ERREPORTAJEA

Maitasunari zimiko egiteko moduak

Jon Miranda Labaien 2026ko otsailaren 23a

La Mapatxa antzerki talde sortu berriak Loreen hizkuntza obra egingo du otsailaren 27an Leidor aretoan, 20:00etan. Gaur egungo maitasun harremanen inguruko gogoeta egiten dute. Komedia «gazi-gozoa» dela dio Getari Etxegarai obrako zuzendariak.

Loreen hizkuntza izeneko antzezlana aurkeztuko du La Mapatxa antzerki taldeak otsailaren 27an, 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan. Gaur egungo maitasun harremanak ditu ardatz obrak, teknologia berriek eta sare sozialek harremantzeko moduan eragin duten aldaketa oinarri hartuta.

Izenburuak berak floriografia edo loreen hizkuntza kontzeptuari egiten dio erreferentzia: loreen bidez sentimenduak adierazteko moduari, alegia. Hitzez esatea zaila den horri forma emateko balio izan du historikoki, eta sarritan maitasunarekin lotutako mezuak helarazteko erabili izan da. Ideia horretatik abiatuta, eta gaur egungo testuingurura ekarrita eraiki dute La Mapatxaren estreinako lana.

Getari Etxegarai aktoreak zuzendu du antzezlana, eta berak azaldu du gaur egungo harreman afektiboak kudeatzeko modua aztertzen dutela: «Teknologia berrien eta sare sozialen eraginez azken urteetan asko aldatu den errealitatea erakusten dugu». Etxegarai bera aritzen da taula gainean, Mikel Losada, Olatz Ganboa eta Unai Izquierdorekin batera.

Getari Etxegarai: «Teknologia berrien eta sare sozialen eraginez azken urteetan asko aldatu den errealitatea erakusten dugu»

Etxegaraik antzezten duen pertsonaia 40 urte inguruko emakumea da, dibortziatu berria. Semeen ardura bere gain hartu behar izan du, eta beti sesioan dabil senar ohiarekin. «Galeraren dolua igaro ahala, Tinder begiratzen hasten da eta hainbat gizon ezagutzen ditu. Horrek dakartzan ondorioak ikusiko dira obran, onak zein txarrak», azaldu du.

Gaur egungo maitasun harremanak lantzeko proposamena Izquierdorena izan zen, eta hark osatu zuen lanaren dramaturgia. Gidoiaren lehen bertsioa bere esku egon zen, baina ondoren taldean landu zuten. Etxegarairen esanetan, hasierako testua asko moldatu dute: «Gustuko dugu idazketa kolektiboa, eta horrek ematen duen askatasuna».

Obra berria da, nahiz eta Federico Garcia Lorcaren Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores lanaren izen bera eduki. Zuzendariak argi utzi du ez dela moldaketa bat: «Ez dugu Lorcaren obra zuzenean hartu, baina beste iturri askotatik bezala, handik ere edan dugu. Inspirazio gisa erabili dugu».

Antzezlana zazpi koadro dramatikoz osatua dago, eta loreak dira pasarte horiek bereizteko elementua. Eszenaz eszena, proiekzioen bidez egiten dituzte trantsizioak. «Lore bat agertzen da koadro bakoitzean, eta lore horren eboluzioa ere bai. Beste irudi batzuk ere baliatzen ditugu», esan du Etxegaraik.

Jantzitegiari dagokionez, izaera naturalista duela nabarmendu du zuzendariak, baina ñabardurekin. Betitxe Saitua arduratu da jantziez. Eszenografia, berriz, sinplea da, eta La Mapatxako kideek eurek diseinatu dute.

Antzezlanaren beste bereizgarrietako bat zuzeneko musika da. Ibon Belandiak sortu du obra honetarako espresuki. «Abesti batzuk letra gabekoak dira, eszenak laguntzeko, eta beste batzuk trantsizioetarako sortuak dira, letra eta guzti», azaldu du Etxegaraik. Belandia gitarra elektrikoarekin eta teklatu txiki batekin aritzen da oholtzan, eta zuzendariaren esanetan, «azkenean obrako beste aktore bat gehiago bihurtu da; bost gara eszenan».

Sare sozialek harremanetan eragindako konplexutasuna ere ageri da antzezlanean. Besteak beste, identitate faltsuen atzean ezkutatzeak dakartzan ondorioak lantzen dituzte. «Nick edo izen faltsu baten atzean zenbateko mina egin daitekeen erakusten dugu, identitate faltsuaren atzean ezkutatuta zein erraza den bestea mintzea».

Getari Etxegarai: «'Nick' edo izen faltsu baten atzean zenbateko mina egin daitekeen erakusten dugu»

Batzuetan gauzak ondo ateratzen dira, baina beste batzuetan ez. Oholtza gainean agertzen diren harreman guztiek ez dute amaiera bera. Hala ere, Etxegaraik azpimarratu du ez dela maitasunaren kontrako manifestu bat, «zimiko egiten duen komedia» baizik.

Hasierako zatia umoretsua da, ikuslea barneratzeko pentsatua. «Lehen zatia oso barregarria da, baina erdialdetik aurrera tonua iluntzen doa, eta nahikoa amaiera gogorra du. Askok ez dute bukaera hori espero, komedia hutsa ikustera datozela uste baitute; mezua gordin samarra da amaierakoa», aitortu du. Ordu eta hogei minutu inguruko iraupena du obrak.

Getari Etxegarai: «Lehen zatia oso barregarria da, baina erdialdetik aurrera tonua iluntzen doa, eta amaiera nahiko gogorra da»

La Mapatxa taldeak azaroaren 20an estreinatu zuen Loreen hizkuntza Bilboko Arriaga antzokian. Ordutik, hainbat tokitan eman dute, eta Etxegarairen arabera, zirkuitu kontzertatuan sartzeko zortea izan dutelako. Horri eskerrak udaberrira arte hogei emanaldi lotuta dituzte. Orain arteko emanaldietan harrera beroa egin diete.

Konpainia berria

Loreen hizkuntza da La Mapatxa konpainiaren lehen antzerki lana. 2025eko hasieran hasi ziren bost kideak —Diego Perez, Unai Izquierdo, Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Getari Etxegarai— antzerki talde propioa sortzeko aukera lantzen, eta iazko apirilean ekin zioten bideari.

Hasierako zalantzak ere izan zituztela onartu du Etxegaraik. «Bertigoa sentitu genuen, beldurra ematen zigun horrelako abentura batean sartzeak. Baina apustu polita izan dela esango nuke; orain ez nuke atzera egingo. Pozik gaude, eta zain ea bizitzak zer dakarkigun», azaldu du.

Etxegarairen esanetan, behar bati erantzuteko sortu dute La Mapatxa. Taldekide guztiak aspaldiko aktore profesionalak dira, eta gehienek ibilbide luzea dute. «Urte luzez besteentzat lan egin izan dugu, beti besteek noiz deituko zain. Adinean aurrera egin ahala, konturatu gara bagenituela guk geuk kontatu nahi genituen gauzak». Horregatik, esperimentatzeko eta formatu berriak probatzeko gogoa dutela azaldu du. «Laguntzak izan ditugu, eta horrek segurtasuna ematen digu. Ez da modu txarra halako proiektu bati ekiteko».

Getari Etxegarai: «Laguntzak izan ditugu, eta horrek segurtasuna ematen digu. Ez da modu txarra halako proiektu bati ekiteko»

Kultura eta artearen munduko prekaritatea kontuan hartuta, are balio handiagoa ematen dio konpainiaren sorrerari. Diru laguntzak gero eta urriagoak direla eta jendearentzat kultura ez dela lehentasunezko kontu bat nabarmendu du: «Jendeak geroz eta diru gutxiago dauka eta nonbaitetik kentzen hasita, uzten aurreneko gauza antzezlanak, kontzertuak eta horrelakoak dira. Badakigu zer-nolako panorama dagoen munduan».

Euskaraz eta gaztelaniaz, elebitan aritzeko hautua egin du La Mapatxak. Loreen hizkuntzak badu gaztelaniazko bertsioa ere, El lenguaje de las flores izenekoa, baina Tolosako emanaldia euskara hutsean emango dute.

Aurrera begira, konpainiak baditu beste asmo batzuk ere. Taldekideek badakite antzezlan gehiago etorriko direla, baina jarduna ez dute oholtzara mugatu nahi. Proiektuak dituzte Zehar Errefuxiatuekin taldearekin eta Mas Mujeres kolektiboarekin, besteak beste. Horrez gain, berriki Bilboko Zinemaldi Fantastikoko galak zuzentzeko ardura hartu dute. «Beste hainbat proiektutan ere bagabiltza, eta hori seinale ona da», adierazi du Etxegaraik.

Bien bitartean, otsailaren 27an ikusiko da Loreen hizkuntza Tolosako Leidor antzokian. Etxegaraik uste du ikusleek erraz egingo dutela bat agertokian ikusiko dutenarekin: «Pertsonaia arruntak dira, gaur egungoak, eta bizi dituzten egoerak edonori gerta dakizkioke. Edonor identifikatu daiteke haiekin. Antzezlana ikusiz ikasi egiten da, eta tarte batzuetan sufritu ere bai, baina horrelakoa da bizitza».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!