Zaldunita 26

Zaldunitak balio du mundua azaltzeko

Jon Miranda Labaien 2026ko otsailaren 15a

Inauterizaleen irudimenaren mostra txiki bat baino ez da hau. Ziria sartu eta barre egiteko aitzakia izan da Tolosako kaleetan eta plazetan gaur. Tolosarrak lagun izan dute eguraldia goiz partean.

Munduaren zilborra uste izana egotzi izan zaie maiz tolosarrei. Zaldunita egunean konplitzen da esana, mundu asko kabitu baitira gaur San Frantzisko ibiltokian, Trianguloa plazan, Rondilla kalean eta Alde Zaharreko kaleetan.

Zenbat Donald Trump ibili da gaur Tolosan? Zenbat Nicolas Maduro? Bad Bunnyren bat ikusi? Bada Tolosan Beloradoko mojak ikusi dituenik ere. Satira eta kritikak balio du munduaren ispilu lana egiteko; boterea ezbaian jartzeko, joera ideologikoak bistarazteko eta gaur egungo kezkak zeintzuk diren azaltzeko. 

Mozorroa bada babesa, egunerokotik tentsio sozialetik askatzen laguntzen diguna. Zaldunita egunean lizentzia eman diogu geure buruari geure buruaz barre egiteko, aldamenekoa kritikatzeko eta parekoarekin adiskitzeko; behintzat Hausterre eguna bitartean.

Glokala esaten zaio globala eta lokala uztartzeari eta hori bera egiten da Tolosako inauterietan: gaur, eskualdean pil-pilean dauden gaiek izan dute tokia, hala nola Zubiberriaren eraisteak; Mugi Tolosako aitona-amonak, herriko puritanak, Izaskungo kroketak, bailarako ski estazioa... Atzo haserrerako motibo izan zitekeena gaur barre egiteko aitzakia.

Zalantza gutxi zegoen inauterizaleek asmatuko zutela beste behin ere, ez zegoela eguraldiaren kuidado handirik. Eta bai, gaur, mundu guztia kabitu da Tolosako zilborrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!