Berrikuntzekin dator Amalur Jardunaldien 20. edizioa

Ataria 2026ko otsailaren 18a

Otsailaren 27an hasi eta maiatzaren 8an amaituko dira jardunaldiak. Aurkezpen guztiak Topic-en izango dira, 19:00etan, bat izan ezik. Sarrerak doakoak dira, eta gehienez pertsona bakoitzak 3 lagunentzat har ditzake gonbidapenak. Tailerrak 18:30etik 21:00etara izango dira, eta aurrez eman behar da izena.

Hogei urte beteko ditu Amalurrek. Bi hamarkadaz mundu zabaleko istorioak kontatzeko eta entzuteko aukera eskaini dute jardunaldiek. Bada, urtemuga borobil honen aitzakian, ikuspegi zabalago batekin osatu da aurtengo eskaintza: bidaia eta antropologia ez ezik, ingurumena eta zientzia ere izango dute hizpide, berrikuntza bezala.

Hogei urte zuekin gailurrean lelopean, bederatzi hitzaldi, bi tailer eta ikastetxeei zuzendutako prestakuntza-jardunaldi bat eskainiko dira aurten. Bederatzi hitzaldietatik bost, bidaien eta antropologiaren ingurukoak izango dira; gainerakoek, berriz, ingurumenean eta zientzian sakonduko dute. 

Otsailaren 27an, ostirala, izango da lehen hitzordua. Asier Hilario tolosarraren eta Jerónimo Lopez irakaslearen arteko elkarrizketa bat (gazteleraz) entzuteko aukera izango da Mendiak mintzo direnean: harkaitzei, izotzari eta zientziari buruzko elkarrizketak izeneko  saioan. Hitzaldi guztiak 19:00etatik 20:30era izango dira, Topic-eko Antxon Elosegi areto nagusian, martxoaren 27koa izan ezik. Hori 19:30ean hasiko da.

Sarrera doakoa izango den arren, aldez aurretik gonbidapenen erreserba egitea beharrezkoa izango da. Saio bakoitza baino astebete lehenago aktibatuko da horretarako aukera: Topic-eko leihatilan edo webgunean eskuratu ahal izango dira. Pertsona bakoitzeko gehienez hiru gonbidapen eskuratu ahal izango dira.

Hogei urteren ondoren, eskertuta

Bi hamarkadako bidea eginda, pozik eta eskertuta hitz egin du Alberto Luengo, jardunaldien koordinatzaileak: «Bidaiarientzako itsasargia izan da; jakin-mina dutenentzako babesleku bat, maparik gabeko munduentzako ate irekia. Herriak, haien ahotsak eta tradizioak, bizitzari begiratzeko moduak... Denetarik jorratu dugu, eta entzuleen erantzuna bikaina izan da beti».

Esker hitzak izan dituzte, era berean, Kepa Goikoetxea, Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, eta Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatuak. Guztiek bat egin dute Amalur Jardunaldiek lortu duten erreferentzialtasuna nabarmentzerako orduan.

 

Amalur jardunaldiak | Egitaraua
  • Otsailak 27, ostirala. 19:00. Mendiak mintzo direnean: harkaitzei, izotzari eta zientziari buruzko elkarrizketak . Asier Hilario eta Jerónimo López en arteko elkarrizketa. (Gaztelaniaz)

Duela mende erdi ezinezko ziruditen bideak ireki zituen alpinistaren, mendiak beste inork ez bezala irakurtzen jakin duen geologoaren eta Antartikari buruzko ikerketa nazioartean hainbat urtez koordinatu zuen diplomatikoaren inguruan arituko dira. Mendiari, ezagutzari eta zientziari eskainitako bizitza nola eraikitzen den ulertzeko elkarrizketa izango da.

  • Martxoak 5, osteguna. 18:30-21:00. (Tailerra). Zergatik eta zertarako bidaiatu gaur? Patricia Almarcegui. (Gaztelaniaz)

Antzinatik, bidaia izan da mundua ezagutzeko modu nagusietako bat. Tailer honek ibilbide aktibo bat proposatzen du bidaia taxutu duten ideietan eta ondoen narratu duten obretan barrena, ibilbideari forma eman dioten tentsio handiak ezagutzeko asmoz. Zer sentsibilitate berri zeharkatzen ditu gaur egun bidaiatzearen esperientziak? Nola jarrai dezakegu bidaia pentsatzen eta idazten?

  • Martxoak 6, ostirala. 19:00. Txinpantze artean bizitzen. Rebeca Atenciaren bidea Afrikan. (Gaztelaniaz)

Kongoko Jane Goodall Institutuan eta Tchimpoungako Txinpantzeen Errehabilitazio Zentroan bizitzen ari den esperientziaz hitz egingo du Atenciak. Txinpantzeak beren habitat naturalean berreskuratzeko, birgaitzeko eta berriro sartzeko erronkak eta aurrerapenak azalduko ditu, baita txinpantzeen babeserako eta ongizaterako ikerketa zientifikoek duen garrantzia ere. Bere lanaren dimentsio humanoa eta etikoa islatzen duten bizipen pertsonalak ere kontatuko ditu.

  • Martxoak 13, ostirala. 19:00. Glaziarrak gainbehera azkarrean. Eñaut Izagirre. Aurkezlea: Asier Hilario. (Euskaraz).

Glaziarrak planetaren artxibo natural eta iraganeko zein egungo klima-aldaketaren lekuko bizidun dira. Sistema klimatikoan duten eginkizun aktiboaz hitz egingo hitzaldian, baita haien balio hidrologiko, ekologiko eta sozialaz, eta haien desagerpenak dakartzan ondorio larrien inguruan ere. Patagoniatik eta Alaskatik Pirinioetara doan ibilbide bat da, Lurraren memoria klimatikoari eta izotzik gabeko etorkizun bati buruz hausnartzeko.

  • Martxoak 26, osteguna. 19:00. Artikotik Antartidara, espedizio polarreko gida baten esperientziak. María Intxaustegi. (Eus)

Udan gora Artikoan eta neguan behera Antartikan, halakoxea da María Intxaustegiren bizitza espedizio-gidari eta urpekari polar gisa. Bere esperientziez, logistikaz eta konplexutasunez hitz egingo du, latitude babesgabe horiek ezagutu nahi dituzten zientzialariek eta turistek gero eta gehiago eskatzen duten lan ezohikoaren inguruan.

  • Martxoak 27, ostirala. 19:30. Zeruak bere historia kontatzen duenean: atmosferaren ikuskizunak gure planetan. Arnaitz Fernández. (Euskaraz).

Euskal Herrian orotariko fenomeno meteorologikoak ikusgai dauzkagu, baina kasu honetan, munduan zehar aurkitu ditzakegun fenomeno meteorologikoen inguruan hitz egingo da. Ekaitz iraunkorrak, urakanak, itsasoko olatu erraldoiak, aurorak, zurrunbiloak, hare ekaitzak, euri jasak... Non eta zergatik ematen dira? Horretaz guztiaz hitz egingo da hitzaldian.

  • Apirilak 15, asteazkena. 18:30-21:00. (Tailerra) Nola prestatu naturari argazkiak ateratzeko bidaia bat? Juan José Ramos (Gaztelaniaz).

Tailerraren helburua da planetako edozein lekutara flora, fauna edo paisaiaren bila argazki-bidaia bat prestatzeko orduan kontuan izan behar dugun horretan hastea. Bertan, bidaiatzen dugun bitartean naturari buruzko argazki onak ateratzeko gako erraz batzuk eskainiko dira.

  • Apirilak 16, osteguna. 19:00. 25 urte Egipton indusketak egiten: momia, hilobi eta hieroglifiko artean. José Manuel Galán. (Gaztelaniaz).

Djehuty proiektua Espainiako misio arkeologiko bat da, eta K. a. 2000. urtetik erromatarren garaira arteko hilobi-multzo baten indusketa-, zaharberritze-, azterketa- eta argitalpen-lanak egiten ditu. 2023. urteaz geroztik, hilobietako bi jendearentzat irekita daude, baita aurreko garaietako ehorzketa eta adobezko kaperak ere, horien artean duela 4.000 urteko hileta-lorategi bat. Horretaz guztiaz hitz egingo dira hitzaldian.

  • Apirilak 17, ostirala. 19:00. Bidaia batek leku izateari uzten dionean. Urtebete itzulerako txartelik gabe. Agustín Charler. Aurkezlea: Roge Blasco. (Gaztelaniaz)

Honela definitu du hizlariak saioa: Ez dut herrialderik aipatu nahi; eraldatu ninduten aldaketei buruz hitz egin nahi dut. Itzulera datarik gabe atera eta horrek nire munduan egoteko modua aldatzen zuela konturatzeaz. Horrela bidaiatzea bizitzarekin, begiradarekin eta inguratzen nauen munduarekin konpromisoa hartzea da.

  • Apirilak 24, ostirala. 19:00. Carbonara con Nata & Mi madre se convirtió en pájaro. Iraganeko bidaiak. Javier Brandoli eta Josep Palau. (Gaztelaniaz)

Zergatik hartu du “Carbonara con Nata” izenburua nazioarteko politikari, munduari eta haren ikuspegiei buruzko saiakera eta bidaia-liburu batek? Gure bizitzako ziurtasunetatik abiatuta, gure kode eta ohiturekin, testu honek kontinente guztietan zeharreko bidaia eskaintzen du: labar bateko jauzilari tristeak, lehoiak babesten dituen ehiztaria, ibai batera agur esatera joan ziren maitaleak, auzokoei janaria oparitzen dieten okupak, indigenen kartzela bakarrik, ur bila dabiltzan elefanteak, sumendi batek suntsitutako uhartea… 

  • Maiatzak 8, ostirala. 19:00. Zer izan nahi duzu handitan? Pere Estupinyá. (Gaztelaniaz)

Bizitza luzearen benetako iraultza ez da osasuna, baizik eta zaharrek beren burua ikusteko duten modua. Eta horrek hirugarren adin ikusgarri bat bizitzeko aukera ematen du, jardueraz, kezkaz, gogobetetasunez eta gizarte-konpromisoz betea. Horretarako prestatu egin behar dugu gure burua, gure buruari galdetuz: "Zer izan nahi dut handitan?" eta bizitza berri horren benetako gakoei erreparatuz -bizitza osasungarria, baina baita finantzak, ingurune soziala eta hazkunde pertsonala ere-.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!