Zer dira zuretzat inauteriak?
Inauteriak urtean kokaturiko aste magikoa da. Aste horretan bizitza pausan jartzen dugu eta arnasteko, deskonektatzeko eta disfrutatzeko aste magikoa izaten da. Aurreko lanketa eta prestaketa lan guztia ere horren parte da.
Nola bizitzen dituzu inauteriak?
Gelditu gabe, ahal dudan guztia aprobetxatuta. Aste hori, bereziki, emozio handiz bizitzen dut, baina baita aurreko asteak ere.
Noren ondoan ospatzen dituzu?
Egun asko diren arren, azkenean, motz geratzen dira, baina denentzat dago momentua, eta nire kasuan badaude egun batzuk familiarekin igarotzen ditudanak eta beste egun batzuk lagunekin igarotzen ditudanak.
Ttenttek aisialdi taldeko begiralea zara. Noiztik?
Txikitatik nabil bertan. Nire ama Tttenttek aisialdi taldean ibilitakoa da gainera, eta hari jarraiki sartu nintzen. 2005ean sartu nintzen, eta 2006an nire lehen inauteriak igaro nituen aisialdi taldeko partaidetzat. 2016an hasi nintzen bertako begirale lanetan.
Astelenita eguna berezia izaten duzu, beraz.
Bai, azkenean, inauterien bueltan lanean dabilen herriko talde batean sartuta zaudenean, talde bakoitzak egun berezi bat du, eta nire kasuan, Ttenttek aisialdi taldekoa izanik, Astelenita egun oso berezia dut.
Nola antolatzen duzue Astelenita eguneko dantzaren aurreprestakuntza lana?
Aurreprestakuntza oso luzea izaten da. Lehengo gaia finkatzen dugu, baina egia da gai posible horiek urte batetik bestera pentsatuta izaten ditugula, hau da, hiru edo lau ideia buruan izaten ditugu, eta urri bukaeran eta azaro hasieran egiten ditugun bileretan zehazten dugula gaia. Bilera horietan gaia erabakitzeaz gain, mozorroak pentsatzen ditugu, eta ondoren, dantza eta musikako aukeraketa eta nahasketa egiten dugu. Atzetik dagoen lana luze joaten da, baina gustura egiten dugu.
Inoiz hutsik egin duzu inauterietan?
Ez, inauteriek pandemia garaian huts egin ziguten, baina nik haiei inoiz ez.
Zein da inauterietan duzun oroitzapenik politena?
Oroitzapen ugari ditut, azkenean, txikitatik bizitu dudan ospakizuna da, eta jende askorekin. Oroitzapen bakar bat aukeratzea oso zaila egiten zait, baina momentu batekin geratu beharko banu, Astelenita eguna bukatzen denean eta azken dantzak egiten ditugun unea litzateke, taldekide guztiak egin dugun lanaz disfrutatzen ikusten ditudanean. Momentu horrek bihotza oso beteta uzten dit.
Zerk egiten ditu inauteriak berezi?
Tolosarrok beste tolosar batzuentzat egin dugun ospakizuna da, eta horrek egiten ditu inauteriak berezi nire ustez. Aste horretan momentu berezi asko daude eta leku guztietan aurkitu dezakezu zerbait berezia, baina nik uste horrek egiten dituela inauteriak berezi; tolosarrok bihotzez eraiki dugun ospakizun bat dela, eta gurea sentitzen dugula.