Asteartita 26

Migel Angel Morenorentzat txarangen aitortza

Ataria 2026ko otsailaren 17a

Euria gorabehera, Txapel Haundi, Ortzadar, Sukalde eta San Esteban txarangak Euskal Herria plazan elkartu dira eguerdian. Bost pieza jo dituzte elkarrekin, eta horietan azkena, 'Galtzaundi', musika eskolako irakasle ohiak zuzendu du.

Baten faltan lau. Su artifialetan azkeneko traka nola, hala izaten da Asteartita goiza txarangei dagokionez. Irteera ofiziala izaten dute gaurkoa, urtero bezala, Sukalde eta San Esteban txarangek, eta haiei batu zaizkie, Txapel Haundi eta Ortzadar, gutxienez azkeneko 15 bat urtetan egin izan duten bezala. Euri tanta gutxi batzuk bota arren, Euskal Herria plazan egin dute txarangek bilkura.

Aurtengoan ere lau txarangek, inauterietako lau pieza eman dituzte plazan bildutako jendearen aurrean: Iriyarena, Habanera Txistu, Baratzeko pikuak eta Molinatxo. Kantuetako bakoitza, Txapel Haundi, San Esteban, Sukalde eta Ortzadarreko zuzendariak zuzendu dituzte, hurrenez hurren. Ongi moldatu dira eginkizun horretan, nahiz eta ez den erraza 150 musikari aldi berean gobernatzea. 

Morenori aitortza

Txarangek iaz arte Eduardo Mokoroa musika eskolako irakasle izandako Migel Angel Morenorekiko keinua izan dute gaurko bilkuran. Inauterizalea, musika eskolako ikasleen bandako zuzendari izandakoa urtetan, merezitako aitortza egin diote han bildutakoek. Errekonozimendua bakarrik ez, Galtzaundi pieza zuzentzeko aukera ere eman diote Morenori, eta hark gustura hartu du gonbidapena. Hunkituta aritu da lau txarangak zuzentzen.

Iaz, abiatu zuten txarangek ohitura hau. Alberto Usoni egin zioten aitortza, Ortzadar txaranga zuzentzen 25 urte eramateagatik. 

Behin topaketa amaituta, plazatik kalejiran atera dira Txapel Haundi, San Esteban, Sukalde eta Ortzadar. Aurten, kalejiran abiatzeko Viva el anis kantua aukeratu dute.

Erlazionatuak

Lau txarangekin bat

Ataria ots 17, 14:12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!