Kike Amonarrizek jasoko du aurtengo Urrezko Kalabaza

Ataria 2026ko otsailaren 9a

Ahoz Aho jaialdiaren aurkezpen ekitaldia.

Ahozkotasunaren alde egindako lanagatik saritu dute. Ahoz Aho jaialdia otsailaren 16tik martxoaren 31ra izango da, eta 50 emanaldi izango dira, 17 herritan.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia hasiko da datorren astelehenean, hilaren 16an, eta martxoaren 31ra bitarte «hitzaren magia, ahozko istorioen indarra eta kultur transmisioa jarriko ditu erdigunean». 50 emanaldi izango dira 17 herritan, eta horietatik bost Tolosaldean, Abaltzisketan, Amezketan, Ibarran, Tolosan eta Zizurkilen, hain justu.

Intujai antzerki taldeak antolatzen du ekimena, Tolosako eta Ordiziako udalen laguntzarekin. Hain justu, Tolosan eta Ordizian hasi zen antolatzen, eta urtez urte herri gehiago batuz joan dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, «gaur egun Euskal Herriko kontalaritza jaialdirik erreferentzialena bihurtu da». Euskal Herriko nahiz nazioarteko 30 kontalarik hartuko dute parte aurtengoan, besteak beste, Espainia, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba eta Perutik etorritakoak.

Formakuntzak ere pisu handia izango du aurtengo edizioan. Besteak beste, Estrella Ortiz kontalari espainiarrak ahozkotasunari buruzko ikastaro trinkoa eskainiko du, eta Dorleta Kortazar, Iñaki Carretero, Maider Alcelay eta Ixabel Agirresarobe euskaldunek hainbat ikastaro eta masterclass emango dituzte.

Jaialdiaren amaiera ekitaldien artean, X. Euskal Kontalarien Topaketa izango da, martxoaren 28an, Tolosako Intujai gunean. Bertan, aurtengo Urrezko Kalabaza sariak banatuko dituzte, eta aurreratu dute ohorezko saria Kike Amonarrizi emango diotela, ahozkotasunaren alde egindako lanagatik. «Sari honek ahozkotasunaren alde lan egin duten pertsonen ekarpena aitortzen du, eta jaialdiaren une hunkigarrienetako bat izaten da», esan dute antolatzaileek.

Bestalde, Gala Nagusia eta XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketaren finala Ordizian izango dira. Lehiaketa jaialdiaren ekimen klasikoetako bat da, eta antolatzaileen esanetan, kontalarien harrobi garrantzitsua bihurtu da, izan ere, gaur egun jaialdian parte hartzen duten hainbat kontalarik bertan eman zituzten lehen urratsak. 

Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak ahozkotasunaren balioa nabarmendu du, eta esan du ahozkotasunari eta hitzei esker unibertso erraldoiak eraiki daitezkeela. Herritarrak aurtengo egitarauaz gozatzera animatu ditu, eta jaialdiaren aniztasuna nabarmendu du: «Urtero bezala, programa oso aberatsa eta askotarikoa da, eta azpimarratu nahi nuke genero aniztasuna ere kontuan hartu dela egitaraua osatzerakoan».

Bere aldetik, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ahozkotasunaren eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratu du. «Ahoz Aho jaialdiak gure sustraiekin lotzen gaitu, gure ama hizkuntza den euskararen bidez. Euskara iraganarekin estu lotuta dago, eta jaialdi honetan sortzen diren harremanek hori erakusten dute; mundu zabaletik Euskal Herrira etortzen diren artistak ditugu, eta garrantzitsua da ikusmira zabaltzea, gure historiatik abiatuta aberasten jarraitzeko».

Eskualdeko emanaldiak

  • Otsailak 21. Tolosa (Berazubiko auzo elkartea, 20:30): Estrella Ortiz (Espainia), helduentzat, gaztelaniaz.
  • Otsailak 24. Abaltzisketa (Txalburu eskola, 11.00): Maider Alcelay (Euskal Herria), familiarra, euskaraz.
  • Otsailak 25. Tolosa (Amarozko auzo etxea, 17:30): Mertxe Aizpurua (Euskal Herria), umeentzat, euskaraz.
  • Martxoak 4. Ibarra (Kultur etxea, 19:00): Ifigeneia Kakridoni (Grezia) eta Odei Arregi (Euskal Herria), helduentzat, gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Martxoak 5. Tolosa (Intujai espazioa, 17:30): Ifigeneia Kakridoni (Grezia) eta Odei Arregi (Euskal Herria), familiarra, gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Martxoak 7. Tolosa (Amarozko auzo etxea, 19:00): Andre Roldan (Kolonbia), helduentzat, gaztelaniaz.
  • Martxoak 8. Tolosa (Intujai gunea, 11:30): Andre Roldan (Kolonbia), umeentzat, gaztelaniaz.
  • Martxoak 11. Tolosa (Leidor aretoa, 10:00): Ahozkotasunaren Gala Nagusia, umeentzat, gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Martxoak 14. Tolosa (Berazubiko auzo elkartea, 17:30): Andre Roldan (Kolonbia) eta Eneko Haritza (Euskal Herria), umeentzat, gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Martxoak 14. Tolosa (Intujai gunea, 19:00): Simone Negrin (Italia), helduentzat, gaztelaniaz.
  • Martxoak 18. Zizurkil (Plazida Otaño liburutegia, 19:00): Mar Amado (Peru) eta Amaia Elizagoien (Euskal Herria), helduentzat, gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Martxoak 21. Tolosa (Intujai gunea, 19:00): Mar Amado (Peru), helduentzat, gaztelaniaz.
  • Martxoak 27. Ibarra (Kultur etxea, 17:30): Sorgina Txirulina (Euskal Herria), umeentzat, euskaraz.
  • Martxoak 28. Tolosa: Intujai gunea: 09:30. X. Euskal Kontalarien Topaketa; 12:00. 2026 Urrezko Kalabaza Sariak; 12:30. Aldo Mendez (Kuba) helduentzat, gaztelaniaz. Bidegoxo jatetxea: 14:30. Bazkaria; 17:00. Radio Rebelde (Euskal Herria) musika emanaldia.
  • Martxoak 31. Amezketa (Kultur etxea, 18:00): Amaia Elizagoien (Euskal Herria) eta Itziar Olague (Euskal Herria), umeentzat, euskaraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!