Lehen Repsol Eguzkia jaso du Nicolas erretegiak

Ataria 2026ko otsailaren 17a

Nicolas erretegiko lantaldea. Ezkerrean, Xabi Ruiz, jatetxeko arduraduna.

Erretegia aro berri bati ekitera doa, hiru menu dastagarri berri jarriz eta dastatze gidatuak eskainiz.

Tolosako Nicolas erretegiak bere lehen Repsol Eguzkia jaso du. Aintzatespena pozik hartu dute jatetxeko arduradunek, eta esan dute euren ibilbidean mugarri izango dela. Repsol gidaren Eguzkien gala atzo egin zuten Tarragonan. Tolosako jatetxeari saria ematerako orduan, sukaldearen bikaintasuna, zerbitzu ona eta proiektuaren koherentzia hartu dituzte kontuan. «Repsol Eguzkia jaso izana bultzada handia da guretzat. Bezeroak guregana etortzean, txuleta on bat jateaz gain, esperientzia sentsorial oso bat bizitzea nahi dugu», azaldu dute.

Saria une berezian datorkiela esan dute jatetxeko ordezkariek. Izan ere, erretegiak aro berri bati ekingo dio: «hiru menu dastagarri berri jarri ditugu martxan, parrillaren nortasuna modu sakonago eta garaikideagoan ezagutu nahi duten bezeroei erantzuna emateko».

Menu berriekin batera, erretegiak bide-orri berri bat prestatu du datozen hilabeteetarako. Udaberriarekin batera, menuak osatzeko uztartze (maridaje) proposamen berezia jarriko dute martxan. Horretaz gain, ardoaren kulturan sakontzeko, dastatze gidatuak eta ekitaldi tematikoak antolatuko dituzte, parrillaren teknika eta enologia uztartuz.

Xabi Ruiz erdian, Eibar futbol taldeko jokalariekin, inauterietan.

Ez da Tolosaldeko jatetxeko batek jasotzen duen lehen Repsol Eguzkia. Tolosako Julian eta Amak eta Amasa-Villabonako Hikak, esaterako, bina Eguzki dituzte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!