Gimnastikaren gorenean

Imanol Garcia Landa 2026ko urtarrilaren 28a

Gimnastika erritmikoaren lehen mailan taldea du Tolosa CFk, eta senior taldea absolutuan. Prestigioa emateaz gain, egindako lanaren aitortza dela diote.

Tolosa CFko gimnastika erritmikoko arloak bigarren aldiz lortu du talde bat izatea lehen mailan, hau da, klub moduan egon daitekeen mailarik gorenean. Igoera lortzeko absolutu mailako junior taldeak Espainiako Txapelketan bigarren postua egin zuen. Absolutu mailan senior taldea du klubak, eta 14. postua lortu zuen Espainiako Txapelketan. «Talde bat lehen mailan izateak prestigioa ematen dio klubari», esan du Nerea Otaegi entrenatzaileak, baina horrek suposatzen duen gastuaren igoerari aurre egiteko laguntzarik ez dutela nabarmendu du: «Lehen mailan taldea izan ala ez, gure sarrera ekonomikoak berdinak dira: udalak edo aldundiak ez digu diru gehiago ematen. Bestalde, gastuak igo egiten dira, lehiatzeko urrutiago bidaiatu behar dugulako».

Klubeko talde nagusiek Usabal industriagunean alokatuta duten pabilioi batean entrenatzen dute. «Hamar metroko altuera duen azpiegitura behar dute entrenatzeko, eta Usabal kiroldegian ez dago aukera hori», azaldu du entrenatzaileak. «Pabilioiaren alokairua babesleei esker ordaintzen dugu». Gipuzkoan beste klub bat dago lehen mailan lehiatzen dena, Donostia, eta horiek ere ez dutela horregatik diru laguntzarik jasotzen zehaztu du. «Bizkaian klub bakarra dago lehen mailan, Sakoneta, eta udalaren eta bertako aldundiaren laguntza jasotzen du». Tolosa CFkoen bidaia gastuak gimnasten familiek ordaintzen dituzte, eta klubak ahal duen heinean egiten du ekarpena.

Lehen mailan egotea klubarentzat «garrantzitsua» dela esan du Otaegik, «ikusten delako gure lana ondo egiten ari garela, epaileek nabarmendu egiten dutela eta emaitzak lortzen direla». Maila hori lortzeko guztien lana garrantzitsua dela gaineratu du: «Familia bat bezala gara eta pieza guztiak ez badira bat etortzen, lana ez da ateratzen. Alde batetik, gimnastek gaitasuna izan behar dute kirol hau egiteko, orduak sartu nahi izatea, esfortzua jartzea... Entrenatzaileen lana ere hor dago: ikusi aurkariek zer egiten duten eta horren arabera guk ere muntaiak diseinatu. Entrenamenduez gain, etxean ordu asko sartzen ditugu».

Bi urtetan, bi igoera

Lehen mailara igotzea lortu duen taldeko gimnastek aurten 15 eta 16 urte beteko dituzte, eta zazpi urte dituztenetik daude elkarrekin. Arene Amondarain, Haizea Aldasoro, Ane Iraola, Uxue Morea eta Aroa Madina dira taldeko kideak, eta bi igoera lortu dituzte jarraian: orain bi denboraldi oinarrizko mailatik absolutu mailara igo ziren, eta joan den urteko Espainiako Txapelketan lortu zuten absolututik lehen mailara igotzea.

Iazko denboraldiaren hasiera pixka bat zaila egin zitzaiela esan du Aldasorok: «Beste taldeen mailan egotea kostatu zitzaigun, gure lehenengo urtea baitzen absolutu mailan. Gero pixkana hartzen joan ginen erritmoa eta gure maila hobetzen». Gustura daude Espainiako Txapelketan egindako saioekin. Bertan lortu zuten lehen mailara igotzea. «Aldaketa handia suposatzen du lehen mailan aritzeak, salto handia da», esan du Moreak, «eta baita harrotasuna ere». Elkarrekin hainbeste urte aritzeak beraien arteko konfiantza sendotu duela diote. «Eguneroko lanarekin eta entrenatzaileek egindakoarekin lortu dugu horrelako maila izatea lortzea», zehaztu du Amondarainek.

Astean lau egunetan hiru orduz entrenatzen dute, eta lehiaketen egutegiaren arabera asteburuan beste entrenamendu bat gehitzen diote. Horrez gain, balleteko saioak ere jasotzen dituzte. Gimnastika erritmikoa oso gustukoa dutela diote: «Hemen lagunak ditugu eta ondo pasatzen dugu. Kirola egitea gustatzen zaigu, eta gimnastika egitea eta ikustea ere bai. Denboraldian zehar ikusten dugu hobetzen goazela, eta azkenean gustura geratzen garela egiten dugun muntaiarekin».

Denboraldi honetako helburua maila mantentzea izango dela diote: «Errespetua ematen du lehen mailak». Otsail bukaeran epaileen kontrola izango dute, eta lehen lehiaketa martxoan izango dute. Ondoren, lehen Espainiako Kopa maiatzean izango da.

Sakrifizio handia

Senior taldeko kideak Olaia Etxeberria, Irune Suarez, Ibai Lekue, Nahia Esnaola eta Naroa Asenjo dira. Lehen urtea bete dute talde bezala, eta, beraz, lehen aldiz parte hartu zuten iaz absolutu kategoriako senior mailan. «Maila oso altua da, eta Espainiako Txapelketan 14. geratzea ondo dago», esan du Etxeberriak. «Badugu amorru pixka bat egindako akats batzuengatik. Hurrengoan arantzatxo hori kendu beharko dugu». Esnaolak gehitu du ez direla joaten postu jakin baten bila: «Guk nahi duguna da tapizera atera eta gero gu gustura geratzea. Ez zaigu hainbeste inporta zer postutan geratzen garen gure lana ondo erakutsi badugu».

Oso kirol teknikoa dela diote, ordu asko eskatzen dituena, eta bi minutu eta erdiko muntaia batean beraien lana erakutsi behar dute gaitasunak ehuneko ehunean jarrita. «Distrakzio txiki batek zure kontra egin dezake, eta azken segundoan zure lana izorratu», esan du Esnaolak. Entrenatzaileen lana nabarmendu dute: «Gu ateratzen gara tapizaren gainera, baina horren atzean Nerea Otaegi eta Sara Alonso entrenatzaileen eta Arantxa Ariztondo klubaren arduradunaren lan handia eta garrantzitsua dago».

Gimnastek 27 eta 17 urte bitarte dituzte, eta batzuk lanean eta besteak ikasten dabiltza. «Kirol honentzako adin tarte zabala da», esan du Etxeberriak. «Ez da normalena adin batetik aurrera jarraitzea. Batxilergoa iristen denean edo unibertsitatean hastean, normalean utzi egiten da».

Sakrifizio handia eskatzen duen kirola dela diote, ordu asko eskaintzen baitizkiote: astean hiru egunetan hiru ordu inguruko saioak egiten dituzte, eta asteburuetan beharren arabera; horrez gain, balleteko saioak izaten dituzte. Gainera, lanarekin eta ikasketekin uztartu behar dute. «Denbora eskatzen dizu, baina denbora horretan gustura bazaude, ez zaizu kostatzen», esan du Lekuek. Bestalde, beraien artean duten giroa eta babesa nabarmendu dute, eta horrek gimnastika erritmikoak eskatzen duen sakrifizioa leuntzen laguntzen diela.

Denboraldi honetarako Espainiako Federazioak taldeen antolaketa aldatu du, eta bi txapelketa bereiziko ditu: batean lehiatuko dira emakumezkoez bakarrik osatutako taldeak, eta bestean gizonezkoren bat dutenak, hau da, mistoak. Azken horretan ariko da Tolosa CFko senior taldea. Hori horrela, sailkapenari dagokion helbururik ez dute jarriko denboraldirako: «Gure onena ematea da asmoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!