ELKARRIZKETA

«Nortasunean irabazi dut, urteen poderioz lengoaia bat xurgatzen joan naiz»

Jon Miranda Labaien 2026ko otsailaren 22a

Karlos Arancegui Mendia bateria-jotzailea. J.M.

Talde askorekin aritu izan da Karlos Arancegui Mendia bateria jotzailea, Euskal Herrian eta baita hemendik kanpora ere; musikaz bizi da, eta ez zaio proiekturik falta. Pasioz bizi du bere ofizioa.

Beti jo izan du taldetan Karlos Arancegui Mendiak (Tolosa, 1974). Ekosistema hori du berea eta horrela ulertzen du musika, besteekin batera. Atzeko planoan, erdi-ezkutuan bada ere, toki esanguratsua du perkusioak talde batean. Antzerako jarrera du bizitzan: ez zaio esposizioa ezta jendaurrean azalpen gehiegi ematea gustatzen, baina eroso aritzen da, hala ere, hizpide dena bere lana bada, kontua musikaz jardutea bada.

Gutxik jakingo dute zure ibilbide profesionala Egan plaza taldean hasi zenuela.

Bai, hala da. Artean Goi mailako perkusio ikasketak amaitu gabe nituela deitu zidaten, eta bi urte eman nituen talde horrekin. Aurretik, gazteago nintzela Oiartzun inguruko jendearekin Urrats taldean jo nuen eta baita Tolosan, Sasimiku izenekoan. Baina, serio, Xabier Saldias eta hauekin hasi nintzen. Gogoan dut haiekin Gure Txokoan eman nuen lehenengotariko kontzertu bat: igandea zen, goizaldeko ordu txikietan bukatu, seietan etxeratu, eta handik hiru ordura azterketa izan nuen Donostian; ia lorik egin gabe joan nintzen.

Ez zenuen talde ‘berbeneroekiko’ aurreiritzirik?

Ez, batere. Ez orduan eta ezta gaur egun ere. Niri musika estilo guztiak gustatzen zaizkit, eta Eganeko esperientzia hura oso aberasgarria izan zen niretzat; asko ikasi nuen. Eskola ona izan zen denetarik jotzen ikasi nuelako. Kontuan hartu urtean 140 bolo inguru egiten genituela. Ni sinistuta aritu izan naiz jo izan dudan toki guztietan, plaza taldeetan bezala, trikitilariekin, ezkontzetan... Errespetuz eginez gero, eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen bazara, ez dago kuidadorik. Musika da dena, azken batean.

Argi izan duzu beti bateria jotzaile izan nahi zenuela?

Baietz esango nuke. Nire ingurunea ez da musikazalea, familian ez da tradiziorik izan, baina beti erakarri izan nau danborra jotzeak. Bospasei urterekin Tolosako inauterietako danborradan jo izana dut gogoan. Zorionez, gurasoek berehala apuntatu ninduten solfeo ikasketak egitera. Tolosako Bandako Dioni Crespillorekin hasi nintzen kaxa eta bestelakoak ikasten. Horren atzetik dena segidan etorri zen: kontserbatoriora joan nintzen Donostiara, eta ondoren egin nituen perkusioko Goi Mailako ikasketak. Garai horretan, bigarren mailakotzat hartzen ziren musika ikasketak; horrekin nahikoa ez eta beste zerbait ikasi beharko balitz bezala. Jakingo balute zenbat ordu behar izaten diren musika ondo ikasteko. Barruraino sartu zitzaidan orduan diziplina; barneratuta daukat ohitura, eta ez zait kostatzen egunero bateria jotzea eta entsegu lokalean lanean orduak ematea.

Formazio horrek gerora asko lagundu izan dizu?

Bai. Orain konturatzen naiz ikasketek oinarri sendoa eman zidatela. Instrumentu asko ikasi behar izan genituen, eta ni ez naiz horretaz hainbeste jabetzen, baina horrek eman dit agian orain dudan ikuspegi zabala, perkusionista batek duenaren antzekoa. Dena den, ahaztuta dauzkat gainerako instrumentuak berehala hasi bainintzen bateriarekin. Duela gutxi, Ura bere bidean ikuskizunerako hots egin zidaten, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin aritzeko aukera izan nuen, han ere baterian. Konturatu nintzen beste era batera ohituta nagoela: oso egitura hierarkikoa iruditu zitzaidan, errespetuzkoa, boterezkoa… gure mundua bestelakoa da, beste modu batera ohituta gaude.

 

«Beste modu batera bizi dut musika: gehiago artisauen modura, faktoria modura baino»

«Gure mundua» diozunean zertaz ari zara?

Ez naiz hainbeste musika estiloaz ari, «gure mundua» diodanean gehiago egiten diot erreferentzia taldeari. Ni beti taldeetan aritu izan naiz eta beste modu batekoa da funtzionatzeko era, naturalagoa edo. Ez dut esan nahi serio hartzen ez dugunik. Niri zuzeneko batean interesatzen zaidana da oholtza gainean taldekideekin batera gertatzen dena. Musikari bakoitzak bere izaera adierazi dezake bere instrumentuarekin, eta taldearen nortasuna ere horrela osatzen da, taldekide bakoitzak egiten duen ekarpen propioarekin; interprete hutsa izatea baino zerbait gehiago da. Nik horrela ulertzen dut musika, taldean.

Eta taldean zein funtzio betetzen du bateriak?

Funtsezkoa nire ikuspuntutik. Oinarri erritmikoa ematen dio taldeari, eta zenbaitetan ikusten da bateria txar batek atzetik eramaten dituela gainerako musikari guztiak eta dena kakazten duela. Gehienetan, alderantziz gertatzen da: bateria bat firme dagoenean, lana errazten die besteei. Beste instrumentuek agian disimulatu dezakete gaizki egiten dutena, baina bateria bat beti geratzen da agerian. Estropuz egiten badu edo tempoarekin asmatzen ez badu erraz nabaritzen da. Esaten da baxu jotzaile batek eta bateria batek pisu handia dutela talde batean, nahiz eta protagonistak ez izan.

 

«Baxu jotzaile batek eta bateria batek pisu handia dute talde batean, nahiz eta protagonistak ez izan»

Jakin behar du bakoitzak bere tokian egotean?

Ez naiz protagonista sentitzen, inondik inora, ni ez naiz estilo horretakoa. Badira solo-ak egiten dituzten bateria jotzaileak, eta oso paper nabarmena dutenak. Nire izaeragatik eta musika ulertzeko dudan moduagatik, bestela aritzen naiz: gainerako musikariekin elkarrizketan, ondokoei laguntzen, akonpainamendu lanetan… Kantua osatzeko langintza horretan ulertzen dut neure burua talde batean.

«Akonpainamenduan, kantua osatzeko langintza horretan ulertzen dut neure burua talde batean»

Horretarako nahikoa espazio utzi izan dizute zurekin aritu izan diren musikariek?

Bai, guztiek. Oso libre sentitu naiz. Niretzat eroso aritzeko erabakigarria izaten da elkarrekiko konfiantza. Oinarri horrekin gauzak errazagoak dira. Gero egongo dira musikariak gauzak irekiagoak uzten dituztenak, eta beste batzuk zuzenekora gauzak itxiago eraman eta lidergoa daramatenak. Dena dago ondo, eta ni moldatzen naiz aritzeko modu batera eta bestera.

Inprobisazioak zenbateko presentzia du zure lanean?

Badu presentzia bai, baina inprobisazioaren atzean lan handia dago. Ordu asko eman behar izaten dira entsegu lokalean errepertorioa errepasatzen, teknika hobetzen eta gauza berriak probatzen. Musika estilo guztiek ez dute neurri berean uzten inprobisaziorako tartea, ezta kantu guztiek ere. Hala ere, malgutasun hori nire lanaren parte da, bai. Zuzenekoetara ez dut dena apuntatuta eramaten; eskema bat erabiltzen dut gehienetan, begiratu batean jakiteko zein den kantuaren egitura. Horrekin nahikoa izaten dut.

 

«Inprobisazioaren atzean lan handia dago. Ordu asko eman behar izaten dira entsegu lokalean»

Zenbat ordu ematen dituzu entseatzen?

Asko. Denbora oharkabean joaten zait, egia esan. Lokal bat dut etxe aldamenean, egokituta eta intsonorizatuta. Ordu asko ematen ditut han sartuta. Artista batekin baino gehiagorekin jotzen dut aldi berean, eta haien errepertorioak ikasteak denbora eskatzen du. Egon dira okasioak non lau errepertorio ikasi behar izan ditudan aldi berean. Etxeko lan handia dago atzean eta ni entseguetara entseatuta joaten naiz. Baina gozatzen dut modu horretara: gustuko dut sentsazio hori, abstraitzearena, bai entsegutan, baita zuzenekoetan ere. Ondo entzuten denean, guztia behar bezala doanean, plazera da.

 

«Gustuko dut sentsazio hori, abstraitzearena, bai entsegutan, baita zuzenekoetan ere. Plazera da»

Zenbat denbora behar izaten duzu errepertorio bat menderatzeko?

Segun. Aurretik taldea edo kantuak ezagutzen baditut gutxiago kostatzen zait. Tokatu izan zait egun batetik bestera talde bateko bateria jotzaile bat ordezkatzea. La Oreja de Van Goghekin egokitu zitzaidan behin, beste behin Ruper Ordorikarekin… Horrelakoetan azkar batean kantuak entzun, eskema moduko bat egin buruan, eta oholtzara atera izan naiz; egia esan, ondo atera izan naiz ataka horietatik. Gustatzen zait adrenalina sentitzea, amildegiaren ertzean ibiltzea [barrez]; erronka da niretzat.

Urte askotako ofizioa dago horren atzean. Nabari al duzu garapena zure jotzeko moduan?

Bai, orain segurtasun gehiagorekin aritzen naiz, eta sentitzen dut baditudala baliabide gehiago. Nortasunean irabazi dudala esango nuke, urteen poderioz lengoaia bat xurgatzen joan naizela. Hala ere, gaztetan egiten genituen gauzak entzuten ditudanean, askotan pentsatzen dut lotsagabe batzuk ginela, edozerekin atrebitzen ginela. Orduan bai geundela geure buruaz seguru [barrez].

Zure ibilbidean etengabe ikasten jarraitu duzu?

Bai, agian modu autodidaktan baina etengabe nago adi soinu molde berrietara, teknika eta joera berrietara. Garbi daukat formazioa ez dela inoiz bukatzen, eta iruditzen zait hori dela irauteko modu bakarra. Ikasten jarraitzen dut, kuriositateagatik eta egiten dudana hobetzeagatik. Asko ikasten dut beste musikariei begira, beti jasotzen dut irakaspen bat.

Musika asko entzuten duzu?

Bai, gustuko dut kontzertuetara joatea. Asteburu gehienetan lan egiten dut, eta astean zehar egiten diren horietara joaten saiatzen naiz. Asko gozatzen dut, begira egoten naiz nire baitara bilduta, adi-adi.

Kontzertuetan bereziki erreparatzen diozu bateria jotzaileari?

Ez bereziki. Nahiago dut harengan gehiegi ez erreparatu eta kontzertuari bere osotasunean begiratu. Mikroskopioa baterian bakarrik jartzen baduzu informazio asko galtzen duzu. Musikariek elkarrekin sortzen duten hori interesatzen zait. Edo bestela, bakarlari bat, bere gitarrarekin, soiltasun horretatik publikoarekin sortzen duen harremana: horrexek erakartzen nau. Denetarik entzutea gustatzen zait.

Bateriarekin ere askotariko estilotan aritu izan zara?

Gehiago ibili izan naiz pop-rock-folk inguruan; ez dakit flamenkoa edo jazz-a jotzen, ez dut horretarako formaziorik jaso. Hala ere, endredatu izan naute horrelakoetan eta Sonakayrekin grabatu izan dut eta baita Mikel Azpiroz Triorekin ere —pianoa, kontrabaxua eta bateria anplifikatu gabe aritzen gara—. Ausartu izan naiz horrelakoak probatzera, eta nire erara, baina zerbait atera da.

Zuek oholtza gainetik, zuzenekoan aritzen zaretenean, adi egoten zarete publikoaren erreakzioetara?

Ni ez behintzat. Trantzean ez nuke esango, baina oso kontzentratuta egoten naiz bateria jotzen dudanean, eta ez dut jendearengan erreparatzeko joerarik izaten. Taldekideekin batera ari naiz, eta, batez ere haiei jartzen diet arreta. Hala ere, aitortu beharra daukat emanaldi bakoitzak izaten duela bere energia propioa, eta hori nabaritzen da; ez dakit esaten zehatz nola, baina iristen da oholtza gainera.

Makro-kontzertuetan eta kontzertu txikiagoetan, modu berean?

Ez. Jo izan dut jaialdi handitan, jende askoren aurrean eta niri ez zait hainbeste gustatzen. Soinua bera okerragoa da, eta publikoa ere urrunago sumatzen duzu. Ikusle bezala ere, makro-kontzertu horietara gutxitan joan izan naiz, inoiz edo behin talde jakinen bat ikusi nahi nuelako; baina bestela, nahiago ditut areto txikiak.

Zergatik nahiago dituzu areto txikiagoak?

Nire jotzeko modura ondoen egokitzen direlako; 300-400 ikuslerentzako modukoak atsegin ditut. Horrelakoetan gertu sentitzen duzu jendea; ez dago edaria zerbitzatzeko barrarik aldamenean, arreta guztia zeuregan dago.

Zergatik uste duzu gertatzen dela azkenaldiko masifikazio hori?

Gizartearen joera orokorra da, eta beste arlotan bezala gertatzen da musikan ere, indar gehiago du makroak mikroak baino. Entzunaldiek, bisitek, ikustaldiek balio dute; geroz eta gehiago, orduan eta hobeto. Bietatik probatu izan dut nik, eta esan dezaket beste modu batera bizi dudala musika: gehiago artisauen modura, faktoria modura baino. Gure emanaldi bakoitza bakana da, errepikaezina, behin baino ez da gertatzen, eta gure intentzio guztia horretan jartzen dugu. Iruditzen zait gaur egun publikoa parranda bila joaten dela kontzertu handietara, esperientzia bizitzeagatik musika entzuteagatik baino gehiago. Gainera, hamabost talde programatzen badituzte egun bakarrean, nik arretaz lehenengo biak edo hiruak entzungo ditut, baina handik aurrera buruak ez dit gehiagorako ematen. Pena da, makro-jaialdi horien mesedetan zirkuitu txikiak ahultzen edo desagertzen ari direlako. Hasiberriek guk baino zailagoa dute gaur egun.

Oso gazte hasi zinen zu hainbat taldetan jotzen. Sentitu izan duzu proiekturen bat bestea baino zeureagoa?

Ez, bereziki. Ni buru-belarri sartzen naiz aritzen naizen talde guztietan. Agian, gertutasunagatik, Tolosan bertan sortu zen taldea izan zelako, gogoan dut bereziki Bide Ertzean. Familia modukoa dira niretzat, lagunak ditut ubedatarrak, Imanol eta Joni, eta baita Fran Iturbe eta Joserra Senperena ere. Etxekotzat bezala ditut horiek denak. Gerora ere, Imanolen gainerako proiektu guztietan jarraitu dut bere aldamenean.

Gorka Urbizuren 'Bakan II' diskoaren grabazioan Abbey Road-en. IBAI ARRIETA DEL PICO

Taldekideen arteko harremanaz ari zarela, berriki Gorka Urbizuren biran parte hartu duzu. Ez da askotan gertatuko oholtza beste bateria jotzaile batekin partekatzea.

Ez, niri ez zait behin ere gertatu. Agian perkusiozko beste instrumenturen batekin bai, baina beste bateria batekin behin ere ez. Gainera, Gorkaren azkeneko proiektu honetan ispilu bezala funtzionatzen dute bi bateriek eta iruditzen zait zerbait berezia sortzen dela: soinua zabaldu egingo balitz bezala da, sendotu. Inoiz kantu horiek entseatu ditugu bateria bakarrarekin eta zerbaiten falta sumatu dugu. Oso gauza berezia da, esperientzia polita. Gainera, izugarrizko plazera izan da Felix Buff aldamenean izatea. Bira honetan konplizitate handia izan dugu, elkarri begiratu eta jotzen ari ginen bitartean barre egiten genuen. Felix bateria jotzaile bezala asko miresten dut, eta baita musikaritzat ere —berarekin aritu izan naiz Rüdiger taldean bateria jotzaile—. Oso ondo moldatzen naiz berarekin, eta eskertuta nago oso.

Eskertuta Felix Buffekin aritzeagatik, eta pentsatzen dut baita Abbey Road-en Urbizuren ‘Bakan II’ diskoaren grabazioan parte hartzeagatik.

Bai, zeinek esango zidan niri han grabatzeko aukera izango nuenik? Oso-oso zortekoa sentitu naiz. Estudioko eskailerak jaisten hasi nintzenean ezin sinetsita nengoen.

Beste ametsik bete al duzu inoiz?

Bueno, oharkabean etorri zaizkit horrelako aukerak. Ez dut inoiz kapritxorik izan artista jakin batekin jotzeko, baina asko miretsi izan ditudanekin lan egiteko aukera izan dut, eta hori izugarria da. Adibidez, Madrilen Las Ventasen Mikel Erentxunekin nengoela, hark kontzertura Ivan Ferrereiro gonbidatu zuen kolaborazio baterako. Nik Los Piratas taldetik ezagutzen nuen, eta haren oso zalea nintzen. Handik puska batera, Ferreirok berak hots egin zidan bakarka disko bat prestatzen ari zela esanez, ea berarekin aritu nahi nuen galdezka. Bi aldiz pentsatu gabe, baiezkoa eman nion.

Nondik nora egiten dute harremana musikariek zurekin proiektu jakinetan parte hartzeko?

Bada, ahoz aho. Ez dago beste sekreturik, ez manager eta horrelakorik, ez naiz inoiz neure burua saltzen aritu. Ikusten naute batekin jotzen, eta hurrena galdezka etortzen zaizkit, haiekin aritu nahi ote dudan galdezka. Oso natural gertatzen da. Musikari bat etortzen zaidan bakoitzean erronkatzat planteatzen dut: erreferentzia batzuk entzun, informazioa jaso, zein material erabili... Gero beti egiten dugu proba bat, entsegu moduko bat, elkarrekin funtzionatzen ote dugun ikusteko. Askotan esaten diet taldeei proiekturako aproposa ez naizela ikusten badute, esateko lasai. Nik ez dut egon nahi nirekin gustura ez dauden toki batean, eta alderantziz ere ez.

Ezin dute musikari askok esan bizimodua musikatik ateratzen dutenik.

Zortea izan dut beti, lan batzuk besteekin kateatu izan ditudalako eta behin ere ez naizelako lanik gabe geratu. Gorka Urbizurekin asteburu batean bira bukatu eta hurrengoan hasi nintzen Quique Gonzalezekin. Tartean beste hainbat proiektutan ere banabil: Idoia Asurmendirekin, Don Inorrezekin, Maite Larbururekin, Galizako Luis Fercanekin… Bestalde, ni ere ez naiz bizitzeko asko behar duten horietakoa, gutxirekin moldatzen naiz, eta gustuko dudan horretan aritzea nahikoa da niretzat. Zer gehiago behar dut nik? Ez du preziorik batean Garirekin, bestean Ruperrekin, eta hurrena Tapia eta Leturiarekin aritzeak.

Euskal Herrian bezala aritzen zara Espainia aldean. Batetik bestera aritzea ez zaizu nekagarria egiten?

Ez. Agenda antolatzea agian apur bat nekeza da, baina bestela ez zait gehiegi kostatzen trasteak hartu eta penintsulako beste puntara mugitzea. Sevillan kontzertu bat ematea, hango eszena ezagutzea, hango musikarekin aritzea… motibagarria zait, bere xarma du. Zorionez, Espainiako eszena hori eta hemengoa biak konbinatzeko aukera dut.

Ez da bada erraza bateria bat mugitzea.

Ez da ez eramangarria, beste instrumentu batzuekin alderatuta behintzat. Baina, tira, ohituta nago eta ez zait kostatzen. Are gehiago, uste dut bateria deskargatu, muntatu, prestatu eta erritu horri guztiari ere hartu diodala neurria. Kontzertua bukatu eta ordu txikitan bateria desmuntatzea eta lokalean uzteak nagikeria eragingo dizu agian, baina egonarriz daramat. Nire lanaren parte da.

Bateria asko dauzkazu?

Batzuk bai. Saiatzen naiz egunean egoten. Gainera, argi xamar edukitzen dut proiektu bakoitzarentzat, lortu nahi dudan soinuarentzat, etxeko zein bateria den aproposena. Mundu soniko bat daukat buruan, eta ez zait asko kostatzen, adibidez, zein plater aukeratu eta zein baztertu erabakitzea. Hori bai, nahiago ditut bateria zaharrak, ja ibilita daudenak, beste soinu bat dutela iruditzen baitzait. Gaur hona —ATARIAko erredakziora— ekarri dudan hau 1964. urtekoa da. Horrelakoen atzetik ibiltzen naiz, baina instrumentuarekin ez naiz taliban horietakoa ere. Gustatzen zait aukeran joko bakoitzetik bat baino gehiago edukitzea. Gero, noski, instrumentuak ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen naiz.

 

«Bateria jotzaileak tempo on bat eduki behar du, teknika, musikaltasuna... gauza asko»

Zein dohain behar ditu bateria jotzaile batek?

Garrantzitsuena musikaria izatea da: adi egotea aldamenean gertatzen denari. Tempo on bat izan behar du, noski; kantuak eskatzen duena, alegia. Teknika ere eduki behar da, musikaltasuna... gauza asko behar dira. Askotan esaten dute hots asko ateratzen duela bateriak, baina hori gertatzen da fuerte jotzen baduzu bakarrik. Hala ere, iruditzen zait inportantea dela ez zentratzea hainbeste instrumentuan, baizik eta ondokoari erreparatzea. Taldekideekiko interakzioan dago musikaren magia. Hitz egitea bezalakoa da: ez dugu berdin hitz egiten elizan, tabernan, etxean edo jendaurrean. Beti tonu berean edo abiadura berean hitz egiten ez dugun bezala, bateria ere ezin da modu berean jo. Komunikazioa da musika, eta lengoaia hori menderatzeko gaitasuna eduki behar du bateria jotzaileak.

Miresten al duzu bateria jotzaileren bat bereziki?

Bat bakarra ez, asko. Baina aipatzen hasita bat, Borja Barrueta bizkaitarra. Niretzat ez hemengoa bakarrik, munduko onenetakoa da; Jorge Drexler eta Valeria Castrorekin ibili izan da. Eta Barruetarekin batera, David Gorospe, Ekain Elortza, Galder Izagirre... asko daude.

Asko aldatzen da Karlos Arancegui oholtza azpian edo oholtza gainean egon.

Besteek esan beharko dute, baina uste dut egunerokoan naizenari nahikoa fidel natzaiola goran edo behean egon. Musikari onak direnak ez dira batere aldatzen, taula gainean egunerokoan bezalakoak dira: ez dira batere inpostatuak edo artifizialak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!