Euskarazko edukiak bikoizten aritzen da Amaia Ugartemendia Zumeta (Tolosa, 1994). 2023an ikastaro batean izena eman zuen, eskolaz kanpoko jarduera bat balitz bezala, eta gaur egun, ahotsa jartzen die telesail eta marrazki bizidunen pertsonaiei. Hasieran zaletasuna zena, ogibide bilakatu zaio. Orain, nahi duenarentzat lokuzioak egiteko aukera ere eskaintzen du; apustu sendoa egin du, eta konfiantza handia du: «Saiatu gabe ez naiz geldituko».
Noiz hasi zinen bikoizketan eta zergatik?
2023ko udaran hasi nintzen, kasualitatez. Fisika ikasketak egin nituen unibertsitatean, baina horrekin zerikusirik ez zuen lan batean ari nintzen, Donostiako Binahi Interpretazio eta Bikoizketa Akademiaren bikoizketa ikastaro baten berri izan nuen arte. Asko erakarri ninduen, eta izena eman nuen. Bikoizketa klasikoa eta bikoizketa musikala ikasten hasi nintzen, astean bi orduz, Kiko Jauregirekin. Bikoizketen munduan son handiko pertsona da. Bi urtez bikoizketa musikala ikasten aritu naiz, eta hiru urtez klasikoa.
Egun batean, bi zuzendari etorri ziren estudiora. Emakumeen ahots berriak nahi zituzten, eta aukera bat eman zidaten; horrela sartu nintzen sektorean. Norbaitek aukera bat eman behar zidan, eta nik, noski, aprobetxatu egin behar nuen. Hasieran puntualki deitzen ninduten, esaldi nahiz barre batzuk bikoizteko. Pixkanaka, zuzendari gehiago ezagutzen joan nintzen, eta protagonistak diren pertsonaiak bikoiztera heldu naiz.
Lehenago, nerabea zinenean, erreparatzen zenien bikoizketei?
Bikoizketei, konkretuki, ez, baina bizi guztian abesten aritu izan naiz. Ikaragarri gustatzen zait, eta abesbatzetan kantatu izan dut. Atentzioa ematen zidaten Disney etxeko filmetako kantuek, eta beti nahi izaten nuen musikal batean parte hartu.
Zerk erakarri zintuen bikoizketen ikastaroan izena eman aurretik?
Ahotsak. Lehengo ofizioa uztea erabaki nuenean, konturatu nintzen ahotsa ez nuela ezertarako erabiltzen. Ez nuen abesten, eta apur bat ahaztuta nuen nire bizitzaren parte izan den hori. Nire ahotsarekin konektatu nahi nuen berriro, eta modu polita iruditu zitzaidan.
Nola oroitzen duzu zuzendariak ahots berriak hautatzera joan ziren eguna?
Kikok ez gintuen ohartarazi aktoreoi, eta astero moduan, lasai joan nintzen. Akademian sartu nintzenean eta pertsona gehiago ikusi nituenean esan zidaten zuzendariak zirela. Apur bat urduritu nintzen, baina grabatzera sartzean argi nuen naturaltasunez egin behar nuela, eta hala egin nuen. Zuzendariak askotariko erregistroak dituzten eta moldagarriak izan daitezkeen aktoreen bila aritzen dira.
Bestela, nolako saioak egiten zenituzten akademian?
Astean behin joaten nintzen, eta bi orduko saioak izaten ziren. Lehen ordubetean, marrazki bizidunetako pertsonaiak bikoizten nituen; bigarrenean, berriz, hezur-haragizko aktoreak. Gainera, euskarazko eta gaztelaniazko bikoizketak tartekatzen nituen. Desberdintasun handiak daude marrazki bizidunetako eta hezur-haragizko pertsonaien bikoizketen artean. Horrez gain, hizkuntza bakoitzak bere berezitasunak ditu.
Zeintzuk dira pertsonaien arteko desberdintasun horiek?
Nabarmenena tonua da. Marrazki bizidunetarako asko esajeratu behar izaten da, grabatzen ari zarenean uste duzuna baino gehiago. Norbere buruarekiko lotsa galtzea zaila izaten da hasieran. Ni, zorionez, ez naiz oso lotsatia, eta nahiko azkar gainditu nuen harresi hori. Aktore errealen kasuan, tonua eustea izaten da zaila, erdibideko puntua topatzea alegia. Gehiegi esajeratuz gero, emaitza ez da ona.
Zer izaten da zailena eduki bat bikoizterakoan?
Lehen tonua aipatu dut, eta kasu honetan, ahoskera gehituko nioke. Zuzendariek garrantzi handia ematen diote. Iruditzen zait euskaraz nahiko erraz moldatzen naizela. Tz eta z ahoskatzea erraza egiten zitzaidan, baina lan handia eman zidan il-k. Eskualdean ohitura dago ondo ahoskatzeko, baina nik ez nuen ondo ahoskatzen, eta ikasi egin behar izan nuen. Gogoan dut hasieran oso arraroa egiten zitzaidala. Horrez gain, ezinbestekoa da pertsonaiara egokitzea. Ez da berdina mutiko bati edo emakume heldu bati ahotsa jartzea.
Intentzioa eta erritmoa ere kontuan hartu beharreko ezaugarriak dira. Interpretazioaren aldetik, oso garrantzitsua da pertsonaiak une horretan zer sentitzen duen jakitea. Bestetik, esaldi luze bat mila modutara esan daiteke, eta esaldi berean erritmoa aldakorra izan daiteke. Batzuetan, kontsonanteak gehiago markatu behar izaten dira.
Eta nola egiten duzu bikoizketa bat?
Zuzendariak pantaila batean jartzen du jatorrizko eszena, testu eta guzti. Bikoizleak eskuartean izaten du gidoia, eta eszena hiruzpalau aldiz ikusi eta entzun bitartean nahi adina ohar idatzi ditzake. Trikimailu lagungarri asko ditugu. Ondoren, bikoizleak entseatu egiten du, eta testua menperatzen duenean, grabatu. Ikasketen garaian hala izaten zen; gaur egun, lanean, askoz azkarragoa da abiadura.
Zure kasuan, emakumezko pertsonaiak bikoiztuko dituzu gehien, ezta?
Bai. Nahiko ahots grabea daukat, eta batez ere emakume helduak bikoizten ditut. Hala ere, denetik egin behar izaten dut, eta tarteka egokitu zait mutikoak bikoiztea. Neskatila bat bikoiztea egokituz gero, ahotsa asko findu beharko nuke.
Eta zein egiten zaizu zailena?
Bikoizten ditudan pertsonaien artean, mutikoekin izaten dut zailtasun handiena. Erosoago sentitzen naiz nire adin inguruko emakume bati ahotsa jartzean.
Zer ezaugarri izan behar ditu bikoizle batek?
Batetik, ezinbestekoa da pertsonaia bakoitzera egokitzeko hiruzpalau profil desberdin edukitzea buruan. Bestetik, entrenatu egin behar da, behin eta berriz. Sinkronia asko praktikatzen da, pertsonaiak ahoa noiz ireki eta ixten duen ikustea, alegia.
«Sinkronia asko praktikatzen da, pertsonaiak ahoa noiz ireki eta ixten duen ikustea, alegia»
Gogoan duzu bikoiztu zenuen lehen pertsonaia?
Bai. Duela hiru urte euskaraz bikoiztu zen My Mad Fat Diary gazteentzako telesail britaniarra, eta Amy bigarren mailako pertsonaia bikoiztu nuen. Biraoka aritzen den nerabe bat da.
Zenbat denbora behar da telesail bat bikoizteko?
Ez dago luzera jakin bat, atal kopuruaren, horien iraupenaren eta bikoiztu beharreko esaldi kopuruaren arabera. Esaterako, Makusi plataformarako Nina eta Olga marrazki biziduneko Nina bikoiztu nuen. Bi hilabeteko lana izan zen; astean bitan joaten nintzen estudiora grabatzera, eta egunean lau bat orduz aritzen nintzen.
Gure lanaldia ez da zortzi ordukoa. Gehienez, egunean sei orduz lan egin dezake bikoizle batek, hala dago ezarrita. Bestela, ahotsa, gure instrumentu garrantzitsuena, galdu dezakegu, eta ezinbestekoa da behar bezala zaintzea.
Bikoiztu dituzun pertsonaietatik zein nabarmenduko zenuke?
Zalantzarik gabe, Dragoi Bola Super marrazki biziduneko Vados. Emakume maltzurra da, ironia askokoa, eta oso gustuko ditut horrelako pertsonaiak. Oso gutxi dakigu euskarazko bikoizketaren jardunaz. Esango nuke egiten ditugun bikoizketen % 90 inguru Primeran eta Makusi plataformetarako egiten ditugula, eta oso zaila da bide horretatik ezagun egitea. Hala ere, Dragoi Bola Superrek espero zena baino arrakasta handiagoa izaten ari da, eta oso pozik gaude. Zornotzako manga konbentziora gonbidatu gintuzten, hitzaldiak egiteko. Aurrestreinaldian ere izan ginen, eta autografoak sinatzen aritu ginen. Martxoaren 21ean, BEC-en egingo den Japan Weekend jaialdian egongo gara. Euskal Herri mailako manga konbentzio handiena da.
«Egiten ditugun bikoizketen % 90 Primeran eta Makusi plataformetarako egiten ditugu»
Bikoizketa hori egiteko aukera heldu zitzaizunean, presioa sentitu zenuen?
Ez horrenbeste, nire pertsonaia berria delako, eta ez delako hain ezaguna. Esaterako, Gaizka Soriak, Gokuren ahotsa bikoiztu zuenak, aitortu izan du oso urduri egon zela. Nabaritu nuen zuzendariak lana ondo egin nahi zuela, eta horregatik, ardura handia sentitu nuen. Gerora, emaitza ona izan dela ikusita, eskertzen da aurrez ezarritako presio hori.
Beste nonbait ere entzun daiteke zure ahotsa?
Bai. Osakidetzaren azken txertaketa-kanpainako iragarkiko ahotsa nirea da. Noizean behin, horrelakoak egitea ere egokitzen zaigu. Bestetik, Los Aitas filma euskarara itzuli dute, eta bikoizketan parte hartu dut.
Gaur egun, zure ogibide bihurtu da. Gustura zaude?
Sorpresa polita izan da, eta oso pozik nago. Orain, nire zerbitzua zabaldu nahi dut; ez dut nahi bikoizketak bakarrik egiten aritu. Horregatik, nire kasa lokuzioak eskaintzen hasi naiz, hala nola, iragarkietarako, museoetako audiogidetarako edo irudi korporatiboetarako. Soinu-mahai txiki bat erosi dut, grabaketak etxean egiteko, eta Instagram kontu berria sortu dut: @amaialokuzioak. Interesa duenak mezua idatzi diezadake. Oraingoz, oso harrera ona izaten ari da.
Gaur egun, zenbat denbora eskaintzen diezu bikoizketei?
Lana oso gorabeheratsua da, garaiaren arabera; hori da ogibide honek duen gauzarik txarrena. Orain, gutxi gorabehera astean hiru aldiz joaten naiz ahotsak grabatzera. Garai ona izaten ari da, berez, batez beste astean bitan joaten naizelako.
Nola funtzionatzen du bikoizketen munduak?
Bezeroa estudiora joaten da, eta bertan zer grabatu nahi duen azaltzen du. Gaur egun, Euskal Herrian hiru estudio daude aktiboan, eta horietako batean aritzen naiz ni: Mixer estudioan. Grabaketen zuzendariek edozein unetan deitu nazakete, ordu jakin batean ahotsak grabatzera joateko. Hortaz, ia uneoro eskuragarri egon beharra daukat, baina nire ogibidea denez, lehentasun osoa ematen diot.
Badaukazu ohiturarik zuk bikoiztutako edukiak gerora entzuteko?
Ez. Lotsa handia ematen dit. Hala ere, grabatu ondoren, estudioan bertan entzuten dut zuzendariarekin, eta jada ohitu naiz. Etxean ere tarteka entzun izan dut, zertan hobetu dezakedan ikasteko. Orain, adibidez, Dragoi Bola Super ikusten ari naiz, behintzat, tramaren berri izateko. Pertsonaia nagusiak bikoizten ez badituzu, oso zaila da telesailaren edo marrazki bizidunaren istorioa ezagutzea. Hori bai, nire lehen bikoizketak edo gaur egungoak entzun, hobekuntza handia nabari dut.
Euskaraz bikoizteaz gain, gaztelaniaz ere bikoiztu izan duzu?
Oso gutxi. Osakidetzako kanpainarako iragarkia elebitan egin nuen. Gozamen hutsa da edukiak euskaraz bikoiztea; aukera edukitze hutsa oso aberasgarria da. Gainera, nabaritzen ari naiz euskarazko edukiaren alde lan handia egiten ari direla, eta ikus-entzunezko asko ari dira bikoizten euskaraz. Sektore oso gorabeheratsua da, eta garaika funtzionatzen du. Hala ere, orain anime-a bultzada handia izaten ari da, eta hori positiboa da guretzat.
Aurrera begira, zein pertsonaia bikoiztu nahiko zenuke?
One Piece marrazki bizidunen zale sutsua naiz, eta asko gustatuko litzaidake bertako Nico Robin bikoiztea. Hain justu, Vados bikoizten duen aktore japoniar berak bikoizten du Nico Robin. Vadosen ahotsa grabatzera joan nintzen lehen egunean, berehala identifikatu nuen ahotsa. Amets handia izango litzateke niretzat. Hezur-haragizko bat aukeratzekotan, El cuerpo en llamas telesaileko Ursula Corbero bikoiztu nahiko nuke.