Inauterietako egitarauan finkatuta dago Txarangen Bilkura Asteartita eguerdian. Gaurkoan Euskal Herria plazan 12:00etan elkartuko dira Txapel Haundi, San Esteban, Sukalde eta Ortzadar. Txaranga bakoitzeko zuzendariak abesti bat zuzenduko du, eta lau txarangetako 150 musikari inguru elkarrekin ariko dira piezak jotzen. Txapel Haundiko zuzendaria izango da lehenengoa eta Iriyarena abestia zuzenduko du; gero San Estebangoak Habanera Txistu zuzenduko du; ondoren Sukaldekoak Baratzeko pikuak pieza gidatuko du, eta amaitzeko Ortzadarrekoak Molinatxo zuzenduko du. Euria egiten badu, Berdura plazan izango da hitzordua.
Lehenengo aldia modu informalean izan zen, Lopez Mendizabal plazan. 2010 urte inguruan izango zela du gogoan Rafa Mendibil San Esteban txarangako zuzendariak. Koldo Tarragona Sukalde txarangako zuzendariak dioenez, ohikoa izaten da leku berean bi txaranga elkartuz gero elkarrekin abestiren bat jotzea. Modu espontaneoan sortutako hitzordua errepikatzen hasi ziren, eta 2013an inauterietako egitarauan txertatu zen. «Urte horretan San Esteban elkarteko habanera aurkeztu zen», esan du Mendibilek. «Aurkezpenean udaleko kide batzuk ere izan ziren, eta galdetu zitzaien ea txarangen bilkura sartuko ote zuten egitarauan. Ideia ona iruditu zitzaien, eta ekitaldiari segida eman diogu».
Ekitaldia ofizial egin zen hasierako urteetan abestien letrekin orriak banatzen zituzten jendartean. «Tolosa Kantari boladan zegoen, eta ideia izan zen jendea abestera animatzea», esan du Tarragonak. «Saiatzen ginen letra zuten abestiak jotzen, eta paper asko banatzen genituen. Baina jendeak ez zuen kasu egiten, ez zuen interesik jartzen, eta gero paper guztiak lurretik botata geratzen ziren. Hortik aurrera erabaki genuen zuzendari bakoitzak bere proposamena egitea, eta listo».
Hilabete lehenago elkartzen dira lau txarangetako zuzendariak afari legean ekitaldia antolatzeko. Batez ere abestien aukeraketa egiten dute. «Saiatzen gara abesti bariatuak jotzen, eta guztiak habanerak ez izaten», esan du Mendibilek. Behin ekitaldia amaituta batera ateratzen dira kalejiran, eta aurtengoan Viva el anis abestiarekin izango da.
Iaz errekonozimendu bat egin zioten Alberto Usoni, 25 urte bete zituelako Ortzadar txarangako zuzendari moduan. Aurten ere errekonozimendu bat egingo diote norbaiti, musikarekin eta txarangekin lotura handia duenari. Pertsona horrentzat sorpresa denez, ez dute aurretik zehaztu zein den. Iaz Usonek egin zuen bezala, abesti bat zuzenduko du omenduak.
Luzea, baina gozatzekoa
Txarangen Bilkurako ekitaldian izateaz gain, Sukalde eta San Esteban txarangak gaurko txaranga ofizialak dira, beraz, ekitaldi ugaritan parte hartuko dute. Gainera, arratsaldean Zerkausian egiten den dantzaldian ariko dira. Eguna luzea izaten dela diote zuzendariek.
«Niri asko gustatzen zait eguna», esan du Tarragonak. «Ez zait inporta goizeko sei eta erdietan jaikitzea. Egun bizia da, festen azkenekoa». Pattar Zezenean txaranga ugari elkartzen dira, eta gero bakoitzak bere elkartean hamaiketakoa egiten du. Ondoren, Txarangen Bilkurako lau taldeek saioa izaten dute, eta gaurkoan ofizialak direnez, Sukalde eta San Esteban zezen plazara joateko eta bertatik ateratzeko kalejiratan izango dira.
«Asteartea erronka da, baina gozatu egiten duzu», esan du Mendibilek. «Bilkurak bere zailtasuna du, 150 musikari dituzulako inguruan eta horiek zuzendu behar dituzulako. Denak batera hastea izaten da kontua». Egunaren amaiera satisfazioz hartzen duela gaineratu du: «Eguna amaitzerakoan eta elkartera itzultzerakoan, garagardo bat hartzen dut gustura, eta egunean zehar egindakoari errepasoa ematen diogu». Tarragonak gogoko du astearte gaueko une hori ere: «Musikariek erabilitako blusak jasotzen ditugu, eta etxean garbitzen ditugu. Etxean egiten dugun afari hori gustatzen zait. Batzuk elkartzen gara, eta nola joan den eguna komentatzen dugu».
Txarangen bilkurako zuzendariak inauterien ondoren berriro elkartzen dira. Balantze moduko bat egiten dute, bakoitzak besteei komentatuz nola bizitu dituzten festak. Ziur aski, jendeak txarangetan atzeraka joateko ohitura izango dute hizpide beste behin. «Txarangekin kalejiran joaterakoan, jendeak beti aurrera egin behar du salto», ekarri dute gogora bi zuzendariek. «Ohitura hori hartu da, eta txarangetan parte hartzen dugunoi asko molestatzen digu». Musikariak zaindu nahi dituztela diote, eta errespetua eskatzen dute, «denok inauteriez eta musikaz gozatzeko».