Zer dira inauteriak?
Tolosatik begiratuta, urteko egun garrantzitsuenetako batzuk. Badira egindako formulak inauteriak deskribatzeko: oasia, kaosa... Denok erabiltzen ditugu. Baina, aldi berean, iruditzen zait badirela egun batzuk benetan garen herria erakusten dugunak. Urte guztian ez dugu erakusten eta mozorro azpian gure dohainak eta hutsuneak azaltzen direla, onerako eta txarrerako.
Inauteriak, edozein festa bezala, beharrezko zerbait dira gizartean. Desinhibitzearen alde. Eta mozorrotuta diren horretan, bada, are gehiago.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Gurasoek betidanik eraman gaituzte festaren erdigunera, eta ez inauterietan bakarrik. Baina ez dira ni bezain inauterizaleak. Ez dut jaso zuzenean etxean nik sentitzen dudan hori. Oso folklore zalea naiz, eta hortik izango du agian. Amama Zerkausi kalean bizi zen eta beti oso bihotzetik bizi izan ditugu txarangak-eta.
Txiki-txikitatik beti gogoratzen dut ikastolan-eta inauteriak gerturatzen ari ziren heinean urduri egotea.
Gogoan al duzu lehen oroitzapena?
Inauterietakoa? Bai, garbi. Goxokiz mozorrotu ginen hiru urteko gelan. Agian argazkien bitartez sortu dut oroitzapena, baina hori da aurrenekoa.
Noizbait hutsik egin al duzu?
Ez, ez. Ez dut inoiz hutsik egin. Urte batez gaixotu egin nintzen —Astelenitan, esango nuke—. Baina... Ez, kanpora-eta ez naiz behin ere joan, eta, oraingoz, ez dut asmorik ere.
Nola ospatzen dituzu?
Horrek ere badu... Dolu ez diogu deituko, inauteriak direlako [barrez]. Baina haurrak izan ondoren gehien aldatu den gauzetako bat da inauteriak bizitzeko modua. Nire kasuan ikaragarri aldatu da.
Lehen dena nire gozamenari begirakoa zen, eta orain zaintzatik ere badutenez eta umeak inauterizaletu nahi ditudanez, belaunaldi berriak sortzeko... Erakutsi nahi diet zer den gure herria eta baita ohiturak nola ari diren aldatzen ere. Saiatzen naiz horretan, eta pixka bat hazten doazen heinean parranda dosi batzuk ere sartzen saiatzen gara.
Badute alde txarrik?
Noski. Hasieran esan bezala, festetan gure eguneroko kortse horietatik ateratzen garenean gure ilunak ere azaltzen dira. Eta ezin aipatu gabe utzi ia urtero gertatzen diren erasoak. Oraindik ere batzuk ezin dugu edo dute lasai atera kalera festara. Hori ilunena bezala aipatuko nuke, eta bestela...
Askotan errepikatzen da Tolosako inauteriak izan zirela gerra garaian ere ospatu gabe geratu ez ziren festa bakarrak. Beti edan dugu errelato horretatik, eta ederra da. baina argazki zaharrei begira jarri eta erdian beti daude gizonak, gaur egun euskaldunagoak dira, baina... Nire ustez ez dira oraindik behar bezainbeste euskaldundu, eta gauza bera generoarekin ere. Gizonezkotik aparteko guztiak, oraindik ere, ertzetan daude egoera askotan. Eta hori ez zait gustatzen.
Zer esango zenioke aurten lehenengoz etorriko denari?
Lehenik eta behin, ikas dezala zein diren mozorrotzeko egunak [barrez]. Eta topikoak aparte, esango nioke inauteriak ezagutzen dituen norbaitekin etortzeko. Eta posible ez bada, ba... Bila dezala txaranga bat, eta haren atzetik topatuko duela festa.
Ni beti txarangen alde: txarangak eraman zaitzake karrozetara, igoerara, Alde Zaharreko txokoetara... Eta leku txiki horietan topa dezala inauterietako magia.
MOTZEAN
Inauterietako egun bat? Ostegun Gizena.
Eta une bat? Zezenetara joateko igoera, Gorriti plazatik hasi eta Korreo kale guztia.
Txarangetako doinu bat? Molinatxo.
Inauteriak egunez ala gauez? [Isilik une batez] Inauteria, berez, egunez... Eta gauez jarraitzen badu, askoz hobeto. Mozorro bat? Udaberriko lagunekin ateratzen dudan edozein. Mozorroa ere bada ingurukoekin harremantzeko modu bat, eta talde batek hori ematen dizunean, ederra da.