Ostegun Gizen 26

Irazeki dute inauteria

Ataria 2026ko otsailaren 12a

Udaletxeko balkoitik txupinazoa botatzearekin batera hasi dira Tolosako inauteriak. Txarangak, literalki, goian behean, Pintxanak sutu baitu aurten festaren hasierako suziria.

Irazeki, piztu, sutu. Nola suziria, hala lehertu da Tolosako Plaza Zaharra inauterien hasierako ekitaldian. Aurten ere udaletxearen aurrealdea inauterizalez beteta hasi dute festa, eta izango da zer kontatu —eta oroitu— datozen egunetan gertatzen direnekin.

Beste urte batez Kabi Alai elkarteko konpartsak antolatu du inauterien hasierako antzezpena eta, txanda honetan, hiriburuetako festetako pertsonaiak izan dituzte txantxarako gai. 

Festa pertsonaiarik ez?

Hain zuzen, txupinazoa bota aurreko pregoian udaletxeko balkoian izan dira Marijaia Bilbotik, Zeledon Gasteiztik eta San Fermin Iruñetik. Eta, Donostiatik? Festarako pertsonaiarik ez, eta donostiar baten plantak egiten aritu da herritar bat, su artifizalengandik galdezka, izozki bat jan bitartean.

Balkoian ez dute jarri Tolosa ordezkatzeko pertsonaiarik —inauterietako udalbatzaz aparte—, eta bozketan herriak ordezkatu du bere burua. Akaso bestela pentsatuko luke Galtzaundik, baina kultur etxeko balkoitik ez da botatzen txupinazorik.

Izan ere, pregoiaren amaieran «festa aukeratzeko» eskatu diete Plaza Zaharrera bertaratu diren herritarrei; eta, nola ez, orro bakarrez berretsi dute hautua tolosarrek.

Pregoia amaitu bezain laster atera dira balkoira Pintxana txarangako kideak, aurtengo Kabi Alai Kuttuna izaki. Eta emozioz betetako hitz labur batzuen ostean, gehiago luzatu gabe piztu dituzte festen hasierako suziria, eta inauteria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!