Miren Zeberio tolosarrak eta Enrike Solinis bilbotarrak barroko garaiko musika berreskuratu eta gaur egungo publikoari eskaintzeko formazio profesional aitzindaria sortu dute: Euskal Herriko Orkestra Barrokoa –EHOB–. «Urteak generamatzan sortu nahian, baina inoiz ez dugu babes handirik jaso. Azkenean, lortu dugu erronka», esan du Zeberiok.
Azken hamarkadetan, Europan gorakada handia izan dute musika barrokoan espezializatutako jaialdiek, eta zenbait herrialdetan oso arrunta da orkestra bat izatea. «Bertako musikariei aukera ematen diete bertan aritzeko». Euskal Herrian ere antolatzen dira musika barrokoko kontzertuak, baina orain arte ez zegoen orkestra egonkorrik. «Hemen musikari profesional ugari dago antzinako musikan espezializatu dena, baina atzerrian trebatu behar izan da. Espezializazio nahiko berezia da, eta lanerako aukera gutxi dago, salbuespen batzuk besterik ez», azaldu du tolosarrak. Bertako talentua kanpora joaten da, eta atzerriko taldeak etortzen dira hona, kontzertuak egiteko eta jaialdietan parte hartzeko. «Gainera, aretoak betetzen dituzte».
Behar horiei erantzuteko sortu dute EHOB. Helburua da urtean bizpahiru proiektu burutuko dituen talde egonkorra osatzea, kalitatezkoa eta prestaketa-lan sendoa burutuko duena. Gainera, musikari gazteak formatu nahi dituzte, aukera profesionala emateko. Horretarako, Akademia proiektua da orkestraren oinarrietako bat. Jordi Savallen eta Europako zenbait orkestren esperientzia eta ereduan oinarrituta, aukera ematen die musikari gazteei goi-mailakoekin batera errepertorio barrokoa lantzeko. Etorkizuneko musikariak prestatu nahi dituzte.
Horregatik, deialdi bat egin zuten, musikari gazteak orkestrara batzeko. Hogei lagunek eman zuten izena, eta haietatik bost hautatu zituzten. «Oso ondo prestatutako musikari asko ditugu inguruan, baina era berean, ez ditugu ezagutzen edo ez dugu haien berri izaten», adierazi du Zeberiok. Taldeko gainerako kideak lehendik ezagutzen dituzte tolosarrak eta Solinisek. «Konfiantzazko musikariak dira, askotan lankide izaten ditugunak». Orkestrako bi kidetik bat euskal herritarra da, eta emakumeen presentzia ere kontuan izan dute; gutxi gorabehera gizonak adina dira.
Azken hilabetean elkarrekin entseatu dute, eta Zeberiok nabarmendu du «oso giro ona» izan dutela. «Talde batek ondo funtzionatzeko beharrezkoa da aurrez elkar ezagutzea, elkarrekin orduak pasatzea eta momentuak partekatzea. Orkestra batean, gainerakoekin jotzera ohitu behar izaten du musikariak. Gure kasuan, guztiak dira langile finak, eta jarrera bikaina dute. Esperientzia aberasgarria izaten ari da».
Maskaraden esentzia
XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendearen hasierara arteko errepertorioa «fidelki» interpretatuko du orkestrak, garaiko instrumentuekin, berariazko teknikarekin eta ikuspegi historikoarekin. Bach, Handel, Vivaldi, Purcell edo Rameauren obra handiak entzungo dira kontzertuetan, baina garaiko sonoritate bereizgarriarekin, instrumentu eta formazio klasikoek eskaini ezin dutena.
Ahal den heinean, euskal ondarea landu eta zabaltzen ahaleginduko da orkestra. Masquarade izena jarri diote lehen proiektuari, eta bi kontzertu egingo dituzte; lehena, bihar, 19:30ean Bilboko Arriaga antzokian, eta bigarrena, larunbatean ordu berean Donostiako Kursaalen. Zeberiok aurreratu du askotariko maskaradetako zatiak musika barrokoarekin uztartuko dituztela, hala nola, frantsesak eta ingelesak. «Zuberoako Maskaradaren zatiak ere interpretatuko ditugu».
Gonbidatuekin partekatuko dute oholtza. Zuberoako musikariek eta Berritza taldeko dantzariek parte hartuko dute, baita eskualdeko bi dantzarik ere: Onditz Esnaola lizartzarrak eta Julen Lertxundi asteasuarrak. Anna Piroli soprano italiarrak ariak abestuko ditu, eta Julio Soto bertsolaria ere kantuan ariko da. «Ikusgarria izango da, edonork gozatzeko modukoa». Bi saioetarako sarrerak salgai daude Orkestrabarrokoa.eus webgunean.
Ezohiko ezaugarriak
Bi berezitasun nabarmen ditu orkestra barroko batek. Batetik, teknika eta estetika berezia du, eta orkestra sinfoniko batekin alderatuta, musikari kopurua txikiagoa da. Errepertorioa ere bestelakoa izan ohi da. Orkestra sinfonikoek obra modernoagoak ere interpretatzen dituzte. Orkestra barrokoek, berriz, musika barrokoa konposatu zen garaian erabiltzen ziren instrumentuak eta interpretatzeko irizpideak erabiltzen dituzte.
Hain justu, instrumentu historikoak erabiltzea da beste berezitasuna. «Batzuk oso garrantzitsuak ziren orkestra barrokoetan, baina denborarekin desagertu egin dira; gaur egun ez dira existitzen. Guk ditugun instrumentu ia denak garai batekoen kopiak dira, edo garaiko ezaugarriekin egindakoak. Adibidez, sokazko instrumentuen arkuak ez dira berdinak. Hori dela eta, soinua oso desberdina da; beste tinbre bat ematen diote», azaldu du Zeberiok.
Orkestrako kideek argi dute proiektuak aurrera egitea bermatzeko «ezinbestekoa» dela «erantzun ona» izatea. «Horretarako, beharrezkoa da finantziazioa eta babesa. Hasierak inoiz ez dira errazak, baina zenbat eta laguntza handiagoa izan, orduan eta errazagoa izango da guretzat gustuko duguna egiten jarraitzea», nabarmendu du musikari tolosarrak.
