Zenbat urte daramatzazu Tolosatik kanpo bizitzen, Madrilen?
10 urte izango dira.
Baina inauteriak iristen direnean...
Beti-beti buruan izaten ditut egun hauek, eta hutsik ez egiten saiatzen naiz; urtero-urtero. Aurten ere ez dugu kale egin, eta gainera txikiarekin. Berriro ere hementxe gaude inauterietan murgilduta.
Zuretzat zer dira inauteriak?
Dena. Urteko momenturik onena da niretzat. Ondo pasatzeaz gain, lagunekin egoteko aukera dira inauteriak. Txarangaren atzetik ibiltzeko saltoka edo dantzan. Dena, niretzat inauteriak dena dira.
Zaletasun hori nondik eta noiztik datorkizu?
Txikitatik. Soinean daramadan haur hau bezala, ni ere horrelaxe ibiltzen ninduten jaio eta hilabete gutxira. Beti-beti, hutsik egin gabe, txikitatik inauterietan izan naiz. Denetan parte hartzen nuen. Danborradan beti ateratzen nintzen, oraindik ere ateratzen naiz. Berdin dio dantzari bezala edo danborra jotzen, ez dut hutsik egiten. Txarangarekin ere ateratzen nintzen, esan bezala, denetan ematen nuen izena.
Inauterizaletasun test bat egingo bagenizu, beraz, pleno!
Egia da Madrilera joan nintzenetik gauzak ez direla lehen bezala. Orain txarangarekin ez naiz ateratzen. Lehen esan bezala, danborradan bai, hori ez dut galtzeko asmorik. Inauteriekiko lotura hori nolabait mantentzeko asmoa eta beharra daukat.
Inauteri egunak gerturatzen hasten direnean, Madrilen zer giro izaten da zuen etxean?
Aurten pena sentitu dut. Ostegun Gizenean ezin izan nuen etorri, larunbatean iritsi ginelako Tolosara. Ostegunean han egon nintzen, etxetik dena zuzenean jarraitzen. Txupinazoa etxetik ikusi nuen, eta pena handia sentitu nuen, hemen egon nahi nuen. Hala eta guztiz ere, txistorra prestatu genuen etxean, nostalgia hori eraman errazagoa egiteko.
Zer moduz doaz aurtengo inauteriak?
Zaldunitan oso ondo ibili ginen. Gaur (Astelenita), eguraldiak ez du horrenbeste lagundu, baina hemen gabiltza kalean. Aprobetxatu egin behar da. Sokamuturra ikusiko dugu, eta gero, txarangen atzetik ibiliko gara. Musika han edo hemen bilatuko dugu, eta dantza egiteko asmoz gabiltza, ondo pasatzeko asmoz.
Mozorro bakarra edo aldatzen joaten zarete?
Zaldunitan Elfoz mozorrotu ginen. Kontua da, nire aitak Aita Noelen antza izugarria duela. Egia esan berdin-berdinak dira. Ondorioz, urtero mozorro hori erabiltzen dugu. Bera Aita Noelez janzten da eta beste guztiok Elfoz.
Eta beste egunetakoa, nola pentsatzen duzue?
Gogoaren arabera izaten da, normalean. Bihar, Batman, Joker eta Harley Quinn izango gara. Egunero aldatzen dugu mozorroa. Aita Noelena, esan bezala, prozesu erraza izan zen. Denbora asko pentsatzen egon ondoren, ikusten genuen bakoitzean Aita Noel etortzen zitzaigulako burura, behin egin genuenean errepikatzea besterik ez da izan. Orain soinean daramaguna, nire bikotekideak nahi zuen. Kapelagile eroaz mozorrotu nahi zuen bai edo bai, eta horrelaxe atera gara.
Bikotekidea hemengoa al da?
Ez, asturiarra da, baina urtero ekartzen dut inauterietara, eta berari ere asko gustatzen zaizkio, beraz, oso ondo.
Zurekin egin bezala, beraz, zu ere familian inauterizaletasuna bultzatzen ari zara?
Hori da. Aurten txikiarekin etorri gara; izan ere, txikitatik inauteriak ezagutzea nahi dut. Ekarri egin beharra zegoen. Hau ikusi eta ezagutu egin behar du, eta gero heltzen denean, lagunak ekarri behar ditu hona, besteei ere erakutsi egin behar zaie eta.