Hasi dira Tolosako 20.1 Amarotz paper-fabrika esparruan alokairuko babes ofizialeko 192 etxebizitza eraikitzeko obrak. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila ari da proiektua sustatzen, Visesaren bitartez. Garabiak asteazkenaz geroztik ari dira lanean 2.1 eta 2.2 partzeletan, eta gaur eremuan bertan izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea. Bisitan, Visesako zuzendaritzako ordezkariek bi proiektuari buruzko azalpenak eman dizkiete agintariei.
192 etxebizitza babestuak –111 2.1 partzelan, eta 81 2.2 partzelan– Visesak eraiki eta Alokabidek kudeatuko ditu. Horretarako, 34,7 milioi euroko inbertsio publikoa egingo dute; aurrekontuak barne hartzen ditu lurzoruaren balioa, urbanizazio osagarria, eraikuntza, deskontaminazioa, ordainsari teknikoak, ekipamenduak eta lizentziak. 2028ko bigarren seihilekoan emango dizkiote etxebizitzak Alokabideri, esleitzeko prest.
Proiektuaren izaera nabarmendu du Itxasok. «Ez gara iragarpenak egitera etorri, ezta asmoak marraztera ere; agindutakoarekin betetzera etorri gara. Izatez, paperean geratzen diren proiektuez haratago, obra erreal bihurtzen den ekimen bati hasiera eman diogu», adierazi du. Sailburuak nabarmendu du herriarentzat «esanguratsua» den unean hasi direla lanak, Tolosa ofizialki eremu tentsionatu izendatu berri dutelako: «izendapen hori ez da titular hutsa, herritarrak babesteko tresna zehatza baizik». Eta gaineratu du aukera ematen diela «prezioak modu eraginkorrean kontrolatzeko eta alokairu eskuragarria handitzeko, batez ere talde zaurgarrienentzat».
Alkateak azaldu du Amarozko proiektua «mugarri» dela Tolosarentzat, eta etxebizitza-eskaintza indartzen laguntzeko «urrats garrantzitsua» dela. «Ez dira edonolako etxebizitzak, alokairu sozialera bideratutakoak baizik, familia askoren beharrei erantzungo dietenak. Etxebizitzak prezio eskuragarrian eskaintzeko bidearen hasiera da». Gaineratu du erakundeen arteko lankidetzaren emaitza dela. «Uste dut gehiago bultzatu beharko genukeela bide hori; adibidez, Alde Zaharreko eraikinak birgaitu eta alokairu sozialera bideratzeko», nabarmendu du.
Hala ere, Martinez de Rituertok ohartarazi du proiektuak auzo-ikuspegia behar duela, eraikuntzaz haratago. «Proiektuak erabat aldatuko du Amarotz auzo historiko eta errotuaren errealitatea, bertako biztanleria nabarmen handituko baitu. Premia berriak sortuko dira auzoan, eta proiektuaren eragina neurtu beharko da. Horretarako, azterlan bat jarri dugu martxan, auzo elkartearekin batera», azaldu du alkateak.
Auzoaren hiri-eraldaketa
Itxasok jakinarazi du proiektuaren ibilbidea ez dela erraza izan. Ura agentziak 2014an egindako uholde-arriskuaren araudia eguneratzearen ondorioz, hirigintza-garapena aldatu behar izan zuten, eta aurreikusitako antolamendua guztiz birplanteatu. Esparruaren hegoaldeko guneak uholde-eremu gisa katalogatu ziren; hori dela eta, hasieran 3. eta 4. partzeletan aurreikusitako eraikigarritasuna iparraldeko gunean dauden 1. eta 2. partzeletara igaro zen.
Amarozko proiektuak, 192 etxebizitza eraikitzeaz gain, aintzat hartzen du ibai-ingurunea birnaturalizatzea, Araxes ibaiertzeko pasealeku baten bidez ibaiarekiko lotura berreskuratzea, erabilera publikoko espazio libreak birmoldatzea, Amarotz kalean zehar berdegune berriak egitea eta aparkalekuak sortzea.
Itxasok azpimarratu du Amarozko «hiri-eraldaketa handiaren amaiera» dela proiektua. «Pertsonentzako pentsatutako auzoa izango da, konexio berriekin, berdegune berriekin eta ingurune atseginagoarekin. Gainera, arauditik eratorritako eskakizunek, jarduna geldiarazi ordez, hobetzea ahalbidetu dute».
Sailburuak adierazi du eraikitzen dutena «helburu argiekin» eraikitzen dutela. «Industria egon zen lekuan, laster etxeak izango dira. Itxita egon zen eremuan, auzo irekia eta bizia sortuko da. Mugak zeuden tokian, aukerak zabalduko dira. Hori da gure etxebizitza-politikaren funtsa. Obrak hastearekin batera, aukera berriak zabaldu zaizkie Tolosako ehunka familiari».
Gazteriaren aldeko apustua
Itxasok gaineratu du sustapenak gizarte-arloan eragin «adierazgarria» izango duela. Etxebideko datuen arabera, Tolosan 1.178 bizikidetza-unitate daude izena emanda, eta horietatik 505 alokairuko etxebizitza baten bila ari dira; gainera, 308 erabiltzaile 36 urtetik beherakoak dira. «Hori dela eta, emantzipaziorako palanka bat izango da promozio hau, irtenbide erreal bat, Tolosako gazteen herenak hemen aurkituko baitu bilatzen duena», esan du sailburuak.
Pradalesek ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren erronkari heltzeko «konpromiso irmoa» duela, eta horren adibide jarri ditu Premiazko Neurriei buruzko Legea, Plan Gidaria eta eremu tentsionatuak izendatzeko prozesua. «Aurrekaririk gabeko emaitzak nahi baditugu, aurrekaririk gabeko erabakiak hartu behar ditugu. Hori ari gara egiten, EAEko egoerak eta gizarteak hala eskatzen baitigu», esan du. Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan alokairurako 7.000 etxebizitza babestu –erdia, gutxienez, 36 urtetik beherakoentzat– bultzatzeko hartutako konpromisoaren parte dira Amarozko etxeak.
Lehendakaria jakitun da etxebizitzaren erronka «konplexua» dela, eta ez dutela egun batetik bestera konponduko. «Baina gaurkoa bezalako pauso irmoak eman behar ditugu. Gehiago eta hobeto eraiki behar dugu. Eremu bat gune tentsionatu izendatzea ezinbestekoa da, eskariaren gainean neurriak ezartzeko. Etxebizitzak eraikitzea, berriz, eskaintzaren gainean neurriak ezartzea da». Testuinguru horretan, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du Pradalesek: «Oinarri sendoak behar ditugu. Guztiok maila berean bagaude, sinetsita nago legealdi hau inflexio-puntua izango dela EAEko etxebizitza-politika publikoetan».
Sustapenaren ezaugarriak
- 2.1 partzela: alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitza. Etxebizitzak L formako bi bloketan antolatuko dira, eta bloke horiek beheko solairua, bederatzi goi-solairu eta garajeetarako sotoko bi solairu izango dituzte. Banaketa hau izango dute:
- Logela bakarreko 30 etxebizitza.
- Bi logelako 65 etxebizitza, horietako 5 mugikortasun mugatuko pertsonentzat egokituta.
- Hiru logelako 16 etxebizitza.
Diseinu arkitektonikoak neguan eguzkiztapena maximizatzen du, eta udan erradiaziotik babesten du, hegalei eta terrazei esker. Fatxada aireztatua izango da, aluminiozko xafla profilatuko eta konposite-paneleko akaberarekin, artile mineraleko isolamenduarekin eta hormigoi armatuzko egiturarekin.
- 2.2 partzela: 81 etxebizitza, bi eraikin independentetan banatuta (beheko solairua + 9 goi-solairu, eta beheko solairua + 8 solairu), garajeetarako partekatutako sotoko bi solairuren gainean. Hau da banaketa:
- Logela bakarreko 10 etxebizitza.
- Bi logelako 55 etxebizitza, horietako 4 mugikortasun mugatuko pertsonentzat egokituta.
- Hiru logelako 16 etxebizitza.
Bi eraikinen artean, erabilera publikoko plaza zolatu bat eta Araxes ibaiarekiko paralelo doan pasealekuarekin lotuko duen lorategi-ezponda bat proiektatzen dira. Eraikuntza-soluzioak, bestalde, partzelak duen % 5,5eko maldari erantzuten dio, iragazkortasun txikiko hormigoizko hormekin, zimendu mistoekin eta egitura arkupedunarekin.
Eraikin guztiak % 100 elektrikoak izango dira, eta aerotermia-sistemak, erradiadore indibidualak eta estalkian panel fotovoltaikoak izango dituzte, etxeko ur beroaren ekoizpenean laguntzeko. Fatxada aireztatuak izango dira; terraza-eremuetan panel metalikoa eta SATE sistemak konbinatuko ditu.