Asuncion Klinikako langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta, agerraldia egin dute gaur arratsaldean Tolosako Zerkausian. Agerraldian TOPA, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma ere izan da, hirurak izanik ekimenaren deitzaileak. Bertan, Tolosaldeko osasungintzaren etorkizunarekiko kezka agertu dute eta subrogazioa berehala gauzatzea eskatu dute.
Agerraldian azaldu dutenez, Asuncion Klinikako langileek urteak daramatzate herritarrekin batera Tolosaldeko ospitale publikoaren aldeko aldarrikapenean. Hala ere, salatu dute oraindik ez dagoela Tolosaldean eraikiko den ospitale berriaren plan funtzionalik, eta horrek ziurgabetasuna sortzen duela bai zerbitzuen etorkizunari dagokionez, bai eta langileen lan baldintzei dagokienez ere.
Gogorarazi dute Alberto Martinez Osasun sailburuak urtea amaitu aurretik plan funtzionala aurkeztuko zuela iragarri bazuen ere, gaur gaurkoz ez dagoela dokumentu hori eskuragarri. Horren aurrean, ohartarazi dute ospitale berriak zerbitzu guztiak eskaini behar dituela eta %100 publikoa izan behar duela, bestela Donostiako ospitalearen menpeko anbulatorio handi baten itxura hartzeko arriskua dagoelako.
Era berean, Asuncion Klinikako langileen subrogazioa eskatu dute. Sailburuari bide hori hartzeko eskatu diote, duela hilabete gutxi Donostiako Onkologikoko langileekin egin bezala: «Orain Osakidetzako langileak dira, eta Tolosako eta Elgoibarko anbulantzietako langileen kasuan ere, subrogatuak izango direla adostu da».
Tolosaldeko osasungintza %100 publikoa izatea, Asuncioneko langileen subrogazioa eta zerbitzu guztiak eskaintzea aldarrikatzeaz gain, Asuncion Klinika publiko egitea ere eskatu dute: «Izan ere, eman nahi duten zerbitzuarentzat eraikina badago».
Bada, Osasun sailburuari Tolosalderako Osasungintza Publikorako Plan Funtzionala lehenbailehen aurkez dezan eskatu diote, «eraikin berri bat egiteko asmoa delako argi utzi duten gauza bakarra». Era berean, langileen lan eskubideen defentsan eta «Tolosaldeak behar duen osasungintza publiko baten alde» borrokan jarraituko dutela esan dute.