Bi mila eta hogeita lauko urrian abiatu zen Tolosako Jabetze Eskolan txaranga ez-mistoaren lehen ikastaroa, txaranga bat zer den ezagutzen hastea eta errepertorio bat lantzea helburu zuena. Horrez gain, emakumeek espazio publikoak irabaztea nahi zuten, ahalbidetu, hori ere egin zezaketela erakutsi; festara gonbidatuak izatetik, haien festa egin. Musika arte-diziplina maskulinizatua da, eta horren aurrean, jabetza kolektiborako gune seguru, gozagarri eta ahalduntzailea sortu nahi zuten.
Horrela eratu zen Txarangora. Ines Osinaga bidelagun zutela, 20 emakume inguruk parte hartu zuten, eta iazko inauterietan egin zuten ikastaroko azken saioa; kalejira egin zuten Ostiral Mehean. Inauterien ondoren entseguekin jarraitu zuten, eta joan den udazkenean hasi ziren berriro elkartzen, jomuga batekin: aurtengo Ostiral Meheko kalejira. Gaur egingo dute bigarren kalejira, 19:00etan Andragoratik.
Edurne Larrazak iaz ez zuen Txarangoran parte hartu, baina kalejira ikusi eta gero «maiteminduta» geratu zen. Ikastaroan izena eman eta saxofoia jotzen ikasten hasi zen. Urduri dago gaurko hitzordurako. Larraitz Garmendiak, berriz, badaki zer den Ostiral Mehean Txarangoran parte hartzea, iaz bonboa jo baitzuen. «Uste dut inoiz ez naizela iaz 19:00etan bezain urduri egon. Hori bai, gero berotasun handia sentitu genuen ikusleen aldetik», adierazi du.
Garmendiak aitortu du ez zuela zalantzarik egin ikastaroan izena emateko: «Etxean lau kide gara, eta gainerako hirurek txarangaren batean jotzen dute, eta hirurak mutilak dira. Bikotekidea ezagutu nuenetik, txaranga nire bizitzan sartu da. Emakume modura inoiz burutik pasa ez zaidan aukera bat suertatu zitzaidan: Tolosan txaranga batean parte hartzea, emakume talde batekin. Ez dut besterik behar».
Larrazak, berriz, bitan pentsatu behar izan zuen, «musikaz ez dakidalako ezer; ez dakit partitura bat irakurtzen». Hala ere, «txarangazale amorratua» da, gaztetatik. «Tolosa gozamen hutsa da; nonahi daude txarangak. Txarangoran parte hartzera animatu nindutenean, banekien bizitzan ez zitzaidala halako aukerarik berriro suertatuko. Hasieran zalantzak izan nituen, baina orain ez naiz damu».
Erantzukizun handia, babesa ere bai
Ikastaroaren hastapenetan bi astez behin elkartzen ziren; azken hilabetean, berriz, asteazkenero egin dute hitzordua. Larrazak nabarmendu du entseguak «zoragarriak» izan direla. «Ez da egon liskarrik, ezta eztabaidarik ere. Inesek asko markatzen du ondo egiteari garrantzia kentzea. Ez bada ondo ateratzen, ez da ezer gertatzen», azaldu du. «Zentzu bat baino gehiago dute entseguek: elkartzea, lasai egotea, gaizki egindakoekin barre egitea... ondo pasatzea, alegia», gaineratu du Garmendiak.
Biek argi dute «erantzukizun handia» daukatela, baina «presiorik gabe» sentitzen dira. «Elkar babesten dugu, ahizpatasunetik». Garmendiak esan du «soinu polita» egiten dutela, baina soinu horrek atera egin behar duela, «musika egin beharra» dutela.
30 musikarik parte hartuko dute gaur Txarangoran; horietatik 18 bertakoak izango dira. «Sare handi bat sortu da txarangaren inguruan, eta ez Tolosan bakarrik. Izan ere, musikariak etorriko dira kanpotik txarangan parte hartzera», adierazi du Larrazak. Horietako batzuk Iruñerriko Goxo txaranga ez-mistoko kideak dira.
Datuak aldatu nahian
Tolosan inoiz ez da emakumeez bakarrik osatutako txarangarik egon. Gainera, udalak iaz egindako diagnostiko baten arabera, datuak esanguratsuak dira. 20 txaranga baino gehiago daude Tolosan, eta horietan ia kide guztiak gizonak dira; % 7 dira emakumeak. «Noizbait Txarangora txaranga ofiziala izatea lortuko bagenu, datuak aldatuko lirateke», esan du Larrazak. Garmendiak azpimarratu du Tolosan «amaiezina» dela musikari gazteen emaria: «Datuetan islatzen ez bada ere, neska eta emakume musikari asko dago».
Musika eskolako ikasle gaztetxoentzat edo musikan hasi berriak diren emakumeentzat balio dezake Txarangorak. «Hemen modu babestuan atera daitezke, eta horrek bultzada eman diezaieke beste txarangaren batean jotzeko gai direla eta egin dezaketela sinesteko», esan du Larrazak.
Ekainean, Irunen
Txarangora Ostiral Meheko egitarauan mantentzeko heldu da, baina txarangako kideen asmoa ez da urte osoan egun horretan bakarrik aritzea. Aurten, adibidez, badute beste hitzordu bat: Irungo Emakumeen Etxeak ekainean egingo duen ikasturte amaierako festan joko dute.