Ostegun Gizena ez litzateke berdina izango Pintxana gabe eta horretaz jakitun direlako eman diote aurten Kabi Alai elkartekoek txarangari Kabi Alai Kuttuna izendapena. Txupinazoaren aurreko minutuetan udaletxeko batzar aretoan jaso dute aitortza eta txarangako kide batzuk izan dute, gero, suziria pizteko ohorea.
Unea baliatu nahi izan dute Pintxanakoek hiru kide historiko omentzeko: Fernando Ropero, Jose Mari Mendibil eta Santi Balza zena –haren alaba Idoia igo zen da udaletxeko balkoira–. Idoiak hitz egin du omenduen izenean eta eskerrak eman dizkio Pintxanari, ume-umetatik inauteriekiko zaletasuna pizten laguntzeagatik. Omenaldia jaso duten kideak ibili dira gaur Kabi Alai txarangarekin kalez kale.
Txarangako gainerako kideak eguerdirako Plaza Zaharrean bilduta zeuden euren kideek suziria noiz piztuko; ohituraz Plaza Berrian elkartu ohi da txaranga baina aurtengo okasio berezian txupinazoaren unean egon nahi izan dute. Suziria lehertu eta Sasikoipatsu piezaren lehen doinuak ere Pintxanakoen eskutik etorri dira.
Txaranga herrikoia da Pintxana eta Ostegun Gizeneko kalejiratan hutsik egin ez duena azkeneko 86 urtean. Aldi horietako asko bizi izan ditu Mila Garcia de Iturrospe musikariak. Gaur 50 urte bete dira Pintxanan lehen aldiz atera zenetik. Kideek omenaldia egin nahi izan diote Euskal Herria plazan eta oroigarri bat eman diote.
Txaranga zuzentzeko ardura, aurten, Iraia Otxoak izan du.