Luis Mari Moreno Pirata musikari errenteriar ezagunak opari bat egin nahi izan zion duela gutxi aitari, haren 86. urtebetetzean. Iloba Leirerekin hitz egin zuen —musikologia eta kantu garaikideko ikasketak egiten ari da Madrilen—, eta aitonarentzat sei abestiz osatutako disko bat egitea proposatu zion. Piratak boleroen, rantxeren eta antzerako estiloko abestien oinarriak grabatu zituen, eta ilobak ahotsa jarri zien.
Piratak, ordea, opari hura egiteaz gain, bat jaso zuen bueltan. «Gustuko duzu musika mota hau?», galdetu zion ilobari. Hark oso gustuko zuela erantzun zion. Estudioan abestiak grabatu zituztenean, liluratuta geratu zen osaba. «Banekien ahots polita zuela, haurra zenean entzun izan nuelako, baina sorpresa ederra izan zen; izaera handiko ahotsa dauka», nabarmendu du.
Pirata jakitun da musikari lotuta lan egin nahiko lukeela Leirek, eta aitonarentzat diskoa grabatu ondoren ea talde bat osatuko zukeen galdetu zion. «Berehala esan zidan baietz, eta kalitate handiko musikariz inguratuta bizi naizenez, taldea osatzeko kide bila hasi nintzen», adierazi du errenteriarrak. Azkenean, Rockaleanen taldekide dituen Mikel Sukunza gitarra-jotzaile irundarra eta Jon Viejo tronpeta-jotzaile donostiarra, Iñaki Dieguez akordeoilari irundarra eta Raul Bautista tronpeta-jotzaile donostiarra batu ziren proiektura. «Proiektu askotan bat egin izan dugu».
Hortaz, kasualitate hutsez edo bat-batean sortu dute berriki Me Vale Madre seikotea. Multzoaren izenari buruz galdetuta, Piratak erantzun du mexikar adiera edo esamoldea dela, lagunartekoa, eta honako esanahia duela: «Bost axola izatea. Egoera, pertsona edo iruzkin batekiko erabateko axolagabekeria, interesik eza edo gogogabetasuna adieraztea. Arrunta bada ere, maiz erabiltzen da gauzei garrantzia kentzeko».
Aurkezpen kontzertua urtarrilean Errenterian egin eta gero, bihar bigarren saioa egingo du taldeak, Gure Zirkuak Tolosan duen karpan. 19:30ean hasiko da, eta zenbait sarrera salgai daude oraindik Gurezirkua.eus webgunean; hamar euroko prezioa du sarrera bakoitzak. Aurretik ordea, goizean, giroa berotzen ibiliko dira Me vale madreko musikariak Tolosako kaleetan, 12:30ean kalejiran aterako direla aurreratu baitute.
Bi estiloren arteko nahasketa
Musikari errenteriarrak argi zuen talde berria sortzeko bi xehetasun kontuan izan behar zituela. Batetik, doinu mexikarrak interpretatuko zituztela, hala nola, boleroak, rantxerak eta korridoak. «Oso musika estilo atsegina da, jotzeko polita eta entzuteko erraza». Bestetik, ez zuen mariatxi bat osatu nahi; ez daukate biolin-jotzailerik. «Rantxera estiloa gehiago jorratzen duen taldea gara; Mexiko iparraldean ohikoagoak dira mota horretako taldeak, nahiz eta eremu horretako taldeetan tronpeta-jotzaileak ohikoak ez izan. Gurea bi estiloren arteko nahasketa da: Jaliskoko eremuko musika eta iparraldekoa».
Errenteriarrak mariatxi bat nahi ez zuenez, hasieratik seikotea osatzen ahalegindu zen. «Batetik bestera mugitzeko eta kontzertuak lotzeko errazagoa da. Biolin-jotzaileak edukiz gero, gutxienez lau eduki beharko genituzke. Orduan, hamar kide izango ginateke, eta hori asko da. Gainera, taldea osatzen dugun sei musikariok oso ondo ezagutzen dugu elkar; etxekoak gara».
Luis Mari Moreno 'Pirata': «Jolas egiteko aukera ematen duen estiloa da, baina maitasunez eta errespetuz egin behar da»
Bi estiloren arteko nahasketa horretan, batez ere kantautore mexikarren abesti ezagunen bertsioak jo nahi dituzte, baina, tarteka, abesti propioak sortu nahiko lituzkete. Piratak aurreratu du mexikarrak ez diren abesti ezagunak ere mexikar estilora moldatu ditzaketela, Xabier Leterenak edo Queen taldearenak, esaterako. «Jolas egiteko aukera ematen duen estiloa da, baina maitasunez eta errespetuz egin behar da. Duela gutxi, Extremoduro taldearen abesti bat moldatu dugu, abenduan hil zen Robe Iniestaren omenez».
Emakumezko kantautoreen indarra
Mexikar errepertorio tradizionala landu nahi dute, eta bereziki oihartzuna eman nahi diote emakumezko kantautoreen lanari. «Musika mexikarraz hitz egitean, beti etortzen zaizkigu burura gizonezko abeslariak: Jorge Negrete, Vicente Fernandez… baina oso gutxi hitz egiten da Paquita la del Barrio, Lola Beltran, Rocio Durcal edo Chavela Vargasi buruz, eta sekulako kantutzarrak dituzte». Errenteriarraren ustez «oso garrantzitsuak» dira Mexikoko musikaren alorrean. «Gizonezko batek ezingo luke Rata de dos patas kantua abestu, ez, behintzat, Paquita la del Barriok abesten zuen izaerarekin».
Piratak ez du zailtasunik izaten abesti ezagunen moldaketak egiteko edo kantu berriak sortzeko, ezta mexikar estilokoak ere. «Beste edozein estiloko abesti bat sortzearen pareko ariketa da. Mexikar estiloan kantu gehienak maitasunari eta desamodioari buruzkoak izaten dira, eta hori kontuan izan behar da, baina ez da konplexua». Eta zer lizentzia edo baimen izan dezake euskal herritar batek Mexikoko folkloreko abesti bat sortzeko? Errenteriarrak argi dauka: «Nahi adina! Mexikon oso ondo tratatzen gaituzte euskal herritarrok, eta gutako askok familia edo arbasoak ditu bertan».
Luis Mari Moreno 'Pirata': «Mexikoko musika herrian gertatzen denaz elikatzen da; guztiok sentitzen gara kantuetan islatuta»
Errenteriarrak gaineratu du kantautore mexikarrak inoiz ez direla «literato handiak» izan. «Herriko istorioak kontatzen dituzte abestien bitartez, besterik ez. Azkenean, Mexikoko musika herrian dago, eta herrian gertatzen denaz elikatzen da; guztiok sentitzen gara kantuetan islatuta. Horregatik da polita eta hain itsaskorra; horregatik, eta melodiengatik, noski».
Gaur egungo kantautoreen lanaz ere hitz egin du Piratak; besteak beste, Carin Leon aipatu du. «Oso desberdina da hark egiten duena, batez ere, abestien ekoizpenari eta erritmoari dagokionez. Elektronika gehiago entzuten da haren abestietan, baina akordeak eta gaiak ez dira asko aldatu 1940 edo 1950eko hamarkadatik hona».
Leku magikoan, festa bat
Urtarrilaren 30ean egin zuen seikoteak aurkezpen kontzertua Errenteriako Cyne Reyna tabernan. «35 urte bete berri ditu, eta musika talde guztiekin jo izan dugu bertan. Gure bigarren etxea da; behartuta geunden kontzertua bertan egitera. Harrera ona izan genuen, eta saio ederra izan zen».
Biharkoa oraindik taldearen lana aurkezteko kontzertua izango da. Lagunen arteko harremanari esker lortu zuten Gure Zirkuaren karpan egitea saioa. «Adiskidetasun handia dugu Iker Galartzarekin, baita Ibon Mendibil eta Unai Zabaleta Gure Zirkuko musikariekin ere. Gabonetan haien funtzio bat ikustera joan nintzen, eta orduan aipatu nien aurrerago kontzertu bat egitea gustatuko zitzaidala, eta ez zidaten oztoporik jarri».
Me Vale Madre ez da Tolosako karpan ariko den lehen taldea izango, eta ez da kasualitatea geroz eta musikari gehiagok bertan jo nahi izatea. «Sekulako tokia da, talde txikientzat aukera handia ematen duena. Magia berezia du; proiektuko kideak ere magikoak dira, oso jatorrak. Artea oso gustuko dutenez, gainerako artistei laguntzeko prest daude. Gozamen hutsa da».
Kontzertura joaten denak musika mexikarra entzungo du, batez ere abesti ezagunen bertsioak. Piratak badaki ikusleak harmailan eserita egongo direla, baina aurreratu du nahi adina mugitzeko aukera izango dutela. «Dantzatu nahi duenak dantzatu dezala. Festa bat izatea nahi dugu. Guk bezain ondo edo guk baino hobeto pasatzen badute, helburua beteko dugu».
Dozena bat kontzertu hitzartuta
Me Vale Madre ez da doinu mexikarrak interpretatzen dituen talde bakarra Euskal Herrian; Pirataren proiektua, beraz, ez da berritzailea, baina errenteriarrak esan du taldeak bide luzea izan dezakeela: «Ez gara amateurrak, eta banekien taldea sortuz gero kontzertuak egiteko aukera izango genuela Euskal Herrian, ez dagoelako festetan dagoen herririk uneren batean rantxera bat dantzatzen ez duenik. Nafarroan, adibidez, musika mexikarrak arrakasta handia du; pasio handiz entzuten dute. Lagun nafar batek esan zidan taldea sortzeko beldurrik ez izateko».
Nafarroan, baita gainerako lurraldeetan ere, datozen hilabeteetan kontzertuak egitea da taldearen nahia, batez ere udan. «Dagoeneko dozena bat saio ditugu hitzartuta». Hori, ordea, ez da erraza talde batean baino gehiagotan aritzen diren musikariak tartean daudenean. Bestetik, Piratak nabarmendu du abesti propioen errepertorioa sortzea gustatuko litzaiokeela. «Taldekideek proiektuarekin gozatzea nahi dut, eta ahalik eta gehien iraun dezala».
Musika, bizitzeko modu
Piratak 40 urte beteko ditu laster musikagintzan. Besteak beste, Incansables txarangan, Los Del Gas, Rockalean eta Euskorleans taldeetan, Late Motiv telebista programan nahiz C Tanganaren nazioarteko azken biran parte hartu du. Horietako batzuetan, tarteka, egokitu izan zaio mexikar errepertorio tradizionaleko abestiak interpretatzea, baina orain lehen aldiz ari da erabat estilo hori lantzen duen talde batean. «Duela 36 urte, Incansablesekin abesti mexikarrak jotzen genituenean, sekulako arrakasta izaten zuten, gaur egun pop abestiek izaten dutenaren antzera».
Errenteriarrari bizitzeko eta bizia aurrera ateratzeko modu bilakatu zaio musika. Ez da aspertzen, ezta nekatzen ere instrumentuak jotzeaz eta melodia berriak sortzeaz. «Zortekoa naiz, zaletasun batetik bizi naitekeelako. Musika zoragarria da. Metalica taldeak, Vienako Orkestra Filarmonikoak Flamenko talde batek edo guk nota berak erabiltzen ditugu, guztira hamabi. Nota horiek erabiltzen eta horiekin jolas egiten jakitean dago desberdintasuna».

