ELoGE, EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatutako Gobernantza Bikaintasunaren Europako Zigiluaren 6. edizioko aintzatespen-banaketa egin zen atzo, EUDELen Bilboko egoitzan. Bost udalek parte hartu zuten aurtengo edizioan: Tolosak ez ezik, Bilbok, Errenteriak, Urretxuk eta Leioak. Bertan izan ziren bost udalerrietako alkateak, baita prozesua babestu duten Eusko Jaurlaritzako eta hiru foru aldundietako ordezkariak ere.
Kalitate demokratikoari eta gobernu onari buruzko adierazleak neurtzen ditu ziurtagiri horrek, eta berrikuntza demokratikoko eta kudeaketa publiko efiziente eta jasangarri baterako Europako estandarrekin alderatu.
2025eko irailaz geroztik, hautagai izan diren udalerriek Europako Kontseiluaren metodologia komunarekin lan egin dute, EUDELek koordinatuta. 72 adierazleko ebaluazio zorrotza egin dute, Gobernu Onaren 12 printzipiotan oinarrituta: giza eskubideak, gardentasuna, etika publikoa, parte-hartzea, kontuak ematea, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren sendotasuna, berrikuntza edo jasangarritasuna eta epe luzeko plangintza, besteak beste.
Autoebaluazioarekin batera, udalek konparaziozko inkestak egiten dizkiete hautetsi, langile eta herritarrei. Emaitza horiek udalerri bakoitzari egokitutako hobekuntza planak definitzeko balio izan dute.
Tolosa lehen aldiz
Tolosako Udala lehen aldiz aurkeztu da prozesu honetara, eta Gobernu Onaren printzipioen diploma jaso du. Ziurtagiria lortzeko prozesuan jarraituko dutela berretsi du Tolosako Udalak. Hala eta guztiz ere, ebaluazioak balio izan du indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko, hobekuntza-planak definitzeko eta beste udalerri batzuetako esperientziak ezagutzeko.
Hain zuzen, hori nabarmendu du Andu Martinez de Rituerto alkateak goizeko ekitaldian. «Ebaluazio prozesu honen bidez Tolosako Udalak bere indarguneak eta hobekuntza eremuak identifikatu ditu, eta argi geratu zaigu non dauden hemendik aurrerako erronkak. Lortutako emaitzekin, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatzeko bi urterako plangintza abiatu dugu, herritarrei gero eta zerbitzu hurbilagoa, eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa eskaintzeko helburuarekin». Alkateak nabarmendu duenez «beste udal batzuetako adibide eta ereduak partekatzea ahalbidetu digu prozesu honek, eta elkarrengandik ikastea ere ezagutzaren kudeaketa egokia dela azpimarratu nahi dugu».
Seigarren edizio honekin, EAEko 25 udalerrik parte hartu dute ELoGEn, eta, 16k lortu dute zigilua eskuratu eta Europako Kontseiluaren zerrenda sartzea.