxi zituzten, edukiera gainditu zelako. Ondorioz, txarangekin sartzeko gonbidapena zuten herritar batzuek ezin izan zuten sartu. Bestetik, Pattar zezeneko edukiera kontrolatzea eskatu zuen Jaurlaritzak lehen aldiz. Udalak aurreratu du datorren urtean aldaketak izango direla.
Zezen-plazarako sarreren salmentari dagokionez, online erosterakoan ezbehar gutxi izan ziren, eta leihatilan sarrera gehiago jarri zituzten salgai. Herritar batek online salmentarako beste ordutegi bat ezartzea proposatu du. Beste herritar batek gurpildun aulkian daudenentzat sarrera erraztea eskatu du, ez dagoelako irisgarritasun-aukerarik. «Obra duela gutxi egin da, eta ez da batere aproposa». Udalak arrazoia eman dio eta ziurtatu dio kontuan izango duela.
Gazteen konpartsak
Aurten zeresana eman duen beste gaietako bat gazteen konpartsena izan da. Udalak argi du festaren parte izan behar dutela, eta haiek haien modura bizi dutela inauteria. «Gai konplexua da». Rondilla kalera lekualdatu dituzte, prebentzio mahaiak hala eskatuta. «Ezkutuan baino, toki ireki batean egotea lehenetsi zen, jarrera desegokiak gutxituko zirelakoan, baina ikusi dugu ez dela hala gertatu», esan du Gartziak. Zinegotziak gaineratu du Zaldunita goizean egin zituztela ikuskizunak, baina handik aurrera ez zutela bat bera ere ikusi.
Beste urteetan ez bezala, soinu-muga ezarri diete. Enpresa bat kontratatu du udalak, eta uneoro kontrolatu ditu soinu-monitoreak. «Haien neurketen eta ondorioen arabera, lau konpartsek errespetatu dute araua. Konpartsa batzuek bozgorailuak puskatuta edo trukatuta zituzten». Herritar batek ohartarazi du sorgailuak izaten dituztela konpartsetan, eta beraz arrisku handia dutela zerbait larria gertatzeko.
Udalak eta herritarrek gaineratu dute konpartsetan parte hartu duten gazteen jarrerak «muga gehiago gainditu» dituela. Gartziak esan du Ferialekuaren alde batean –Ttonttor Auzo Elkartearen lokalaren ondoan– udalak utzitako espazioa ez dutela «behar bezala» erabili. «Arazoak handitu egin dira». Herritar batek salatu du «lotsagarria» izan dela: «Auzoan arazo ugari sortu dituzte, eta zenbait zaborrontzi gurpilik gabe utzi dituzte. Gainera, euren artean egiten dituzte putakeriak. Gezurra dirudi, baina egia da, eta ez da adin kontua. Ferialekura sartzeko araudi bat sinatzen dugu. Arauhausteak zigortuz gero, konpartsa bakar batek ere ez luke parte hartuko inauterietan». Andu Martinez de Rituerto alkateak gaineratu du gai honek ere lanketa eta azterketa berezia behar duela.
Komunak eta garbiketa
Udalak aurtengo inauterietan negatiboki nabarmendu duen beste puntu bat komunen eta zaborrontzien erabilera desegokia da. Leku askotan jarri dituzte komunak. «Gastu handia egin dugu, baina beharrezkoa zen», esan du alkateak. Aldiz, adierazi du «ekintza bandaliko asko» izan direla, hala nola, moduluetako komunak txikitzea, ateak eta sarrailak puskatzea eta hoditerian petardoak lehertzea. «Zerbitzua ezin izan da behar bezala eman momentu batzuetan».
Hondakinak gutxitzeko, aurten 32 zaborrontzi handi gehiago jarri ditu udalak, bereziki San Frantzisko pasealekuan, eta 100.000 kilo hondakinen langa gainditu da; iaz baino 14.000 kilo gehiago. «Zaborra euriagatik bustita egoteak faltsutu dezake datua, pisu handiagoa duelako. Hala ere, landu beharreko gaia da. Plan berezi bat prestatzen hasi gara. Ea gai garen beira hobeto sailkatzeko eta orokorrean hondakin gutxiago sortzeko», esan du alkateak.
Horregatik guztiagatik, garbiketa lanetan aritzen diren langileak aitortu eta zoriondu dituzte udalak eta herritarrek: «Errespetu handiena merezi dute. Lan ikaragarria egiten dute, ikusten ez dena. 45 langile aritu dira, 05:00etatik hasita, baldintza gogorretan eta oso azkar», nabarmendu du Martinez de Rituertok.
Hiru aipamen berezi
Inauterietan, baina, izan dira positiboki nabarmendu beharreko zenbait kontu, besteak beste Isabelita Guneak izandako arrakasta, txarangen lana eta karrozen jarrera. Lehena, alternatiba modura kontsolidatu dela nabarmendu du udalak, eta arrakasta izan dute bigarren urtez Alondegi plazako espazioan antolatutako ekitaldiek. Herritar batek, baina, karparen kolorearekiko iritzia adierazi du: «Haurren gunea baldin bada, karpa beltza ez zait oso erakargarria iruditzen». Iaz, guztiz beltza izan zen, aurten, berriz, zuri-beltza. «Ez dugu guztiz zuria jarri, berehala zikintzen delako, eta margotu egiten dutelako. Iaz ilunegia iruditu zitzaigun, eta aurten aldatu egin dugu», erantzun dio Eceizak.
Txarangek berrikuntza nabarmen bat izan dute aurten. Zaldunita eguneko jaitsiera Nafarroa etorbidetik egin dute. Udalak eta herritarrek nahiz txarangetako ordezkariek ondorioztatu dute «positiboa» izan dela. «Proba bat izan da, eta aurrera begira hitz egin behar dugu. Berriro egiteko modukoa da, baina erabaki beharko da», esan du Eceizak. Zerkausiko dantzaldiak eta Euskal Herria Plazako bilkura ere «arrakastatsuak» izan dira. Alderdi guztiak gustura eta eskertuta daude herritar batzuek sustatutako aplikazioak emandako erraztasunekin eta izan duen erantzunarekin. Inauterietan izan den eguraldiarekin txarangek izandako jarrera azpimarratu du alkateak.
Karrozen kasuan, udal ordezkariek esan dute «oso ona» izan dela partaideek izan duten jarrera, inauterien aurretik eta festetako egunetan. «Giro onean aritu gara lanean, eta izaten diren desadostasunak tarteko, ez da erraza». Mozorro eta ikuskizunei dagokienez, esan dute ahalegina «txalotzekoa» izan dela, eta herritarren irudimena azpimarratu dute: «Gauza on asko ikusi dugu».
Hilabeteko epea, motz
Karrozen Elkarteko kide batek ere hartu du hitza. «Duela urte batzuk sortu zen elkartea, eta orduan esan genuen epe ertainera ikusi behar zela eragina. Urtero, karroza hobeak ikusten ari gara, eta jarrera ere hobea da. Besteak beste, partaideek barneratuta dago txarangak errespetatzea». Herritar berdinak adierazi du karrozen garapena belaunaldikakoa dela: «Orain 30 urte inguru dituztenak gaur egun beteranoak dira. Gazteek lehen aldiz karroza handi bat hartzen dutenean, urte batzuk behar dituzte testuinguruaz eta egin beharreko lanaz jabetzeko. Hala ere, antolatzeko modua azken urteetan ikusi gabea izan da».
Tolosarrek hilabete izan dute karrozak Ferialekuan prestatzeko. «Oso denbora gutxi da; gure karroza ez da atera», esan du herritar batek. Beste batek adierazi du «txalotzeko modukoa» izan dela karrozen ahalegina. Herritar berak gogora ekarri du urtean zehar karrozak Bentaundiko lursail batean egon direla, eta udalari egotzi dio errua. «Gaizki tratatuak izan dira». Udal ordezkariek erantzun die Bentaundin egon ziren bitartean, kultur etxean lona berriak eskura izan zituztela karrozak gehiago babesteko, baina inork ez zuela bat bera ere hartu. «Baloratu behar da guztion diruarekin egiten dugun esfortzua dela, eta oreka bilatu behar da. Trantsizio epe batean gaude; lanketa guztion artean egiten ari gara», esan du alkateak, eta aurreratu du datorren urtean karrozak homologatuak izango direla.
Otsailaren 4ra arte
Gainerakoan, inauteriek utzitako beste zenbait puntu azpimarragarri aipatu ditu udalak: Maialen Rodriguezek egindako kartela eta jolaserako eman duen aukera, Udal Txistulari Bandak pregoi kontzertuan aurten ere interpretatutako moldaketa berriak, Ostegun Gizenean herritar ugarik txilaba koloretsuak janztea, txupinazoaren aurreko pregoia, Pattar zezena indartzea, Galtzaundiren hileta, indarkeria kasurik ez gertatzea eta lapurreta kopurua jaistea. Datozen asteetan bilerak egin beharko dituzte talde eta eragileekin, eta aurrerago datorren urteko inauteriei begira jartzeko unea helduko da. 2027ko otsailaren 4tik 9ra izango dira.