TAKeko zortzi batel ari dira lehian Gipuzkoako Ligan

Imanol Garcia Landa 2026ko urtarrilaren 29a

TAKeko 2026ko bateletako arraunlariak.

Aurtengoan arraunlari gutxiago dituzte klubean. Zortzi bateletatik zazpi neskenak dira, eta bi jardunaldi jokatu eta gero, kadete mailan zein jubeniletan goiko postuetan daude.

Tolosaldea Arraun Klubeko zortzi ontzi ari dira parte hartzen Gipuzkoako Batel Ligan. «Aurreko urtearekin alderatuta jende gutxiago dugu», esan du Manex Balerdi bateletako entrenatzaileak. «Batetik, ez da lehen bezala kolpetik hamar neska-mutil sartzen zirela. Bestetik, trainerura salto egitea kostatzen zaien horiek utzi egiten dute, eta jende falta nabaritzen dugu. Orokorrean arraunean jendea falta dela ikusten dugu».

Bi jardunaldi jokatu dituzte oraingoz, asteburuan jokatzekoa zen hirugarrena eguraldiarengatik bertan behera geratu zelako. «Ostiralean abisatu ziguten ez zela egingo. Eguraldi aldaketa asko izan zirela, eta haizearengatik ez zela jokatuko esan ziguten», azaldu du Balerdik. «Alertarengatik ez denean jokatzen, estropada hori galdutzat eman ohi da. Egun bat libre tokatzen bada egingo da, baina printzipioz galdutzat ematen da». Hurrengo jardunaldia igandean izango dute, Zumaian.

Lehen bi estropadetako emaitzak kontuan hartuta, infantil nesken taldea 13. postuan dago. «Helburua maila horretan ikastea da. Oso gazteak dira eta gehienak hasiberriak direnez asko dute ikasteko. Espero dugu denboraldian zehar hobetzen joango direla». Mutiletan batel bakarra dago, kadete mailakoa, eta bederatzigarren postuan dago. «Pixkana ikasten doaz, eta ea emaitzak hobetzen joaten diren».

Kadete nesketan lau ontzi ditu klubak: Tolosa A lehen postuan dago, Tolosa B hirugarrenean, Tolosa C zortzigarrenean eta Tolosa D hemezortzigarrenean. «Guztira berrogei arraunlari ditugu kategoria horretan, eta aukera gehiago ditugu batelak osatzeko. Badaude hiru urteko esperientzia dutenak arraunean, eta horrek aldea egiten du». Espero dute lehen bi batelak liga postu horietan bukatzea. «Orain arraunlariak modu nahastuan jartzen ari gara, eta gero txapelketetan batel bat bakarrik ateratzeko aukera dugu. Orain ahal dugun prestaketa onena egin nahi dugu, eta gero txapelketetan talde onena atera».

Trainerua jomugan

Jubenil mailan nesken bi batel daude: Tolosa A bigarren postuan dago eta Tolosa B zortzigarrenean. «Arraunlari guztiak lehen urtekoak izan arren, nahiko ondo ari dira. Horiek gehienbat traineruari begira prestatzen ditugu. Entrenamendu asko traineruan egiten dituzte».

Batelen ligak guztira 11 jardunaldi ditu, eta Tolosan bertan egin izan da horietako bat. Aurtengo denboraldian oraingoz ez dago egutegian jarrita. «Hor ari gara begira zer aukera dauden. Posible bada antolatuko dugu», zehaztu du Balerdik. «Berezia izaten da Tolosan egiten den estropada, arraunlariek beraien guraso eta lagunak oso gertu izaten dituztelako, eta horrek beste berotasun bat ematen die».

Liga bukatu eta gero, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak iritsiko dira. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan nahi dutenek ematen dute izena eta bi egunetan jokatzen da. Lehenengoan sailkapena izaten da eta bigarrengoan finala. Espainiakora joaten dira Euskadiko Txapelketan lehen bi postuetan geratu diren batelak. Iaz kadete mailako neskek Espainiako Txapelketa irabazi zuten, eta jubenil neskak bosgarren izan ziren. Balerdik aukera ikusten du aurtengoan ere kadete mailan Espainiako Txapelketara joateko, eta jubenil mailan ere posible dela uste du. «Jubenil mailakoek beste helburu batzuk dituzte, eta ikusiko da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!