Tolosako udal musika eskolako ikasleen banda aterpez aterpe ibili da gaur Zaldunita bezpera egunean. Zaparradak botatzen zituela ikusita, musika eskolatik abiatu dute ibilbidea eta Euskal Herria plazan, Alondegia plazan eta Plaza Zaharrean eman dituzte saioak. Aterpeak baliatu dituzte babesean inauterietako piezak jotzeko.
Hamaika kantu prestatu dituzte ikasleek azkeneko asteetan eta horiekin ibili dira batetik bestera. Aterrune bat ere baliatu dute Diana doinuarekin Alondegia plazatik udaletxera bitarteko bidea egiteko.
Aurten, lehen aldiz, Pablo Irisarrik zuzendu du Eduardo Mokoroa udal musika eskolako ikasleen banda. 60 kide inguruk osatzen dute eta gehienak atera dira gaur; eguraldi txarrak ez ditu kikildu.
Hurrengo hitzordua Piñata igandean egingo dute ikasle bandakoek, eguraldi hobearekin, espero dute. 11:30ean aterako dira musika eskolatik eta lau bat pieza prestatu dituzte aurtengo gaiarekin lotura dutenak: latindar doinuak.