Zaldunita bezpera 26

Ez badatoz gu goaz haiengana

Ataria 2026ko otsailaren 14a

Iragarrita zegoen eguraldi txarra eta horregatik Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak erabaki du Ferialekuan egitea Zaldunita bezperako saioa.

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak ez du hutsik egin Zaldunita bezperan. Eguraldiak lagundu ez arren eutsi diote urteroko ohiturari eta Ferialekuan, erraldoi eta buruhandien etxean antolatu dute bisita. Haur asko bertaratu dira haiekin dantza eta salto egitera.

Konpartsako Iñigo Arzallusek eta Jon Diezek azaldu dute alternatiba bat eskaintzeko moduan egon direla. «Zorte hori daukagu konpartsan, badugu espazio bat Ferialekuan». Goizeko lehen orduan egin dute deia bertara azaltzeko eta tolosarrek erantzun dute, makina bat ume gerturatu da euren gurasoekin erraldoien etxera.

Eskolekin egin ohi duten bezala, saio pedagogikoa eman dute gaur. Erraldoi eta buruhandiez gain, konpartsakoek erabiltzen dituzten gainerako materialak erakutsi dituzte.

Dultzainero taldearen eskutik dantza egin dute erraldoiek eta saioaren amaieran haiengana gerturatzeko aukera izan dute txikienek. Buruhandiekin jolasen ere ibili dira gaztetxoak.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!