Asteartean San Blas eguna izango da, eta horren bueltan, Emendek elkarteak antolatuta, San Blas jaiak ari dira ospatzen izen bera duen Tolosako auzoan. Atzo goizean jaurti zuten suziria eta auzotarrek izan zuten zertaz gozatu egunean zehar. Gaur, txistulariek eta Konponezinak txarangak abiatu dute eguna. Eguerdian, Eneko Saralegi eta Txomin Amundarain aizkolarien erakustaldia izan da, eta ondoren, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariek hartu dute oholtza.
Eguraldia lagun izan ez badute ere, herritar ugari bildu dira auzoan bertan; batzuk aizkolariak ikusi bitartean karparen azpian babestu dira; beste batzuk tragoa edo mokadua eskatu bitartean izan dute txozna aterpe; eta gainontzekoak ermita ataria izan dute babesgune.
Festen bereizgarria opilak izan ohi dira, eta horiek ere erosi ahal izan dira, baita eztarriko gaitzetatik babesten laguntzen omen duten lokarriak ere.
Arratsaldean ere izango da zer ikusi San Blas auzoan. Bertsolariek bigarren saioa eskainiko dute 18:30etatik aurrera, eta ondoren, Elustonto anai-arrebek hartuko dute oholtza. Asteartean ospatuko dute San Blas eguna. Hona hemen egitaraua:
- 11:00. Meza, auzo eta elkarteko hildakoen alde.
- 12:30. Toka Txapelketa auzo eta elkartekoen artean.
- 18:30. Trikitixa, Elustondo anai-arreben eskutik.