Geltoki plazako indigaztaina kenduko dute bihar

Ataria 2026ko otsailaren 4a

Zenbait aparkaleku hustu beharko dira lanak egiteko, ostiralera bitarte.


Geltoki plazaren erdian dagoen zuhaitza kenduko dute bihar, segurtasunagatik. Usteldura maila altua du, lehor eta ahul dago puntu askotan, eta erortzeko arrisku handia du. 

Duela bizpahiru urtetik hona egin diote jarraipena zuhaitzari, eta bere egoerak kezka sortu du. Hirigintzako eta lorezaintzako teknikariek zuhaitzaren egoera aztertu dute, eta ondorioztatu dute, arrisku horren aurrean, egokiena kentzea dela. 

Tomografia proba egin diote, enbor barruko osasun maila neurtu asmoz. Zuraren dentsitatea neurtzen du proba horrek. Bada, azterketan ikusi denez, 40 zentimetrotik gorako emaitzak ez dira onak, gutxienez % 60tik gorako kalteak baititu, uhinen konposaketan. Plaza konpontzeko eta berrurbanizatzeko proiektua egingo denez, ordezko zuhaitzik ez da jarriko, eta berritzearekin batera landatuko dira zuhaitz berriak.

Ezingo da aparkatu

Kentzeko lanak egin ahal izateko ezingo da zuhaitzaren inguruko aparkalekuetan autorik utzi ostiralera arte. Lanak amaitu ahala irekiko da eremua. Horrez gain, inauteriak direla eta, aurki emango dira trafikoari lotutako ohartarazpenak. Dena dela, aurreratu da datorren asteartetik, otsailaren 10etik, aurrera, ezingo dela aparkatu Geltoki plazan, barrakak jarri ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!