ELKARRIZKETA

«Txikitatik beti saiatu izan naiz hobetzen eta hobetzen»

Imanol Garcia Landa 2026ko martxoaren 1a

Josu Gomez Ezeiza. RFEA

Josu Gomez Ezeiza Espainiako Atletismo Federazioko Kirol Zuzendaria da. Pasioz hitz egiten du bere lanari buruz, besteak beste, atletismoa maite duelako. Bere egitekoa erronkatzat hartzen du, eta helburu handiak jartzen dizkio bere buruari: onena izan nahi du, iraganean atleta gisa; eta orain, kirol zuzendari lanetan.

Atleta baten modura, markak hausten ari da Josu Gomez Ezeiza (Tolosa, 1992). 2025. urte hasieran Espainiako Atletismo Federazioko kirol zuzendari izendatu zuten 32 urterekin, erakundea modernizatzeko eta aurrera jauzi bat egiteko.

Zer da zuretzat atletismoa?

Niri bizitzari oso lotuta dagoen kirola da, familiatik hasita; izan ere, nire amaren aldetik Irizar familia oso lotuta egon da atletismoarekin. Adibidez, Maria Luisa Irizarrek hainbat aldiz irabazi zuen Behobia-Donostia. Hortik datorkit, agian, pistara gerturatzeko joera hori. Txikitan eskola kirola, atletismoa eta futbola egin nituen, baina beti harrapatu ninduten atletismoaren erronka horiek, hau da, jauzi egitea, korri egitea, oinez azkar ibiltzea, gailuren bat jaurtitzea... Norbere burua hobetzea eta autoexijentzia horrek harrapatu egin ninduen. Nire bizitza beti egon da lotuta atletismoarekin, bai Berazubin 6-7 urterekin hasi nintzenean; ondoren, 21 urte arte atleta lanetan aritu nintzelako, eta baita gerora lanbide izaten jarraitu dudalako ere. Nire izateko moduarekin bat dator: atleta nintzenean munduko onenetakoa izan nahi nuen, eta horretarako entrenatzen nuen. Atleta lanetan jarraitu ezin izan nuenean, entrenatzaile izaten zentratu nintzen; hau da, nik izan nuen lesio luze hori besteei ez gertatzeko. IVEF ikasi nuen Gasteizen, atletismo federazioko hainbat ikastaro egin nituen, eta entrenatzen hasi nintzen munduko entrenatzaile onena izateko asmoarekin.

Denean munduko onena izateko helburuarekin murgiltzen zara?

Bai, anbizio hori badut: txikitatik beti saiatu izan naiz hobetzen eta hobetzen. Oso zaila da munduko onena izatea, baina behintzat, helburu bat jarri dut bizitzan, eta horren bila joan naiz etapaz etapa.

Josu Gomez joan den astean RFEAko bulegoetan, Madrilen. RFEA

Atleta zinela ibilketan edo martxan nabarmendu zinen. Nolatan aukeratu zenuen ibilketa?

14-16 urterekin kluben arteko txapelketak antolatzen zirenean, proba bakoitzean atleta batek parte hartu behar izaten zuen. Ibilketa norbaitek egin behar zuen. Orduan, nire entrenatzailea zen Ivan Gallegok esan zuen taldekide guztiek ibilketa egingo genuela, ikusteko zein moldatzen ote zen proba horretan. Aurretik ez nuen probatu, baina orduan ikusi zuten erraztasuna nuela ibilketaren keinua egiteko. Orduan lehen txapelketa etorri zen, eta gero Euskadiko txapeldun izan nintzen. Gauzak nahiko azkar garatzen joan ziren, eta urtebetera Espainiako Txapelketarako sailkatu nintzen. Ni oso tematia naiz, eta ibilketa oso ondo egokitzen zen nire izateko erarekin. Ordu eta erdiko entrenamendua egitea bazen kontua, hor egoten nintzen ni ordu eta erdiz buru-belarri.

Nolakoa izan zen ibilbidea?

Ivanek esan zidan salto bat eman behar nuela, eta Donostiara joaten nintzen Mikel Odriozolarekin entrenatzera. Olinpiar ibiltaria izan zen; Bartzelonan bukatu zuen bere etapa, eta azken urteetan Donostiara bueltatu zen. 17-18 urte izango nituen Mikelekin entrenatzen hasi nintzenean. Gero 20 bat urterekin lesioa izan nuen. Beti geratzen nintzen Espainiako zazpigarren, seigarren, bosgarren postuetan, eta nik onena izan nahi nuen, hobetu nahi nuen. Mikel entrenatzaileari eta bere entrenatzaile Josep Marini, Espainiako hautatzailea ere bazena, eskatu nien salto bat egitea. Bartzelonara joaten hasi nintzen egonaldiak egitera; batez ere, entrenamendu bolumena asko igo nuen, eta nire gorputzak esan zuen nahikoa zela. Bi orpazurdetan tendinopatia izan nuen, eta lesioarekin urte eta erdi pasatu ondoren, bueltatu nintzenean nirekin aritu zen jendea oso aurrean zegoen. Lehiakortasun horretan, ikusi nuenean ezingo nintzela Espainiako taldera iritsi, beste zerbaitetan arituko nintzela erabaki nuen. Ez nintzen damutu egindako guztiaz, baina 21 urterekin utzi egin nion atleta izateari.

Garbi zenuen, halere, zure ogibidea kirolarekin lotuta izango zela.

Lesioa oso luzea izan zen, eta denbora bete behar nuen. Liburu tartean murgildu nintzen, ez izateko hain etsigarria ezin entrenatze hori. Batez ere jakin nahi nuen zer egin nezakeen hobetzen jarraitzeko, eta anatomiako eta fisiologiako liburuak irakurtzen hasi nintzen nire kasa: federazioaren kongresuetako materialak eta liburuxkak, baten eta bestearen entrenamenduak... Autodidakta izan nintzen, eta lehendabizi niregan aplikatu nahi izan nuen ikasitakoa; ikusi nuenean niregan ezin nuela aplikatu, besteei nola aplikatu aztertzen hasi nintzen. Motibatzen hasi nintzen, gustatzen zitzaidan, eta gehiago ikasi nahi nuen. Orduan kirol entrenatzaile rola hartzen hasi nintzen.

Tolosatik alde egin aurretik, Tolosa CF Atletismoko lehendakaria izan zinen. Horrek lagundu al zizun kudeaketa arloan eskarmentua hartzen?

Aurreko etapan Xabier Arratibel aritu zen atletismo koordinatzaile lanetan; Zarautzera bizitzera joan zen, eta bere etapa bukatu zuen. Hutsunea sortu zenean, Ivan Gallegori proposatu nion ardura elkarrekin hartzea eta, bide batez, atletismo eskola antolatzea eta federatutako atletak arloka egituratzea. Kudeaketan hasi nintzen, baina ez nuen pentsatu nire ogibidea izango zenik. Erronkak gustatzen zaizkit, eta aurrera egin genuen. 20 urte nituen eta unibertsitatean nengoen. Hainbeste eman didan kirolari eta klubari zerbait itzultzeko modua izan zen.

Klubarekin harremanetan jarraitzen duzu?

Klubarekin ez, kanpora joan nintzenean nire egunerokotasunak eta ordu aldaketak urrundu nindutelako, baina entrenatzaileekin bai: Ivan, Lander Gil, Ander Ortiz... Haiekin harremana estua da. Anderrekin harreman gehiago izan dut; izan ere, berari pasatu bainion lekukoa iraupen eta iraupen-erdiko taldea aurrera eramateko. Orain txapelketetan topo egiterakoan bazkaltzera-eta joan izaten gara.

Tolosatik alde egin eta hainbat lekutan egon zara.

Fisiologiaren arloan aritu nintzen. Federazioen edo olinpiar batzordeen aholkulari lanetan ibili nintzen. Adibidez, Kanadan hiru aste pasa nituen, eta Qatarren bi hilabete. 2019an Qatarretik Australiara joan nintzen, proiektu txiki baterako, eta gero Hegoafrikara joan nintzen. Han aukera izan nuen proiektu bat hasieratik bukaerara aurrera eramateko, aurrekoak proiektu txikiak izan ziren eta. Hegoafrikan kontratatu ninduten Parisko Olinpiar Jokoak arte erakundea berrantolatzeko: euren estruktura eraldatzeko, organigramak antolatzeko, lan egiteko moduak finkatzeko, entrenatzaileen eta medikuen arteko harremana finkatzeko, beka sistemak lantzeko, datuak erabilita errendimendua hobetzeko... Hegoafrikara joan nintzen proiektua interesgarria zelako: «Tori, Josu», esan zidaten, «lau urte dituzu, eta antolatu ezazu».

«Hegoafrikan kontratatu ninduten Parisko Olinpiar Jokoak arte erakundea berrantolatzeko»

Nolakoa izan zen esperientzia hura?

Oso ona. Begiak irekitzen dizkizu, Afrika delako. Bizitza erlatibizatzen laguntzen dizu: lehenengo hilabeteetan beti esaten zidaten: «Josu, lehenengo munduko arazoa da hori». Hainbat errealitate ezagutu nituen; adibidez, jendea nola sakrifikatzen zen eta entrenatzen zuen pobreziatik ateratzeko, ez bakarrik gustatzen zitzaielako, ogibide baterako aukera ikusten zutelako, bere familia laguntzeko. Horrelako egoera baten aurrean asko ikasten duzu, eta balore horiek transmititzen dizkizute atletek. 

Proiektua aurrera eramateak erakusten dizu dena ez dela izaten liburuetan bezala, egunerokoa ez dela horren erraza, eta egunero gauzak gertatzen direla. Aurrerapauso bat egin, eta atzera bi egin behar direla batzuetan. Hori ikasketa handia izan zen: gauza bat da zientziak esaten duena, eta bestea kudeaketa. Profesionalaren ikuspegitik, inflexio-puntua izan zen esperientzia hura. Lurmutur Hiriko goi errendimenduko zentroaren arduraduna nintzen. Bertan zeuden kirol guztiak kudeatu behar nituen: atletismoa, triatloia, tenisa, hockeya, errugbia... Goi mailako kultura ezartzen saiatu behar izan nuen.

 

«Profesionalaren ikuspegitik, inflexio-puntua izan zen Hegoafrikako esperientzia»

Bestalde, pandemiak harrapatu ninduen bertan, eta etxetik urruti bizitzeak beste bizipen batzuk eman zizkidan: nola kudeatu emozioak, urruti egonda ezin bidaiatzea... Gure burua zenak etxe bat alokatu zigun, eta lanean geunden atzerritar guztiak egon ginen bertan. Oso aberatsa izan zen, Australiako bat, Herbehereetako bi, Norvegiako bat, Kanadako bi, Qatarreko bat... Zortzi bat pertsona aritu ginen bost hilabetez lan egiten 24 orduz. Ni nintzen koordinatzailea, eta hainbat entrenatzaile zeuden han. Oso aberasgarria izan zen, eta profesionalki salto bat egin nuen.

Eta Afrikatik Espainiako Atletismo Federaziora joan zinen.

Tokioko Olinpiar Jokoak izan zirenean, 2021ean, Espainiako Atletismo Federazioko presidenteak, Raul Chapadok, pentsatu zuen salto bat eman behar zuela federazioak, bere estruktura modernizatu behar zela, eta bai entrenatzaileengan eta bai atletengan pedagogia egin behar zela goi mailako kirola dela sinesteko. Hain zuzen, atletak estatu bat ordezkatzen du, balio batzuk ordezkatzen ditu, bere buruari exijitu egin behar dio, goi maila da; izan ere, ez da norbanako baten ametsa soilik, estatu baten ordezkariak baitira atletak. Aldaketa bat egin nahi zuen federazioan, nazioartekotasuna hobetu, kanpotik entrenatzaileak ekarri, elkartrukeak egin eta laguntza sistemak aldatu bai entrenatzaileentzat eta baita atletentzat ere. 30 urte zituen sistemak aldaketa bat behar zuen.

Tokioko Olinpiar Jokoak bukatu ondoren deitu zidan, eta nik esan nion konprometituta nengoela Hegoafrikarekin Parisko Olinpiar Jokoak bitarte. Hizketan jarraitu genuen. 2021eko Eguberrietan Madrilera joan nintzen, berarekin hitz egin nuen, eta atletismoaren puntu hori ukitu zidan. Taldean nirekin entrenatu zuten atletak eta nire belaunaldiko atletak zeudela ikusita, oso erraza egiten zitzaidan egin beharreko aldaketa horiek guztiak ikustea. Konbentzitu ninduen, eta 2022ko martxoan Hegoafrika utzi eta Espainiako Atletismo Federazioan hasi nintzen. Orduan Antonio Sanchez zegoen kirol zuzendari lanetan; sei urtez izan zuen ardura, eta nire lehenengo postua bere ondokoa izatea izan zen. Behin Parisko Olinpiar Jokoak pasata, aldaketa proposatu zidan; hain zuzen, kirol zuzendaria izatea proposatu zidan, eta lan horretan jarraitzen dut dut gaur egun.

Lehen urtea bete berri duzu karguan, zer-nolako balantzea egiten duzu?

Kargua hartu nuenean, Espainiako atletismoaren historiako garai onena izatearekin amets egin nuen; hain zuzen, 2028ra arteko estatistikak puskatzea. Munduko eta Europako txapelketak kontuan hartuta, kategoria eta modalitate guztiak hartuta, historian ez dira izan 2025ean bezainbesteko domina eta finalista. Emaitza oso positiboa izan da lehen urte honetan, nahiz eta kausa-ondorioa ez izan. Hala ere oso kontentu nago lehen urte honetan marka horiek guztiak puskatu ditugulako. Emaitzei erreparatuta, historiako urterik onena izan da. Hala ere, gauza asko daude hobetzeko, baina objektiboki kontentu nago estatistika horiek guztiak puskatu ditugulako.

32 urterekin bihurtu zara kirol zuzendari, baina zure ibilbide guztian oso gaztetik hartu dituzu ardura handiko karguak.

Ez da ohikoa horren gazte federazio bateko kirol zuzendari izatea. Federazioak-eta beti izan ohi dira erakunde oso endogamikoak, eta federazio batean pentsatzen duzunean, normalean jende zaharragoa datorkizu burura. Molde hori hautsi dut, beti joan naiz molde hori hausten, eta horregatik hain zuzen utzi nuen bizarra. Nazioarteko federazioko edo olinpiar batzordeko bileretara joaten hasi nintzenean, gazteegi ikusten ninduten. Bizarra utzi eta itxura aldatu nuen; hala ere, bai denborak eta baita zure lanak ere jarriko zaituzte egon behar duzun lekuan. Zortea izan dut beti etapa horietan guztietan; lan asko egin dut, eta hori ere esan beharra dago, eta asko sakrifikatu izan dut: familia, lagunak, harremanak... Normalean 32 urterekin jendea oraindik atleta izaten da, eta entrenatzaile beranduago izaten dira. Zuzendari teknikoa izatea ardura handia da, baina prestatuta ikusten dut neure burua. Izan ere, dudan esperientziari esker ideiak oso garbi ditut; nire ideiak kontuan hartzen dituzte, eta hori da garrantzitsuena. Los Angeleseko Olinpiar Jokoetan gertatzen denaren arabera, aurrera jarraitzeko aukera emango didate.

«Zuzendari teknikoa izatea ardura handia da»

Zein izaten da zure egunerokoa?

Goizeko zazpi eta erdietan edo zortzietan joaten naiz bulegora, eta normalean etxera bueltatzen naiz gaueko hamarrak edo hamaikak inguru, egunero. Asteburuetan txapelketak izaten dira, egonaldiak, edo bestelako edozein ekitaldi. Gero bisitak ere egiten ditut, adibidez Bartzelonako Goi Errendimenduko Zentrora. Bilera asko egiten ditut, eta dena gainbegiratu behar izaten dut. Marketinaren arloa badago, txapelketak antolatzen dituztenak badaude, finantzak, arlo legala... baina kirol arlo guztia nire ardura da. Beraz, denetik egin behar izaten dut. Bilerak Kirol Ministerioarekin, Espainiako Olinpiar Batzordearekin, edo Nazioarteko Federazioarekin... 

Adibidez, Olinpiar Batzordearekin orain Los Angeleseko (AEB) jokoak prestatzen ari gara, 2028koak. Los Angelesen nora joan, non lo egin, zenbat atletekin, noiz joan... Apirilean joango naiz Los Angelesera dena ixtera, bi urte lehenago, baldintza onak izateko. Saiatuko gara aurretik lan asko aurreikusten, gero lehiaketara joaten garenean dena prest izateko: bilerak egiteko gela bat, fisioterapeutentzat lekua, igerilekua, izotza... Egonaldiak prestatzen ere aritu behar izaten naiz. Aurten erreleboen taldea Botswanara (Afrika) doa apirilean Munduko Txapelketara, eta horri begira Hegoafrikan egonaldia antolatzen ari gara. Eta, batez ere, CSD eta Kirol Ministerioa atletismoari laguntzeko konbentzitzen saiatu behar naiz; ateratzen dituzten kirol laguntzei adi egon, proiektu onak aurkeztu, beraiekin hitz egin...

Zenbatekoa da lantaldea? Eta zenbat atletari egiten diozue jarraipena?

Entrenatzaileak oso garrantzitsuak dira, beraiek garatzen dituztelako atletak. Ni etorri nintzenean 22 entrenatzaile zeuden, eta oraintxe bertan 35 daude. Lana gehitu egiten da, baina atleta gehiago eta hobeto kontrolatzen ditugu horrela. Horrez gain, egonaldiak-eta prestatzeko sei pertsona daude, osasun zerbitzuan hiru mediku eta zazpi fisioterapeuta daude eta bi pertsona daude entrenatzaileen prestakuntzaren arloan. 

Atletei dagokionez, orain 32 atleta dauzkagu Team España Elite eremuan; hau da, bakoitzaren diziplinan munduko 16 onenen artean daudenak. Horiek laguntza ekonomikoak badituzte, mimo handiagoa jasotzen dute eta lana askoz indibidualagoa da haiekin. Gero beste 80 bat atleta daude Espainiako taldean; ez dira goi-goi mailakoak, baina Europako Txapelketetara eta Munduko Txapelketara joaten dira. Horientzako laguntza ekonomikoa txikiagoa da, eta arreta ez da hain premiuma, baina gainean egon behar da, nazioarteko txapelketetarako sailkatzen direlako. 

Gero, gaztetxoak ditugu, 23 eta 20 urte azpikoak, eta 180 atletari egiten diogu jarraipena. Horiek normalean beren klubetan daude, beren entrenatzailearekin. Horiek txapelketetan identifikatzen ditugu, egonaldiak egiten ditugu Eguberrietan, Aste Santuan eta udan. Elkarrizketa pertsonalak egiten dizkiegu, gurasoekin hitz egiten dugu, ikusten dugu zer behar duten, baita beren entrenatzaileek ere. 18 eta 16 urtez azpikoetan berriz, txapelketetara joan eta ikusten dugu zer dagoen; 220 atleta ditugu eremu horretan beren datuekin; jarraipena egiten diegu, lesionatzen badira Madrilera ekartzen ditugu...

«Atletismoa futbolarekin batera kirol globalena izango da»

Zer-nolako osasuna du atletismoak?

Atletismoa oso kirol berezia da, agian futbolarekin batera kirol globalena izango da. Munduko azken txapelketan gutxienez 50 estatuk domina lortu zuten. Jamaikako edo beste irla bateko atleta batek 100 metrotan domina lortzen du, Kenyako edo Burundiko batek maratoian domina lortzen du... Finalista postuetan 76 estaturen presentzia izan zen. Oso kirol globala da, eta horrek erakusten du oso kirol zaila dela. Genetikak puntu handi bat du, eta guk ditugun programekin hori konpentsatu nahi izaten dugu. 

«Mundu mailan atletismoak oso osasun ona dauka»

Mundu mailan atletismoak oso osasun ona dauka: audientziak-eta goraka doaz. Estatu berriak datoz inbertsio handiekin, eta Munduko Txapelketa batera joanez gero, gozatu egiten duzu, oso globala eta oso polita delako. Nazio mailan ez naiz onena esateko zein den osasuna oraintxe, interes gatazka izan dezakedalako, baina lehen aipatu bezala, emaitzak hor daude. Beti faltako da txapelketa batean hobetzea, baina, egia esan, maila goraka doa. Urtetik urtera errekor gehiago ditugu, eta lehengo urtean Espainiako 133 errekor hautsi ditugu. Hori urtetik urtera gero eta zailago da. 20 eta 23 urte azpikoei dagokienez, aurreko urtean Espainia bigarren eta hirugarren izan zen Europan dominetan, eta normalean bosgarren eta seigarren postuan aritzen zen. Beraz, osasuna ona da, baina oraindik gauza asko daude egiteko.

Zer aholku emango zenioke atletismoan lehen urratsak ematen ari direnei?

Ilusioa izateko eta amesteko. Hotzean ikusten baduzu, goi mailako kirol guztiak bezala, oso kirol zaila da eta oso lehiakorra. Baina horrek ez diezaiola kendu haur bati Olinpiar Jokoetara joateko izan dezakeen ametsa, edo baita Espainiako Txapelketa batera joatekoa ere. Ilusioa izan eta disfruta dezala. Hori egiten baduzu, eta etapak ondo pasatzen badituzu, iritsiko zara. Kirola oso gauza eskertua da: lana egiten baduzu, konstantea bazara, gauzak ondo egiten badituzu, gorago edo beherago baina iritsiko zara puntu batera. Hori egiteko motorra ilusioa da. Egun asko behar dituzu, ordu asko behar dituzu, eta gainera Tolosan 365 egunetatik 364tan euripean entrenatuko duzu. Gogorra ere bada, askotan bakarrik sentituko zarelako, zu zeu zeure buruarekin. Baina horrek ere ikasketa politak ditu, eta zeure burua ezagutzeko eta heldutasun-salto hori emateko ere lagunduko dizu. Beraz, ilusioa izateko esango nioke, eta inork ez kentzeko ilusio hori.

«Tolosara noan bakoitzean, Berazubitik pasatzen naiz»

Josu Gomez Ezeiza 2016an Berazubin. JOSU ITURRIOTZ

Historiako emakumezko atleta bat?

Maria Perez, nahiz eta oraingoa izan, lortu duena historikoa da. Historiako emakumezko atleta onena izan daiteke.

Historiako gizonezko atleta bat?

Fermin Cacho.

Entrenatzaile bat?

Ivan Gallego, nire lehen entrenatzailea.

Atletismoko marka bat?

Armand Duplantis pertikan egiten ari dena izugarria da.

Zer marka izango da zailena hausten?

Usain Bolten 100 eta 200 metroko markak beste galaxia batekoak dira.

Atletismoaren une bat?

David Rudishak Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetan 800 metroak irabazi eta munduko marka ezarri zuenean. Estadioan bertan nengoen, Tolosako atletismoko lagunekin batera.

Estadioa?

Berazubi, zalantzarik gabe. Hegoafrikatik itzuli nintzen lehen aldian ama deika nuen ea non nenbilen, eta esan nion Berazubira joan nintzela. Eta berak: «Bi urtez egon zara kanpoan, eta etxetik pasatu aurretik lehen gauza Berazubira joatea...». Tolosara noan bakoitzean, Berazubitik pasatzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!