Eusko Jaurlaritzak eta Hernani, Tolosa eta Lezoko udalek Gipuzkoako hiru udalerri horiek bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko ekitaldia egin dute gaur Hernaniko udaletxean. Hiru horiekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 14 udalerritan «prezioak moderatzeko, eskaintza eskuragarria handitzeko eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko» neurri espezifikoak hartu ahal dituzte udalek.
Hernaniko ekitaldian Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta hiru herrietako alkateak izan dira. Sailburuak nabarmendu du izendapen hori beste «mugarri» bat dela Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren lehentasunezko politika baten hedapenean, herritarrak alokairuaren tentsionamenduaren aurrean babestera begira eta izendapen bakoitzarekin lotzen diren hiru urteko etxebizitza-planak bizkortzera begira.
Itxasok zehaztu du eremu tentsionatuko 14 izendapenek (Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Barakaldo, Irun, Galdakao, Donostia, Bilbo, Astigarraga, Usurbil, Gasteiz, Hernani, Tolosa eta Lezo) Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria osoaren % 53 hartzen dutela, eta Gipuzkoako lurraldeko biztanleriaren % 52 dira. Hala, tramiteak jada hasita dituzten beste herri batzuekin lanean ari direla adierazi du, Arrasate, Zestoa, Pasaia eta Basaurirekin, hain justu. Horiek ondorengo faseetan sartu ahal izango dira, prozedurak amaitutakoan.
Sailburuak jakinarazi duenez, Gipuzkoan gaur egun 30.470 alokairu-kontratu daude indarrean, eta horietatik, 18.057 bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako udalerrietan biltzen dira. Horien barruan, 8.019 kontratu urte honen barruan amaitzen dira, 2021ean sinatu baitziren. «Alabaina, babestuta geratuko dira eremu tentsionatu izendapenaren ondorioz. Izan ere, onuretako bat da, besteak beste, maizterrek beren kontratuak luzatzeko aukera izatea eta, hartara, segurtasun eta egonkortasun handiagoa izatea, bizitegi-presioa nagusi den testuinguruan».
Hedapena adierazgarria dela, batik bat Gipuzkoan esan du Itsasok. «Gaurko izendapenekin, 14 udalerri izendatu dira eremu tentsionatu, eta horietatik 10 Gipuzkoan daude, batez ere Donostiako eremu metropolitarraren inguruan». Gainera, Gipuzkoak alokairurako erreferentziazko indizeak dituela nabarmendu du: «horri esker, eremu tentsionatu horietako kontratuek esku-hartze publikoko tresnak dituzte errentak objektibatzeko eta moderatzeko (erreferentziazko indizeak eta IRAV - Etxebizitza Errentamenduak Eguneratzeko Erreferentziazko Indizea, aplikatzekoak diren kasuetan eguneratzeko). Horrela, herritarrek administrazioen aurrean beren eskubideak baliatu ahal izatea bermatzen da».
958 pertsonak eskatzen dute etxebizitza babestua Tolosan
Tolosaren kasuan, martxan jarriko duen planak egungo parkearen erregulazioa, etxebizitza eskuragarrien sustapena eta egungo parkearen mobilizazioa uztartuko ditu, helburu nagusi batekin: «hiru urteren buruan 800 etxebizitza baino gehiago bultzatzea, alokairua lehenetsita», Andu Martinez de Rituerto alkateak aditzera eman duenez. Horietatik, 550 etxebizitza inguru alokairu eskuragarrirako izango direla esan du, Amarotzen —otsailean hasiko dira babes ofizialeko 192 etxebizitza eraikitzeko obrak—, San Estebanen, Olarrainen edo Iurreamendin. Beste 275 etxebizitza inguru erosketa babesturako izango dira San Esteban edo Olarrainen.
Diagnostikoak prezioen bilakaeraren araberako tentsio-irizpidea egiaztatzen du: 2018 eta 2023 artean alokairuaren batez besteko errenta % 20 igo zen, legeak ezartzen duen % 19,6ko atalasea gaindituta. Gainera, alokairu-eskaera estrukturala egiaztatzen du: 958 pertsonak eskatzen dute etxebizitza babestua udalerrian (bertan erroldatutako 604 pertsona), eta Etxebiden izena eman duten eta bertan erroldatuta dauden pertsonen % 75ek alokairu-erregimeneko etxebizitza eskatzen dute.
Etxebizitza Planak, halaber, hutsik dauden etxebizitzei buruzko neurri espezifikoak jasotzen ditu (252 etxebizitza huts identifikatzen ditu, etxebizitza-parkearen % 2,6), baita programa publikoak indartzea (Bizigune, adibidez, 61 etxebizitza udalerrian) eta urtez urte ebaluatuko den gobernantza- eta jarraipen-eskema ere.
Ildo horretan, alkateak adierazi duenez, «Tolosa eremu tentsionatu izendatzea urrats handia da, alokairuen prezioak nolabait mugatzea ahalbidetuko baitu. Dena dela, neurri hori Etxebizitza Plan zabalago baten parte da. Etxebizitza Planak alokairu eskuragarria handitzeko 9 estrategia eta 20 ekintza biltzen ditu, gazteei begira batik bat». Horrez gain, Rituertok aitortu duenez, «auzoak biziberritzeko helburuarekin, eraikinak birgaitzea sustatuko dugu. Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea ere ezinbestekoa da, eta horretan ere ari gara lanean, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Planaren helburua argia da: herritarrek herrian bertan garatu ahal izatea beren bizi-proiektua, eta etxebizitza eskubide bihurtzea, eta ez negozio huts. Eta, hain zuzen ere, adierazpen hori beste urrats bat da norabide horretan».
Oro har, analisiak agerian uzten du presioa alokairu-merkatuan metatzen dela nagusiki, Tolosan erroldatuta dauden eta Etxebiden izena eman duten pertsonen % 75ek alokairuko etxebizitza babestua eskatzen dute, eta % 25ek etxebizitza erostearen alde egiten dute.
Bestalde, Zonatensionadaeuskadi.eus webgunean eremu tentsionatuen irismenari eta egoerari buruzko informazio eguneratua kontsulta daiteke. Webgunean eremu horiekin lotzen diren arau-hausteak jakinarazteko salaketa-postontzi bat dago, alokairu-prezioen mugak ez betetzeetatik hasi eta lizentziarik gabeko etxebizitza turistikoen jardueraraino.