Zergatik aukeratu zenuen Industria Antolakuntzako Ingeniaritza?
Karrera aukeratzeko garaia iritsi zenean, argi izan nuen enpresa munduarekin lotutako zerbait ikasi nahi nuela. Horregatik erabaki nuen Industria Antolakuntzako Ingeniaritza aukeratzea, ingeniaritza bat izateaz gain, askotariko sektoreei buruzko ikuspegi zabala ematen duelako. Mondragon Unibertsitateak aukera hori eskaintzen zuen, eta gainera, ikasketa praktikoak eta lan-mundura hurbiltzea sustatzen dituen eredua duenez, bertan ikastea erabaki nuen.
Nola balioesten duzu orain arte bizitakoa?
Hasieran, batxilergotik unibertsitatera egindako saltoa nabarmena izan zen, batez ere ikasteko erritmoari eta lan-kargari dagokienez. Hala ere, urteak pasa ahala konturatzen zara ikasitako kontzeptu guztiek nola hartzen duten zentzua. Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da: pertsona berriak ezagutzen dituzu, askotariko ikuspegiekin topo egiten duzu eta lan-mundura gerturatzen zaituzten gaitasunak eskuratzen dituzu.
Nola definituko zenuke Mondragon Unibertsitatean jasotzen duzun ikasteko metodologia?
Mondragon Unibertsitatean, ikasgaiak modu jarraituan lantzen dira, eta horrek ebaluazio etengabea izatea ahalbidetzen du. Horrela, momentu oro zalantzak argitu ditzakezu, eta ez duzu azken unean eduki handirik pilatu behar. Azterketak zein proiektuak modu orekatuan konbinatzen dira, bai praktikan bai egunerokotasunean oinarritutako ikaskuntza sustatzen da.
Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta zerbait hobetzeko?
Nabarmenduko nukeena PBL (Project Based Learning) metodologia izango litzateke; seihileko bakoitzaren amaieran egiten da. Proiektu honek taldean lan egiteko eta benetako arazoak konpontzeko aukera ematen du, ikasitakoa praktikan jartzeko eta ikasketa oso aberasgarria izateko. Azkenean, enpresa batek egunerokoan izan dezakeen arazo erreal bat simulatzen duelako gustatzen zait metodologia hau.
Lanean ari zara ikasten duzun bitartean, Dual-en.
Gaur egun LIP programaren barruan nago Orkli enpresan, Ordizian. Bertan, QMS (Quality Management Software) izeneko proiektu batean parte hartzen ari naiz, eta helburua da kalitate arloan enpresa osoan software hau ezartzea. Horrela, kalitate-prozesuak digitalizatzea eta estandarizatzea bilatzen dugu, eta egia esan, unibertsitatean ikasitako kontzeptuak praktikan jartzeko aukera oso ona da.
Zer-nolako ekarpena egiten dizu Dual ereduak?
Lanean hasten zaren momentutik konturatzen zara ikasten duzunak baduela zentzua. Ikasgelan landutako metodoak enpresatan eta kontzeptuak benetan erabiltzen direla ikusten duzu, eta horrek motibazio handia ematen du. Gainera, lan munduan esperientzia izatea oso baliagarria da etorkizunari begira, bai profesionalki, bai pertsonalki.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure asmoak?
Gradua amaitutakoan, Industria Antolakuntzako Ingeniaritzan sakontzeko master bat egitea da nire asmoa, nire prestakuntza profesionala eta ezagutza osatzeko.
