Euria, euria eta euria. Inauterietako Astelenita egunean ia ez da aterrunerik izan Tolosan, eta txarangek eta mozorrotutako herritarrek aterpe bila aritu behar izan dute egun osoan zehar. Besteak beste, Wally eta ostrukak Zerkausian izan dira, Berazubi txarangaren erritmoan dantzan, Pasa Julian jatetxea irekitzen ari ziren bitartean. Lehenago, Polvo y Paja eta Gure Kaiola txarangak elkarrekin aritu dira Alondegi plazan. Horiez gain, Bonberenea, Tolosano, Terete, Ortzadar, Aiz-Orratz eta Poca Tripa aritu dira kaleak eta plazak alaitzen, baita Ero Etxe txaranga jendetsu eta koloretsua ere.
Atzo bezala, gaur ere Zubiberriari buruzko mozorroak ikusi dira. Tolosar batzuek ur-parkeko atrakzio bilakatu dute, Zubitik Splash izenarekin. Ibartarrek herri bozketa egin dute, hiru aukeren artean: Zuri Gorri Zubi Berria, Zubi Berria Hutsa eta Sagrado Corazon Zubi Berria.
Baina, gaur, nagusi izan dira jarduera fisikoarekin edo kirolarekin lotutako mozorroak: igeriketa des-sinkronizatuko Sinkrobrilli taldea, Norbegiarren arrastoan dokumentaleko eskiatzailea, Miamiko erraketistak, Donejakue bideko bigarren etapan ostatu bila zebilen taldea, euskal dantzak ikasi dituzten galiarrak, Roland Garros tenis lehiaketako ikusleak eta Munduko Sega Txapelketako segalariak.