Astelenita 26

«Gustatzen zait pertsonaian sartu eta parodia egitea»

Imanol Garcia Landa 2026ko otsailaren 16a

Amalia Gonzalez Zeberio, eskuinetik hasita bigarrena. ataria

Gustuko ditu Amalia Gonzalez Zeberiok (Tolosa, 1977) inauteriak. Azken urteotan lagunekin ateratzen da Astelenitan aurrez prestatutako mozorro batekin. Beste egunetan etxean dituen gauzekin mozorrotu ohi da.

Zer dira zuretzat inauteriak?

Barruan daukagun imajinazio horri bide emateko egun zoro batzuk. 

Urtero ospatzen dituzu?

Saiatzen naiz. Urteren batean ez naiz egunero atera, baina beti egun pare gorde izaten ditut inauterietarako. Izan ere; negutik ateratzen ari garen erritu moduko bat da. 

Nola antolatzen dituzu? 

Azken urteetan lagunekin batera ateratzen naiz. Astelehena daukagu hartuta horretarako, eta aurretik prestatutako gai bati buruz mozorrotzen gara. Lehen lagunekin eta seme-alabekin ateratzen ginen. Beste egunetan etxean dauzkagun gauzekin. 

Mozorrotu bakarrik edo pertsonaian sartu eta parodiak egiten dituzue?

Girotzen saiatzen gara. Orain bi urte garai bateko argazkiz atera ginen, denak txuri-beltzez, argazki kamera eta koadro batekin. Leku batera iristen ginen eta argazkia ateratzen genuen. Aurreko urtean Indiako festa ezagun bati buruz mozorrotu ginen. Urtearen eta indarraren arabera izaten da. Urteren batean mozorrotuta atera gara eta listo, ezer egin gabe. Niri pertsonaian sartu eta parodia egitea gustatzen zait. Oso gustura pasatzen dut modu horretara. Aurten prestatu dugun mozorroak ere jokoa ematen du horretarako. Aurreko urtean mozorroaren kontura oso ondo pasatu genuen. Jantzita bakarrik joateko ere politak dira egun horiek, baina bertan sartzeak beste joko bat ematen dio.

Gazteago zinenean karrozaren batekin-edo ateratzen zinen?

San Bernardo aisialdi taldekoen konpartsan ateratzen nintzen nerabea nintzenean. Bestela, lagunekin parodiak eta horrelakoak ez genituen egiten. Ni agian saltseroagoa nintzen, eta joko gehiago ematen zuen beste mozorroren batekin ateratzen nintzen. Beti gustatu izan zait hori. 

Nola antolatzen dituzu inauteriak?

Ostegunean ez dut jairik hartzen, baina arratsaldeko giroa bizitzen dugu, txarangaren jaitsierarekin-eta. Bonba bat jateko ohitura dugu. Ostiralean semeak jo izan du txistua Ozenkikoekin, eta horren aitzakian bueltatxoren bat egiten dugu. Gero erreserbatzen dugu igandea, eta astelehenean jai hartzen dugu lagunekin ateratzeko. Asteartean lanetik irten, mozorrotu eta kalera, baina beste era batera, inauteriei bukaera emateko. 

Igandean ere ateratzen zarete, beraz.

Bai, mozorrotuta ateratzen gara. Bezperan edo egun pare bat lehenago pentsatuta izan ohi da. Bestela, etxeko zerbaitekin. Baina ez da izaten zerbait landua eta aurretik oso prestatutakoa. 

Nola azalduko zenioke zer diren inauteriak ezagutzen ez dituen norbaiti?

Baditut lankideak San Sebastian doinua entzun eta zirrara sartzen zaienak. Hau gauza bera da: entzuten duzu txaranga ostegunean, eta nahiz eta gogorik ez izan, gorputzean pizten da alaitasun hori... Nahi duzun bezala gozatzeko aukera ematen dizun festa da, hainbat eratara eta erritmotara, festan nahi duzun arte sartuta, askatasunez eta alaitasunez. 

Derrigorrezko da mozorrotzea?

Nire ustez bai. Ez dut esaten dena, baina behintzat txapelen bat jarri, zerbait. Badago jendea ez zaiona gustatzen, baina uste dut irribarre bat behartzen duzunean horrek gero eramaten zaituela barruko beste zerbaitetara. Gauza bera iruditzen zait. Nahiz eta ez gustatu, txapel bat jantzi, eta nik uste dut barrutik zerbait ateratzeko aukera ematen duela. Gutxienez klik txiki bat egiteko. Parodia egiten duzunean nik sentitzen dut barre egiten diozula gustatzen ez zaizun horri guztiari, pikatzen dizun horri guztiari. Eta batak bestearekin gozatzen dugu, kutsakorra izaten da.

MOTZEAN

Egun bat? Igandea.

Une bat? Diana.

Txaranga doinu bat? Diana.

Mozorro bat? Gizon ikusezinaz mozorrotu ginenekoa. Trajea edo gabardina bat genuen, eta aurpegia bendatuta, txapela eta betaurrekoak. Inork ez gintuen ezagutzen, eta oso berezia izan zen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!