2027ko otsailaren 4ra begira daude tolosarrak. Egun horretan izango da datorren urteko Ostegun Gizena, San Blas egunaren biharamunean eta Agate Deunaren bezperan, alegia. Baina, asko falta da ordurako, eta aurtengo inauterietan gertatutakoa errepasatzeko unea da orain. Era berean, festei buruzko balorazioa egitea egokitzen da, eta horretarako, bilera irekia egingo du udalak herritar eta eragileekin. Otsailaren 24an izango da, datorren asteartean; 19:00etan hasiko da, udaletxeko bilkura aretoan.
Herritar eta eragileen iritzi eta eskaerak entzun aurretik, udalak, edo udal gobernuko ordezkariek, behintzat, egin dute lehen balorazio azkarra. Goiuri Eceiza kultura saileko zinegotziak eta Aitzol Gartzia festetako zinegotziak Asteartita egunean hitz egin zuten aurtengo inauteriei buruz. «Eguraldiak markatu ditu aurtengo inauteriak, onerako eta txarrerako. Euriak baldintzatu du kalean egon den jende kopurua», adierazi zuen Gartziak. Eceizak ere eguraldia izan zuen hizpide lehen hitzetan: «Gorabehera handienak sortu dituen faktorea izan da. Pena da euriagatik ekintza batzuk bertan behera utzi edo aldatu behar izatea».
Era berean, ezbehar edo intzidentzia gutxi izan direla nabarmendu zuen kultura saileko zinegotziak: «Festak ez dira leku erosoak denentzat, bereziki emakumeentzat, eta aurtengo inauteriak, betiko gorabeherak kenduta, azken urteetakoak baino festa lasaiagoak izan dira, eta eskertzekoa da. Ez da egon salatzeko oso larria den ezer».
Alkatearen balorazioa
Biharamunean, hau da, Hausterre egunean, Andu Martinez de Rituertok sare sozialen bidez egin du lehen balorazio azkarra. Besteak beste, tolosarrak eskertu eta zoriondu ditu: «Mozorro eta parodia ederrak topatu ditugu nonahi. Gauzarik sinpleenarekin zenbat liluratzera iritsi ote gaitezkeen». Eguraldia ere gogoan izan du alkateak: «Une askotan lagundu ez badu ere, Tolosak erakutsi du inauteria gogotik bizi duela. Euriak distira kendu dio tarteka festari, baina gainerakoan giroa bikaina izan da».
Zenbait gauza azpimarratzearren, batetik, Martinez de Rituertok esan du Isabelita gunea «topera» izan dela, eta familientzat «alternatiba» bilakatu dela. Bestetik, eguneko eta gaueko txarangak «mundialak» izan direla, baita edozein txokotan musika zuzenean egin duten inauterizaleak ere. «Aurten hobeto gozatu dugu txarangen jaitsieraz, Nafarroa etorbidetik», gaineratu du. Azkenik, alkateak adierazi du karrozek, oro har, «jarrera ona» izan dutela.
Oraindik datuak falta bazaizkie ere, momentuz eskuartean duten informazioaren arabera, eta Eceizak asteartean aurreratu moduan, Martinez de Rituertok nabarmendu du ez dela intzidentzia larririk izan inauterietan. «Ez istripurik, ez zauritu larririk, ezta erasorik ere; liskarren bat edo beste bai, baina gehiagora igaro ez dena. Lapurretei dagokienez, salaketa gutxi jaso dira aurten».
Komunak, zaborra eta bolumena
Alkateak adierazi du «beti» izaten direla hobetzekoak, baita aurten ere. «Horretan jarriko dugu azpimarra hemendik aurrera». Besteak beste, «puntu negatibo gisa», azpimarratu du komun publiko asko «txikitu» egin dituztela, eta zerbitzua ezin izan dela egokiena izan zenbaitetan. «Egunero aritu dira konponketa lanetan, baina tamalgarria da topatu izan dutena». Bestetik, adierazi du zaborraren bolumena, bereziki igandean, «ikaragarria» izan dela. «Ahalegin handia egiten dugu komunak eta zaborrontzi askoz ere gehiago jarrita, baina hala ere, askok ez dituzte erabiltzen, eta pertsona batzuek txikitu egiten dituzte. Zer pentsa ematen du horrek».
Martinez de Rituertok esan du musikaren bolumenarekin ere badela «zer hobetu». Aurten neurriak hartu ditu udalak, eta «zertxobait» nabaritu duten arren, alkateari iruditzen zaio gehiago sakontzen jarraitu behar dutela, oreka bat topatzeko. «Ez da erraza, festatik baztertu baino, festan integratu behar ditugulako inauteria bizitzeko modu guztiak, baina inor deseroso ez sentitzeko moduan. Berdin botilatzarrarekin. Kanpotik iristen den jende oldeak ere zaildu egiten du hori».
Lehen balorazio azkarra amaitzeko, herritarrak eskertu moduan, azken astean lanean aritu diren udal langileak ere eskertu ditu alkateak. «Egunerokoan egiten dutena ez da ikusten, ez da jakiten, baina sekulako eginahalak egiten dituzte inauteriak posible izan daitezen, eta aitortzea dagokigu».
Hilaren 24an egingo du udalak balorazio sakonagoa herritarrekin. «Hortik aurrera, hobetzen jarraitzera», esan du alkateak.
San Esteban auzoko bizilagunen haserrea
Ttonttor San Esteban Auzo Elkarteak bideo bat argitaratu zuen atzo Instagram sare sozialean. Auzo elkarteko kideak haserre daude udalarekin, iaz bezala, zenbait konpartsetako inauterizaleek auzo elkartearen lokalaren kanpoaldean lurrean pintura arrastoak eta zaborra utzi dutelako –beheko bideoan ikusi daiteke–. «Aurten toki falta dela eta, berriro ere auzo elkartearen kanpoaldean egun gutxi batzuk konpartsa pare bat bakarrik izango zirela esan ziguten udaletik. Konpartsak egiten dituzten taldeei arau argi eta zehatzak jarri zizkieten iazkoa pasa ez zedin. Bada, pasa da berriro ere. Aspertuta gaude», salatu dute.
View this post on Instagram