Igande honetan jokatuko dira XII. Soroaren Oroimenezko Pilota Txapelketako finalak Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jaialdia 16:30ean hasiko da eta hiru partida izango ditu: promesen mailakoa, lehen mailakoa eta elite mailakoa. Antolatzaileek giro bikaina espero dute, are gehiago inauterien barruan ospatuko den jaialdia izanik.
Anizeto Lazkano antolatzaileak azaldu duenez, prestaketa lanak amaituta daude: «Dena prest daukagu Beotibarren. Zaldunitako giroan finalak jokatzea oso polita da. Giroa ere oso polita espero dugu frontoiaren barruan». Sarrerak saltzeko orduan ere mugimendu handia sumatu dute: «Gazte jendea ikaragarri ari da sarrerak eskatzen; alde horretatik oso pozik gaude».
Eskualdeko presentzia ere nabarmena izango da finaletan. Intxurre eta Tolosa elkarteetako bost pilotari iritsi dira azken hitzordura, eta Tolosaldeko hiru pilotari ariko dira kantxan: Castro eta Perurena ibartarrak eta Murua altzotarra. Antolatzailearentzat albiste pozgarria da: «Finalera iritsi badira, maila badagoela esan nahi du; eskualdeko pilotariek indarra dutela erakusten du horrek».
Final parekatuak
Kirol arloari dagokionez, Lazkanoren ustez lehen bi finalak oso orekatuak izango dira. Promesen mailan Madina-Castro eta Perurena-Okiñena ariko dira aurrez aurre, eta lehen mailan Murua-Santesteban eta Sarasibar-Balerdi. «Lehenengo bi finalak oso parekatuak ikusten ditut; gogorrak eta lehiatuak izango dira», azaldu du.
Elite mailan, berriz, Irribarria-Bernaola eta Apezetxea-U. Apezetegia lehiatuko dira. Antolatzaileak azken bikotea pixka bat faboritoago ikusten duen arren, ez du zalantzarik final ikusgarria izango dela: «Apezetxeak laster debut profesionala dauka eta ilusio handiz dator bigarren txapela lortzera, baina besteek ere maila handia dute».
Hiru finalak azpimarratu baldin baditu ere, Lazkanok onartu du lehen mailako finala ikusteko gogotsu dagoela: «Murua denok ezagutzen dugu, eta ikusi dugu zein mailatan dagoen. Ikusgarria da. Sarasibarrek, aldiz, joan den igandean egin zuen partida txunditzeko modukoa izan zen. Harrapatzen zuen guztia ezkutatzen zuen. Oraingoan Santestebanek ez dizkio horrenbeste aukera emango, baina aurrean oso lehia polita ikusteko aukera izango dugu».
Finalez gain, jaialdi giroa osatzeko zozketak eta bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. «Pilotaz gain, zozketak eta bestelako kontuak egongo dira; festa giroan pasatzeko moduko arratsaldea izango da», dio Lazkanok.
Pilotazaleen erantzuna
Txapelketa azaro inguruan abiatu zen eta aste luzeetako lehiaren ondoren heldu da finaletara. Antolakuntzak zailtasunak izan dituela aitortu du Lazkanok, batez ere pilotarien bajak eta egutegiaren gorabeherak medio, baina balorazioa baikorra da: «Lan handia izan da eta buruhauste batzuk ere bai, baina balantzea oso ona da».
Harmailen erantzuna ere azpimarratu du: «Aurten jendea inoiz baino gehiago ibili dela iruditzen zait; pilotazaleak pilota gosez daude eta giro ederra sortu da». Beotibar pilotalekuaren baldintzak ere nabarmendu ditu: «Pilotariei ilusio handia egiten die hemen jokatzeak; giroa eta erosotasuna bereziak dira».
Igandeko finalekin itxiko da aurtengo Soroaren Oroimenezko Txapelketa, baina antolatzaileek jada etorkizunera begira jarrita daudela onartu du Lazkanok: «Ikasitakoa baliatuko dugu hurrengo edizioetarako; baina oraingoz, igandean dena ondo ateratzea da garrantzitsuena».
Sarrerek 10 euroko prezioa izango dute. Sarrera zozketako txartela ere izango da: Eguzkitza sagardotegian bi afari banatuko dira. Horrez gain beste hainbat zozketa egongo dira, izan ere, aurreko igandean saskia irabazlerik gabe geratu zen. Gazteei begira prezio bereziak jarri dituzte igande honetarako. 15 eta 17 urte bitarteko gazteek goiko harmailetara 5 euroren truke sartzeko aukera izango dute. 15 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira goi harmaila horretara. Sarrerak erosteko leihatila 15:15ean irekiko dute.
Finalak
Promesak
Madina (Intxurre)-Castro (Tolosa) vs. Perurena (Tolosa) - Okiñena (Buruzgain).
Lehen maila
Murua (Intxurre)-Santesteban (Irurtzun) vs. Sarasibar (Oberena)-Balerdi (Oberena).
Elite maila
Irribarria (Tolosa)-Bernaola (Lea Ibarra) vs. Apezetxea (Umore Ona)-U. Apeztegia (Oberena).