Gaur, San Blas Eguna izan da, eta ospakizun horretan bete-betean murgildu dira herritarrak izen bera duen Tolosako auzoan. Suziria lehertu ostean, larunbatean abiatu zituzten auzoko jaiak. Bertaratu diren askok opilak eta lokarriak erosi dituzte eta ermita barruan produktu hauen bedeinkapena jaso dute. Izan ere, San Blas III. mendeko kristau martiria izan zen, gotzaina eta medikua. Haur baten eztarriko gaitza mirariz sendatu omen zuela eta, eztarrien zaindaritzat hartzen da kristau tradizioan.
Horregatik, festen bereizgarriak opilak izan ohi direla adierazi du Jose Ignacio Iglesias antolatzaileak, eta hiru egun hauetan erosi ahal izan dira auzoan bertan jarri duten gunean, baita eztarriko gaitzetatik babesten laguntzen duten lokarriak ere. Lokarri horiek lepoan bederatzi egunez eman behar omen dira, ondoren su eman eta erretzeko. Egun hauetan saldu dituzten opilen kontua galdu du Iglesiasek, «baina normalean soberan ekartzen ditugu, urte batzuetan faltan geratu garelako». Azken urteetan, piper opilak ere saltzen dituzte arrakasta handiz, gainera.
Urteroko moduan, Emendek elkartea arduratzen da hiru eguneko egitaraua osatzeaz, eta aurten ere hala egin du. Aizkolariak eta bertsolariak izan ziren igandeko protagonistak; lehenengo, Eneko Saralegi eta Txomin Amundarain aizkolarien erakustaldia izan zen, eta ondoren, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariek hartu zuten oholtza. Eguraldia alde izan ez bazuten ere, Elustondo anai-arrebek girotu zuten eguna.
Gaur, ordea, eguraldia alde izan dute eta hori aprobetxatuz azken festa egunean murgildu dira auzotarrak. Festetan toka jokoa egiteko ohitura handia dute San Blas auzoan, eta aurten ere halaxe aritu dira. Goizean, toka txapelketa antolatu dute eta gazte eta heldu ugari punteria neurtzen aritu dira; tartean Antonio Amundarain auzotarra. Zenbat aldiz irabazi duen galdetuta, ez dela oroitzen esan du, baina urte askotan ikuskizun paregabea emanez lortu du garaipena. Tiraldi on bat egiteko sekretua «erlaxatuta egotea, burua ondo edukitzea eta nerbio sano puntu bat izatea» dela adierazi du.